Naturaren Doinuak egingo dute laugarrengoz

Jon Miranda Labaien 2025eko ekainaren 4a

Aurten autobus zerbitzua jarriko dute Alkizara igotzeko ostiral, larunbat eta igandean. Ekimenaren barruan Gautena elkartearekin egin dute lanketa urte hasieratik. 

Urte osoko lanketari ginga jarriko diote asteburu honetan Alkizan. Naturaren Doinuak ekimenaren barruko jaialdia egingo dute ostiraletik igandera arte. Aurten Gautena elkartearekin aritu dira lankidetzan eta egitasmoaren bultzatzaile nagusi den Shrabani Aranzabek azpimarratu du «oso berezia» izan dela urte hasieratik elkarrekin egin duten bidea.

Gautena autismoa duten pertsonen eta haien senitartekoek osatutako elkartea da. Herrikide ikastetxearekin elkarlanean urtarriletik tailerren eta mediazioen bidez, sentsibilizazio eta normalizazio lana egin dute Naturaren Doinuak egitasmotik. «Urtero egiten digu ilusioa gizarte ekimeneko elkarteekin aritzeak, baina aurtengoa oso berezia izan da. Guk egindako proposamenari ederki erantzun diote Gautenakoek eta oso zorionekoak sentitzen gara», esan du Aranzabek.

«Urtero egiten digu ilusioa gizarte ekimeneko elkarteekin aritzeak, baina aurtengoa oso berezia izan da. Guk egindako proposamenari ederki erantzun diote Gautenakoek eta oso zorionekoak sentitzen gara»

Shrabani Aranzabe – Naturaren Doinuak

Pandemia garaian abiatu zen ekimena laugarren ediziora iritsi da aurten. Natura, kultura eta gizartea lotzeko borondatearekin programazio xume bat antolatzea zen helburua hasiera batean, baina urtez urte hazten joan da. Aranzaberen hitzetan diziplina artistikoen inguruko lanketek hainbat balio sustatzen laguntzen dute, hala nola normalizazioa, sentsibilizazioa eta inklusioa.

Naturaren zaintza eta kontserbazioa da balio horietako bat, proiektuaren ardatzean dagoena. «Alkiza oso sentsibilizatuta dago gai honekin eta, zer esanik ez, natura eta arte sorkuntza uztartuz herrian egiten den eskaintza apartekoa da». Bi gaiak uztartuko dituzte, hain zuzen, larunbatean herri inguruan Ane Garalek gidatuta egingo duten ibilaldian, 10:30ean hasita.

Proiektuaren bultzatzaileek jaialdia antolatzerakoan Alkizako herriak eskaini duen laguntza eskertu eta gogoratu dute asteburuko jaialdian 65 urtetik gorakoak bereziki hartuko dituztela gogoan; belaunaldiartekotasunari eskainiko diote larunbateko eguna. «Kolektibo horrek gizarteari ikaragarrizko ekarpena egin dio eta orain gizarteak ez die behar bezala erantzuten. Adin horretako pertsonek, bere baitan, badute ondare garrantzitsu bat, aintzat hartzekoa». Larunbatean, besteak beste, belaunaldi arteko bazkaria egingo dute eta bazkalostean mahaiaren bueltan bildutakoak kantuan ibiliko dira, gonbidatutako musikarien laguntzaz.

Egun osoko egitaraua

Igandekoa izango da Naturaren Doinuak eguna eta antolatzaileek Alkizara gerturatzen direnentzat egitarau osatua prestatu dute. 10:00etan hasita nekazari eta artisauen azoka egingo dute plazan. Aurten lehenengo aldiz parte hartuko dute bertako nekazariek –Bejondeizula barazki eta kontserbek, Etxanoko Errotik esnekiek eta Arane eztia eta propoleo ekoizleek–. Gainera, larunbat arratsaldean eta igande goizean, tokiko gastronomia postuak jarriko dituzte plaza inguruan –EkoTalo&Maiziam, Goya Burger, Iparra Beer–. 

Iazko jaialdian TAG abesbatzaren emanaldia frontoian. LEYRE CARRASCO

Arratsaldeko 17:30ean egingo dute emanaldi nagusia, Shrabani Aranzabek berak zuzenduko duena. Naturaren Doinuak banda eta Tolosako Ahots Gazteak abesbatzarekin batera, Klaap dantza eskolak, Gautena elkarteak eta Herrikide ikastetxeak hartuko dute parte. Maxux Aranzabe eta Xabier Artola herritarrek ere egingo dute beren ekarpena eta bertsotan ariko dira Alaia eta Jon Martin anaia-arrebak. Izen handiko musikariek ere izango dute parte hartzea emanaldian, hala nola Janus Lesterrek eta Miren Fernandezek. «Emanaldi handia izango da, jaialdi izaerakoa eta mimo handiarekin prestatu dugu», esan du Aranzabek.

«Emanaldi handia izango da, jaialdi izaerakoa eta mimo handiarekin prestatu dugu»

Shrabani Aranzabe - Naturaren Doinuak

Eguraldia lagun izatea espero dute arduradunek eta ekitaldi guztiak plaza inguruan egingo dituzte. Aurreko urteetan bisitari ugari izan zituzten eta haiei harrera egiterakoan alkizarrek erakutsitako prestasuna eskertu dute antolatzaileek. Eragozpenak ekiditearren eta publikoaren erosotasuna gogoan hartuta, aurten autobus zerbitzua jarriko dute Alkizara igotzeko. 

Ostiralean, larunbatean eta igandean ibiliko da doako autobusa gora eta behera. Tolosako Usabalgo aparkalekutik abiatuko da –geldialdiak egingo ditu Santa Klaran, Belateko autobus geltokian eta Anoetako poligonoan, Flexi Car parean–, Alkizara igoko da eta, handik, Villabonara jaitsi –Txermingo aparkalekuan eta Asteasuko Bost enpresaren parean egingo ditu geldialdiak– eta berriro igoko da Alkizara. «Modu horretara, Usabalen, Txerminen edota Anoeta eta Asteasuko industriaguneetan utzi ditzakete kotxeak eta gero autobusez igo herrira». 

Autobusak itzuli bakarra egingo du ostiralean, 16:30ean Usabaletik abiatuko da eta Alkizatik 20:15 inguruan jaitsiko, Asteasu, Villabona, Anoeta eta Tolosa arteko ibilbidea eginez. Larunbatean lau autobus aterako dira –09:30, 13:00, 16:00, 18:15– eta igandean bost –09:30, 11:30, 13:30, 15:30, 16:30–. Jarduera bakoitza amaitzerakoan autobusa prest egongo da jaisteko eta bai larunbatean, eta baita igandean ere, jaisten azkena 21:15ean aterako da Alkizatik. 

Lan taldea prest

Azpiegitura guztia prestatzeak lan handia dakarrela dio Aranzabek eta eskertuta dago antolatzaile taldean dabilen jendearekin. «Ni naiz ageriko arpegia baina jende asko dabil nirekin batera, profesionalak eta borondatez aritzen direnak. Bihotzez eskertzen diet». Laugarren edizioa da aurtengoa eta aitortu dute geroz eta proiektu handiagoa bihurtzen ari dela Naturaren Doinuak eta horrekin batera ugaritzen ari direla erronkak. 

«Neketsua eta zaila da askotan atzeko lana. Diru laguntzak behar izaten dira eta estutasunak ere pasatzen ditugu, baina merezi du. Ekimena aurrera ateratzen dugu azkenean eta guretzako oso pozgarria da». 

Igandean amaituko da aurtengo edizioa, eta ebaluazioa egiteko eta kontuak ixteko hilabete hartu eta gero, Aranzabek esan du eten handirik ez dutela egingo eta uztailean hasiko direla, berriro, datorren urteko Naturaren Doinuak prestatzen. 

Naturaren Doinuak

  • EKAINAK 6, OSTIRALA
      • Naturaren Doinuak Desio
    • 17:00. Zuhaitz landaketa.
    • 17:15. Porrotx eta Zapotxinekin kantari.
    • 18:30. Festa hasiera Olgetan erromeri taldearekin.
    • 20:00. Suzko Irudiak emanaldia. Proiekzioa eta soinu-banda zuzenean, Nagore Legarretaren gidaritzapean.
  • EKAINAK 7, LARUNBATA
      • Naturaren Doinutak Belaunaldi
    • 10:30. Ane Garalekin Natura&Artea ibilbidea.
    • 13:00. Soinu Txikie, Zornotzako trikitilari eta pandero jotzaileak.
    • 14:00. Belaunaldi arteko bazkaria.
    • 17:00. Bazkalosteko kantuak.
    • 18:15. Gastronomia postuen irekiera: EkoTalo&Maiziam eta Iparra Beer.
    • 19:00. Korrontzi taldearen emanaldia.
  • EKAINAK 8, IGANDEA
      • Naturaren Doinuak Eguna
    • 10:00. Nekazari&Artisauen azoka.
    • 11:30. Gastronomia postuen irekiera: EkoTalo&Maiziam, Goya Burger eta Iparra Beer.
    • 12:00. Soinu Txikie: trikiti eta pandero jotzaileak, abeslari, dantzari eta irrintzilariak.
    • 17:30.  Janus Lester | Miren Fernandez | Alaia Martin eta Jon Martin | Maxux Aranzabe eta Xabier Artola | ND Banda | TAG | Klaap dantza eskola | Gautena elkartea | Herrikide ikastetxea. Zuzendaria: Shrabani Aranzabe Pita.
    • Ondoren. Kitadelpare txarangarekin jai giroa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!