Fagus Alkiza interpretazio zentroak, UEUren laguntzarekin, dibulgazio jardunaldiak egingo ditu datorren urriaren 25ean eta 26an. Jardunaldi hauen helburua da herritarren kontzientziazio sustatzea eta adieraztea biodibertsitatearen zaintza gure esku dagoela, erronka kolektibo eta partekatu gisa ulertuta.
Alkizako Udalak urteak daramatza ingurumenaren alde lanean, eta jardunaldi hauek ildo horretan beste urrats bat izango dira. Horrela, 2030 Agendan jasotako helburuei erantzuteko konpromisoa berresten du, eta herritik bertatik ekarpena egiten jarraitu nahi du, dibulgazioa eta herritarren inplikazioa oinarri hartuta.
Jardunaldiak natura eta ingurumenaren zaintzan interesa duten herritar guztiei zuzenduta daude, baita naturarekin lotutako ikasketak egiten ari diren ikasleei ere. Izen emateak irailaren 22tik urriaren 12ra bitartean egin ahal izango dira. Aurki emango dute antolatzaileek apuntatzeko moduen berri.
Programazioa
-
Urriak 25, larunbata
- 09:00 - 09:15. Antolatzaileen ongietorria.
- 09:15 - 09:50. Korridore ekologikoak klima aldaketaren garaian hitzaldian Hernio-Gazume, Pagoeta eta Izarraizko Kontserbazio Bereziko Eremuak izango dituzte hizpide. Aitziber Sarobe Naturkomeko kideak eta HUHEZIko irakasleak emango ditu azalpenak.
- 09:50 - 10:25. Egur hila eta bizia: intsektu saproxilikoak eta egurraren deskonposizioaren garrantzia biodibertsitatean hitzaldia. Aranzadiko Iñaki Mezquitak eta CPEko hezitzaile eta teknikari den Jon Frahierrek emango dute.
- 10:25 - 11:00. Kiropteroen kudeaketa eta haien eginkizuna ekosisteman hitzaldia, Naiara Corcueraren eta Ion Fontelaren eskutik.
- 11:00 - 11:30. Atsedenaldia.
- 11:30 - 12:05. Uraren taupadak - garen (h)ura hitzaldia. Inma Mugerza Perelló, hidrogeologo eta dibulgatzaileak emango du.
- 12:05 -12:55. Fagus Alkiza interpretazio zentrora bisita gidatua.
- 12:55 - 13:00. Amaiera
-
Urriak 26, igandea
- Bisita gidatua Alkizan, Zuhaitz lepatuak gure arbasoen lekuko biziak lelopean. Valentin Mugarza basozainak gidatuko du ibilbidea.