Saguzar gaua egingo dute irailaren 12an

Ataria 2025eko irailaren 2a

Naturtzaindiakoen azalpenak entzun eta gero, gaueko ibilalditxoa egingo dute saguzarren mundua ezagutzeko Alkizan. Irailaren 11 da izena emateko azkeneko eguna.

Saguzar gaua antolatu du Fagus Alkia interpretazio zentroak, irailaren 12an, 20:15ean hasita. Familian edo lagunartean gozatzeko ekintza izango da eta izena emateko ondoko formularioa bete beharko dute interesatuek. Alkizarrek eta 12 urtetik beherakoek doan izango dute parte hartzea eta gainerakoek 5 euro ordaindu beharko dituzte, eskudirutan, ibilaldiaren egunean bertan. Irailaren 11 da izena emateko azkeneko eguna. 

Bisita euskaraz egingo dute eta jarduera bi zatitan banatuko dute: alde batetik, Naurtzaindiako adituek azalpenak emango dituzte, saguzarren sekretuak, ohiturak eta bitxikeriak ezagutarazteko; eta bestetik, saguzarrak zuzenean behatzeko irteera egingo dute. Gaueko ibilalditxoan tresna bereziekin saguzarren hegaldiak eta soinuak deskubrituko dituzte eta bertan dauden espezieak identifikatzen saiatuko dira.

Irailaren 12an, ostiralarekin, 20:15ean Alkizako hilerri ondoko aparkalekuan egingo dute hitzordua eta antolatzaileek aurreikusi dutenez, bi ordu inguruko ekintza izango da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!