EHUren Udako Ikastaroetan Koldobika Jauregi: natura, sorkuntza, komunitatea ikastaroa eskainiko dute ekainaren 16an eta 17an. Alkizan jaiotako artistaren ibilbide artistiko, sozial eta kulturala aztertuko dute, askotariko arte diziplinen ikuspegitik. Egitarauan hainbat gai jorratuko dituzte: Jauregiren ibilbide sortzailea, bere arteak euskal testuinguruan izan duen kokapena, naturarekin eta komunitatearekin izan dituen harremanak, eta bere proiektu garrantzitsuenak, bereziki, Ur mara museoa.
Askotariko hizlariak
Arte garaikideko, zientziako, literaturako eta komunitate-jarduketako adituek hartuko dute parte, besteak beste eskualdeko herritarrek, hala nola Jon Umerezek, Inaki Irazabalbeitiak, Juan Kruz Igerabidek edota Edurne Ayusok. Haiekin batera hitzaldi, mahai-inguru eta jardueretan hartuko dute parte Antonio Casadok, Joaquin Araujok, Ana Galarragak, Santi Erasok, Telmo Esnalek, Uxoa Zumetak, Mikel Chillidak edota Susana Cencillok. Jauregiren lanaren hainbat dimentsio emango dituzte ezagutzera, eskulturatik hasi eta konpromiso sozialeraino.
Udako ikastaro honek ez du eskainiko, soilik, begirada historikoa, etorkizunera begirako hausnarketa ere jarriko du mahai gainean eta Jauregiren obraren garrantzia eta haren bizi-perspektiba nabarmenduko ditu. «Koldobikaren bizitzari eta obrari omenaldia da, baita artearen, naturaren eta komunitatearen arteko elkarrizketarako inspirazio-iturria ere», aipatu dute antolatzaileek. Artea, natura eta komunitatearen arteko harremanak esploratzea, sorkuntza artistikoaren dimentsioak identifikatzea, arte garaikidean eta naturan esperientzia berritzaileak bultzatzea eta komunitate garapenari eta herrigintzari buruzko gogoeta egitea izango dira bi eguneko jardunaren helburuak.
Ikastaroa bi egunetan gauzatuko da. Lehenengoan, ekainaren 16an, Miramar jauregian egingo dira mahai-inguru eta hitzaldiak, eta bertan Dantza filmaren inguruko solasaldia eta emanaldia izango dira. Bigarrengoan, ekainaren 17an, goizez Donostian jarraituko dute saioek, eta arratsaldean Ur mara museora egingo dute bisita parte hartzaileek. 17:00etatik aurrera, erakusketa, basoan zeharreko ibilaldia, musika emanaldia eta taloak izango dira, besteak beste. Parte hartu nahi dutenek, aurrez egin beharko dute izen ematea Uik.eus helbidean.
Udako Ikastaroa
- Ekainak 16, astelehena
- 09:30 - 14:00. Ikastaro eta mahai-inguruak Miramar jauregian.
- 16:00 - 20:00. Hitzaldiak eta amaieran Dantza filmaren emanaldia.
- Ekainak 17, asteartea
- 09:30 - 14:00. Ikastaro eta mahai-inguruak Miramar jauregian.
- 16:00 -20:00. Alkizara txangoa. Fagus-Alkizara bisita eta, 17:30etik aurrera, ekitaldiak Ur maran: ibilaldia basoan, erakusketa, musika, taloak...