Alkizako jaiak 2025

25 urte 'Oilategitik' begira

Ataria 2025eko abuztuaren 30a

Aldizkariaren ordezkariek botako dute aurten festetako txupinazoa, irailaren 4ean. Azaroaren 7tik aurrera ekitaldi gehiago egingo dituzte urteurrena ospatzeko.

Mende laurdeneko ibilbidea egin du Alkizako Oilategitik herri aldizkariak. Urteurren borobila ospatzeko hainbat ekitaldi antolatu dituzte urte amaiera bitarte. Lehenengo hitzordua herriko festetan izango dute; aldizkariaren ordezkariek botako dute aurtengo txupinazoa. Suziria piztu aurretik, aurtengo aleari buruzko xehetasunak azalduko dizkiete herritarrei, udaletxeko atarian.

2001ean sortu zen Oilategitik Alkizan gertatzen zenaren berri emateko asmoaz. «Herri txiki bateko aldizkari xumea zen hasieran, baina asmo handikoa. Ordutik 25 urte pasa dira, eta aldizkaria bihurtu da urteroko zita, dokumentazio-iturri, herrigintzarako tresna eta herritarren adierazpenerako bide», esan du Alkizako Udalak.

Azaroan ekitaldi gehiago

Iragarri dutenez, aldizkariaren urteurrena ospatzeko ekitaldi gehiago egingo dira udazkenean. Azaroaren 7tik 21era, udaletxeko ganbaran Oilategitik: 25 urte, 25 azal erakusketa jarriko dute, Xabier Artola Zubillagak prestatua. Urteotako ibilbidea portaden bidez irakurtzeko aukera eskainiko du erakusketak, «irudi bakoitzak garaiko giroa, kezka eta pozak jasotzen ditu, eta herritarren parte hartzearen isla dira guztiak».

Bestalde, azaroaren 7an, ostiralarekin, 25 urte bertsoz-bertso ekitaldia egingo dute udaletxeko ganbaran 19:00etan hasita. Aldizkarian jasotako bizipenak, istorioak eta pasarte gogoangarriak taularatuko dituzte Manu Urruzolaren bertsoen eta Martin Lizardiren gitarra doinuen laguntzaz. Musika eta bertso bidezko «errepaso hunkigarria» izango dela aurreratu dute, «herritik herriarentzat sortutako emanaldi berezia».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!