Sormenaren Kabia beketako bat sortzaile gazteentzat izango da

Ataria 2025eko maiatzaren 9a

Zortzigarren edizioan parte hartzeko oinarriak publikatu dituzte eta ekainaren 5era arte egongo da zabalik izen ematea. Saria handitu eta 1.250 eurokoa izango da beketako bakoitza.

Martxan da Sormenaren Kabia bekaren zortzigarren edizioa. Ekainaren 5era bitartean egongo da zabalik deialdia eta parte hartu nahi duten sortzaileek Fagus-alkiza.eus edota Alkiza.eus webguneetan izango dituzte eskuragarri oinarriak. Aurten, antolatzaileek erabaki dute hautatutako bi proiektuetako bat, gutxienez, sortzaile gazte batena izatea. 18 eta 35 urte arteko talentu berriei zuzendua izango da beketako bat eta, modu horretara, sormen ibilbidea hasten ari direnei zuzendutako espazio bat sortu  nahi dute antolatzaileek. 

Alkizako Udalak eta herriko eragileek elkarlanean sustatzen duten egitasmoak artea eta natura uztartzen ditu, eta arte-sorkuntza landa eremura ekartzea du helburu. 2018az geroztik, Sormenaren Kabia bekak edozein diziplinatako artistei beren proiektua landu eta garatzeko aukera eman die. Izan dira arte plastiko eta bisuala landu dutenak, arte eszenikoekin jardun dutenak, edota Alkizako egonaldia literatura, musika, zinema, arkitektura eta dantza piezak sortzeko baliatu dutenak. 

Aurten, handitu egin da beka bakoitzari ematen zaion diru-laguntza. Orain arte, 1.000na euro jaso izan dituzte sortzaileek eta, aurten, hautatutako artistetako bakoitzak 1.250 euro jasoko ditu. 

Aholkularitza sortzaileentzat

Aurreko urteetan bezala, parte hartzaileek Lete apartamenduetan egingo dute egonaldia, proiektuari dedikazio osoz heltzeko aukera izango dutelarik. Udazken hasieran egingo dute egonaldia, hiru astez, eta parte hartzaileek, gainera, Ur mara museoko Elena Cajaraville artista bitxigilearen aholkularitza jasoko dute; bide batez, Unai Sorrarain bideogile alkizarrak ikus-entzunezko pieza bana sortuko du lan bakoitzaren inguruan.

Aurtengo bekara aurkeztuko diren hautagaitzen lanak epaitzen Elena Cajaraville, artista eta Ur mara museoko zuzendaria, Txiki Agirre Keixeta margolari eta eskultorea eta Zaloa Ipina artista plastikoa ariko dira. Hautaketa egiteko hainbat irizpide kontuan hartuko dira: kalitatea eta sormena, berrikuntza, ibilbidea, motibazioa, metodologia eta kronograma, jasangarritasuna eta Alkizari egiten zaion ekarpena.

Bekaren sustatzaileek adierazi dute Alkiza prest dagoela proposamen berriak entzuteko eta artea naturarekin uztartzen jarraitzeko. Gogoratu dute Sormenaren Kabia deialdia guztiz irekia dela, bai eskarmentu handi sortzaileentzat, bai lehen pausoak ematen ari direnentzat ere.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!