Urtean zehar ingurumenarekin lotutako ekintza ugari egiten dituzte Alkizan. Kultur ekitaldiak ere tartekatzen dituzte eta Edurne Ayuso teknikariak azaldu duenez, ez dituzte aste bakar batera mugatu nahi izaten, urteko sasoi ezberdinetan antolatzen dituzte herritarrei bideratutako ekimenak. Asmo horrekin eta kirola ardatz hartuta Alkiza mugimenduan izeneko egitaraua antolatuko dute egunotarako.
«Akzioko pertsonak dira alkizarrak eta haiei zer gustatzen zaien ikusita, kirolaren inguruko ekitaldi batzuk antolatzea otu zitzaigun. Herrian nahiko kirolari badaude, eta bereziki nabarmentzen dira korrikalariak. Haiekin harremanetan jarri eta oso gustura hartu dute egitaraua antolatzeko proposamena», esan du Alkizako kultur teknikariak. Elkarrekin prestatu dituzte datozen egunotarako ekitaldiak.
Horietako bat, ostiralean 19:00etan inauguratuko den erakusketa da: Gure korrikalariak: oinetatik ametsak. Urriaren 17ra arte izango da ikusgai, astelehenetik ostegunera 11:00etatik 13:00etara, eta, ostiraletan 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara. Dagoeneko Alkizako eskolako umeekin hitzartu dituzte bisita gidatuak. Erakusketan argazkiak eta materialak izango dira ikusgai: «Korrikalariei eskatu genien euren argazkiak ekartzeko. Kuttunenak inprimatu egin ditugu eta ikusgai jarri eta gainerakoak proiekzio batean izango dira ikusgai. Gainera, haientzat esanguratsuak diren objektuak ere ekarri dituzte, hala nola dortsalak, jasotako sariak, zapatilak, kamisetak eta makilak. Erakusketa polita osatu dute denen artean.
Datorren hilaren 10ean, elkarrekin erakusketan bisitatuz solasaldi bat egingo dute. Uxue Etxebestek, Xabier Gabirondok, Itziar Ibarbiak, Xabier Mujikak, Manu Urruzolak eta Eñaut eta Eneko Sorarrainek hartuko dute parte. Erakusketara eramandako argazki eta materialen inguruan arituko dira hizketan gerturatzen diren herritarrekin. Udaletxeko ganbaran egin dute hitzordua, 19:00etan. «Enekok egun askotako karrerak egin izan ditu, adibidez, eta bere esperientziaz arituko zaigu mahai inguruan», azaldu du Ayusok.
Herriko kirolariek horrela proposatuta, larunbatean, urriaren 4an, korrika saio bat ere egingo dute mendian. Hilerri ondoko aparkalekutik 10:00etan atera eta itzulia emango diote Mendiolari. Bi ibilbide egongo dira aukeran eta nahi duen guztiak parte hartu ahal izango du. Amaieran parte hartzaileei mokadutxoa eskainiko zaie.
Kirol gela berria
Alkizak kirol gela berria du. Orain arte Juaneneako gela batean kokatuta zegoena, orain haur eskola aldameneko lokalera aldatu dute. «Espazio zabalagoa da eta makina gehiago daude kirola egiteko», esan du teknikariak. Erabili nahi dutenek informazio guztia udaletxean izango dute.
«Dagoeneko erabilgarri dago kirol gela eta tarte baten ondoren, erabiltzaileei galdetegi bat pasako diegu, makina horiek nola erabili jakiteko monitore baten laguntza behar ote duten edo ez jakiteko». Alkizako Udalak herritarrei dei egin die kirol gela berria erabil dezaten.