ERREPORTAJEA

Landa eremuan babesten dira disidentziak

Jon Miranda Labaien 2025eko urriaren 4a

Elena Cajaraville eta Gerezi Jauregi. J.M.

Hitzaldiak, tailerrak, formazio saioak, erakusketak, kontzertuak... Ur mara museoan askotariko saioak antolatu dituzte urriaren 15etik 19ra, Sorkuntza disidentea landa eremuan topaketetan.

Urriaren 15etik 19ra sorkuntza artistikoaz, disidentziaz eta ekofeminismoaz arituko dira Alkizako Ur maran. Askotariko hitzaldiak, tailerrak, formazio saioak eta emanaldiak izango dira. Urriaren 10era arte, Urmara.com webgunean jarri duten formularioa beteta egin beharko da izen ematea. Ekimena doakoa izango da, guztiz.

LGTBIQ+ kolektiboko sortzaileei begirako topaketa antolatzea zen museoko arduradunen hasierako asmoa. Gerezi Jauregik azaldu duenez, ordea, disidentziak modu zabalagoan hartu eta landa eremuan sorkuntzari erreparatzea interesgarria izan zitekeela pentsatu zuten. «Pandemiatik hona ikusi dugu nola jotzen duen geroz eta jende gehiagok landa eremura beste bizimodu bat eraikitzeko gogoz. Errealitate horren aurrean gure diskurtsoak politizatzeko beharra sentitzen genuen. Hausnartu nahi dugu zein espazio dauzkagun, non eta nola bizi garen bertan. Gaur egungo kapitalismo basati honetan nola biziraungo dugun, adibidez, turismo masiboaren aurrean? Gure praktikak aurrera eramateko eremu horiei buruz hitz egin nahi dugu». Antolatzaileak sinistuta daude Ur mara bezalako espazioak identitate disidenteentzat seguruak izan daitezkeela. Jauregi: «Hor kanpoan dagoen mundua oso estua da; oso parametro karratuak dauzka eta denak ez gara muga horien barnean kabitzen. Ur mara bezalako tokiek balio digute horrekin hausteko. Denentzako dago tokia hemen».

Museoko arduradun Elena Cajaravillek uste du sorkuntza oso ezberdina dela hirigunean edo landa eremuan, eta asko aldatzen direla bateko eta besteko kezkak eta beharrak. «Mundua ulertzeko erreminta da artea, eta mundu honetan gauzak abiada bizian doaz; garai berrietara egokitu eta mugak zabaldu behar ditugu. Ate horietako asko zabaldu dizkigu feminismoak, ez bakarrik arterako, baita bizitzarako ere». Erantzun berriak bilatzeko ideia horretan sakondu du Jauregik: «Hirian espazio zehatzak daude, agian ez oro irisgarriak, baina artista behin horietara iristen denean ezaguna bihurtzen da, eta bere ibilbideari hasiera ematen dio. Baina horrelako espazioak eraiki nahi ditugu landa eremuan? Nola funtzionatzen dugu arte zirkuitu ez hegemonikoetan? Egiteko beste era batzuk posible ote diren edo horiek nahi ote ditugun galdetuko diogu elkarri jardunaldietan».

Elena Cajaraville: «Artea mundua ulertzeko erreminta da, eta mundu honetan gauzak abiada bizian aldatzen ari dira; garai berrietara egokitu eta mugak zabaldu behar ditugu. Feminismoak zabaldu dizkigu ate horietako asko»

 

Topaketaren antolatzaileek uste dute landa eremuaren irudi homogeneo eta estereotipatua izaten dugula sarri. «Baserritarra, familia hegemoniko eta tradizionalekoa... baina gaur egun badaude artista asko estandar horietan kabitzen ez direnak. Haiei ere bultzada eta ikusgaitasuna eman nahi genien. Existitzen gara horrelako sortzaileak. Hasiera batean kuir bezala planteatu genituen topaketak baina, agian, hitz hori oso belaunaldi bati lotutakoa izan daitekeenez, disidentzia erabili dugu. Zabalagoa da, eta hor barruan, beste pertsona asko sar daitezke: pertsona migratuak, arrazializatuak, desgaitasun bat dutenak...». Publiko zabala espero badute ere, Cajaravilleren ustez, kolektibo horietako jendearentzat bereziki interesgarria izango da Ur maran antolatutako ekimena.

Gerezi Jauregi: «Baserritarra, familia hegemoniko eta tradizionalekoak... gaur egun badaude artista asko estandar horietan kabitzen ez direnak eta landa eremuan ari direnak. Haiei ere bultzada bat eta ikusgaitasuna eman nahi genien»

 

Ama-alabak abuztu hasieratik dabiltza elkarrekin topaketa prestatzen, eta Eusko Jaurlaritzaren babesa jaso dute; Alkizako Udalak ere laguntza eman du ekimena aurrera ateratzeko. «Ideia aspalditik geneukan buruan, baina oso konplexua zen, eta tiraderan gordeta geneukan. Orain, gauzatzeko aukera eman digutenean ilusio handia egin digu», aitortu du Cajaravillek. Egitarauan azaltzen diren izen handiak gonbidatzeko gogor egin behar izan dute lan azkeneko asteetan. Parte hartzaileen artean dibertsitatea egon zedin ahalegina egin dutela dio Jauregik: «Landa eremuan dabiltzan eragile ezberdinak daude ordezkatuta, diskurtso osoago bat sortu eta galdera gehiago erantzun ahal izateko».

Bernarda izeneko artista donostiarra aritu da Ur marakoen alboan guztia antolatzen, eta harena izan da jardunaldien irudia sortzeko ardura. Pago motza agertzen da alde batean eta arkanbelea bestean. «Zomorro horren espezie bat galtzeko zorian dago hemen inguruan, eta joko bat egin nahi izan dugu pertsonaia bihurtuta; munduaren norabidea kontrara datorkigun honetan, guk ere irauten dugu arkanbeleak bezala», esan du Cajaravillek.

Askotariko hizlariak

Ur marako esperientzia apartekoa da, baina ez bakarra. Badaude bestelakoak ere eta, esate baterako, La Ortiga Colectiva (Santander, Kantabria, Espainia) eta Murturbeltz (Karrantza, Bizkaia, Euskal Herria) elkarteen ibilbidea aztertuko dute urriaren 18an mahai inguru batean, Espazio kulturalen esperientziak landa eremuan izenburupean. «Proiektu horiek erakusten dute izan gaitezkeela kultur eragile, beste begirada eta planteamendu batzuetatik», defendatu du Jauregik. Gaztelaniaz eskainiko dute saioa, baina aldi bereko itzulpen zerbitzua egongo dela aipatu dute antolatzaileek.

Euskaraz egingo duten beste mahai inguru batean, berriz, euskal narratiban idazkera kuirra aztertuko dute Ainhoa Urien eta Eva Perez-Pons idazleek. Hitzaldi hori, larunbat goizean egingo dute eta, biharamun goizean, Amaia Agirre bertsolariak, Altxa Lili kolektiboko kideek eta Mejillon Tigre taldeko Eider Perezek gogoeta egingo dute agertokietako gorputz kuirraz. «Saiatuko gara irudikatzen nolakoa den gorputz kuir bat agertokiaren erdigunean jartzea Euskal Herrian eta, bereziki, landa eremuan. Nola harremantzen diren publikoarekin, zein zailtasun eta zein biolentzia jaso dituzten, edo kontrara, zein ezuste positibo... hori guztia kontatuko digute», esan du Jauregik.

Urriaren 15ean topaketaren aurkezpena Fagus Alkiza interpretazio zentroan egingo dute 18:30ean eta, segidan, Susana Cencilloren emanaldia izango da. Ostegunean, berriz, toki berean Ainhoa Gutierrez del Pozo eta Olatz Gonzalez Abrisketaren Pizti bat agian filma proiektatuko dute 19:30ean. Ur marako ekitaldiak ostiralean hasiko dira, propio topaketa hauetarako prestatu duten erakusketaren inaugurazioarekin. Uxue Lasaren lanak, zentral hidroelektrikoen inguruan Ainhoa Gutierrezek, Eli Pagolak eta Manex Pagolak egindako proiektu bat eta, etxekoen bertakoen, Gerezi Jauregiren eta Elena Cajaravilleren proposamenak egongo dira ikusgai erakusketan.

Cajaravillek oihal pieza batzuk erakutsiko ditu: «Etxearen azala deitu diot eta Vinicius de Morãesen poesia batean oinarrituta egindako haur kantu bat hartu dut abiapuntu. Positiboa da berez abestia, askatasuna irudikatzen du baina, bestalde, etxearen azal hori, gure babesgune dena, gaur egun Gazan nola suntsitzen ari den ikusita dikotomia hori bizi dut. Ezin ditut bi gauzak banandu eta tentsio horretan sortutako piezak dira erakusketara eramango ditudanak». Jauregik, berriz, azkenaldian aztergai duen gaia ardatz hartuta prestatu dituen lanak jarriko ditu erakusketan: «Urte parea daramat proiektu batean lanean, eta bertan identitate ezberdinak gorpuzten ari naiz. Identitate hauekin batera datozen eta sexualitatearekin harremana duten bestelako praktikak aztertzen ditut. Pintura bat eta eskultura bat aurkeztuko ditut erakusketarako. Nire asmoa da imajinario kolektiboan dauzkagun irudi horiek gurutzatu eta beste batzuk sortzea. Zein beste praktika posible diren imajinatzeko potentzialitatea dute lanok». Behin erakusketa inauguratuta, Peru Galbetek kontzertua eskainiko du Ur maran.

Ez da emanaldi bakarra izango. Larunbatean Maialen Lujanbiok RR emanaldia eskainiko du, eta segidan, Eli eta Manex Pagolaren eskutik bertso musikatuak joango dira. Igandean amaituko dira topaketak, eta goizeko mahi inguruaren ondoren, eguerdian, Ainara Martinek gidatuta formazio saioa egingo dute. Posible al da sorkuntza landa eremuan? galderari erantzungo diote. «Teknikari posiziotik egoera nola ikusten duen aztertuko du eta balioko du formazio saio honek topaketa guztian aztertu duguna borobiltzeko, hausnarketa komun bat egiteko baliatuko dugu. Lurrean jarri eta benetako egoera zein den aztertuko dugu Ainararekin», aipatu du Jauregik.

Topaketak arrastoa uztea espero dute antolatzaileek, sortzaile disidenteek elkarrekin harremana mantentzeko sarea sortzeko lehenengo urratsak ematea. Bai larunbatean eta bai igandean Ur maran egingo dituzten bazkarietan egin du azpimarra Cajaravillek: «Elkar ezagutzeko, harremanak egiteko, konfiantza sortzeko balioko du eta dauzkagun kezkak elkarbanatzeko. 40 lagunentzako tokia egongo da bazkarietan, hortaz, lehenbailehen izena ematea komeni da». Otorduetarako ez ezik, lotarako lekua ere izango dela jakinarazi dute antolatzaileek. Aterpetxea erabiltzeko baimena eman die udalak eta han lo egiteko aukera izango dute nahi dutenek, bestela, furgonetan gerturatzen direnek, horretarako egokitutako aparkalekuan utziko dituzte ibilgailuak; izena emateko formularioan zehaztu beharko da hori ere. Topaketetara autoz etorriko direnentzat, berriz, Ur mara inguruetan atondu dituzte aparkalekuak; kotxea partekatzeko deia egiten dute, hala ere, Cajaravillek eta Jauregik.

Performance batekin amaituko dute topaketa. Adur Ballarinek eta Atelier Forbidden Fruits-ek Nire gorputza mailua balitz saioa eskainiko dute igande arratsaldean, 16:30etik aurrera.

Topaketen lehen edizio bezala aurkeztu dute urriaren 15etik 19ra bitartekoa. Gehiago izango dira? Cajaravillek eta Jauregik ez dute atea ixten. Gorputz eta identitate disidenteentzat arnasgune bat izateaz gainera, jardunaldi hauekin motibazioa sortu nahi dute eta sortzaileen artean aktibazioa bultzatu. Zalantza, esperientzia eta nahietatik aritzeko aukera izango dute guztiek Alkizan.

Egitaraua

 
Urriak 15, asteazkena
  • 18:30. Fagus Alkiza interpretazio zentroan Sorkuntza disidentea landa eremuan topaketen aurkezpena.
  • 19:30. Susana Cencilloren kontzertua.
Urriak 16, osteguna
  • 19:30. Ainhoa Gutierrez del Pozo eta Olatz Gonzalez Abrisketaren Pizti bat agian filmaren proiekzioa.
Urriak 17, ostirala
  • 16:30. Ongi etorria eta erakusketaren inaugurazio ekitaldia. Artistak: Uxue Lasa, Eli Pagola, Ainhoa Gutierrez, Manex Pagola, Gerezi Jauregi eta Elena Cajaraville. Erakusketa asteburu osoan egongo da ikusgai.
  • 18:30. Kontzertua: Peru Galbete.
Urriak 18, larunbata
  • 11:00. Idazkera kuirra euskal narratiban mahai ingurua euskaraz, Ainhoa Urien eta Eva Perez-Pons idazleekin.
  • 12:15. Fanzine sorkuntza tailerra Maider Aldayren eskutik eta Uribarri Atxotegik, berriz, Dantza eta mugimendua izeneko saioa eskainiko du.
  • 14:30. Bazkaria
  • 16:30. Mahai ingurua gaztelaniaz: Espazio kulturalen esperientziak landa eremuan. La Ortiga Colectivako kide den Maria Montesinosen eta Muturbeltz kolektiboko Laurita Silesen eta Joseba Edesaren eskutik.
  • 18:00. Maialen Lujanbioren eskutik RR emanaldia.
  • 22:30. Bertso musikatuak Eli eta Manex Pagolaren eskutik.
Urriak 19, igandea
  • 11:00. Mahai ingurua euskaraz: Gorpuz kuirra eszenan. Amaia Agirrek, Altxa Lili kolektiboko kideek eta Mejillon Tigrekoek parte hartuko dute.
  • 12:00. Posible al da sorkuntza landa eremuan? formazio saioa eskainiko du Ainara Martinek.
  • 14:30. Bazkaria.
  • 16:30. Itxiera eta performancea. Adur Ballarin eta Atelier Forbidden Fruits-en eskutik: Nire gorputza mailua balitz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!