Camile Duhartek eta Luzia Pedregalek irabazi dute Sormenaren Kabia beka

Ataria 2025ko uzt. 4a, 07:57

Aurtengo udazkenean hiru asteko egonaldia egingo dute Alkizan eta aurkeztutako proiektuari dedikazio osoz heltzeko aukera izango dute.

Sormenaren Kabia bekaren zortzigarren edizioak baditu irabazleak: Camile Duhart Dode eta Luzia Pedregal Llerandi. Duhart artista bisuala da eta artista plastikoa da Pedregal. Alkizan bekarako aurkeztu duten proiektua garatzeko hiru asteko egonaldia egingo dute.

Ur mara museoko Elena Cajaravillek, Txiki Agirre Keixeta margolariak eta Zaloa Ipina artista plastikoak osatu dute epaimahaia eta arte-sorkuntza landa eremura eramateko egindako bi proposamenak saritu dituzte. Gainera, proiektuaren kalitatea eta sormena, berrikuntza, ibilbidea, motibazioa, metodologia eta kronograma, jasangarritasuna, eta Alkizari egiten zaion ekarpena ere hartu dituzte kontuan.

Saritutako artistetako bakoitzak 1.250 euroko diru laguntza jasoko du eta hiru astez Lete apartamenduetan egin ahal izango dute egonaldia. Horrekin batera, Ur mara museoko Elena Cajaraville artista bitxigilearen aholkularitza jasoko dute eta Unai Sorrarain bideogile alkizarrak ikus-entzunezko pieza bana sortuko du hautatuko lan bakoitzaren inguruan.

Aurtengo edizioan, 18 eta 35 urte arteko gazte eta talentu berriak saritu nahi izan dituzte Sormenaren Kabia bekan. Alkizako Udalak eskerrak eman dizkie proposamena aurkeztu duten sortzaile guztiei.

  • Camile Duhart Dode
    • Artista bisuala da eta artearen, teknologiaren eta interaktibitatearen arteko harremana ikertzen dabil. Arte sortzailean, animazioan eta web esperientzia interaktiboetan oinarritu du bere lana orain arte, adierazpide digital berriak aztertuz. Bartzelonan Arte Ederrak ikasi zituen eta Arte Bisualetan eta Multimedian espezializatu zen Valentziako Unibertsitate Politeknikoan. Bere ikuspegi sortzailea mapping-era, ikusmen generatibora eta robotika bigunera zuzentzen da. Masterreko tesian, adibidez, silikonazko izaki robotiko bat garatu zuen, arnasa hartzeko gai zena, sentsore infragorri batekin eta ESP32 kamera batekin.
  • Luzia Pedregal Llerandi
    • Arte Ederrak ikasi zituen EHUn eta pinturan espezializatu zen. Kolorearen eta erretratu menderatuaren erabileraz harago, oroitzapenetik eta irudimenetik marrazten hasi zen. Bere sormen prozesuan argazkigintza erabili izan du, bai prozesuan baita bere lanen akaberan ere. Argazkia, pintura eta marrazkia gurutzatuta, bere ezaugarrietako bat testurak eta lerroa lehen trazuan nabarmentzea izan da. Performancearen eta marrazkiaren artean hibridatu du azkenaldian, eszena eta giro teatralak sortu ditu argazkiak oinarri hartuta eta, gaur egun, bere behaketa eremuak interpretazio munduarekin du zerikusia. Begiradan nahasmena eragitea du helburu, errealitatearen interpretaziotik harago doan marrazkia lortzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!