Aurtengo programazioa aurkeztu du Fagus Alkiza zentroak

Ataria 2025ko api. 3a, 12:48

Interpretazio zentroa udarako Erretore etxeko ganbarara lekualdatuta egongo dela aurreikusten dute; apirilaren 12an egingo dute urteko lehen tailerra, txorien kantuak identifikatzeko bisita gidatua.

Ingurumenarekiko ezagutza sustatu eta gizartea gaiaren aurrean sentsibilizatzeko helburuarekin programazioa oparoa prestatu dute Fagus Alkiza interpretazio zentroan. Hilero gutxienez ibilbide gidatu bat edo hitzaldi tematiko bat eskainiko dute.

2013an jarri zuten martxan interpretazio zentroa Alkizako udaletxeko bigarren solairuan eta bertan izan da, harik eta, udalak Erretore etxea erosi eta bertako ganbarara lekualdatzea erabaki duen arte. Zentro berria, udarako martxan izatea aurreikusi dute udal arduradunek: «Ingurumenaren ezagutza eta kontzientziazioa areagotzeko aukera gehiago eskainiko dituen espazio egokiago bat izango du zentroak».

Ingurumen hezkuntza indartzeko hiru atal esanguratsu izango ditu Fagus Alkizak: urmaelaren espazioa, ekosistemaren dinamika hobeto ulertzeko; gizakiaren eraginari buruzko gunea, ingurumenaren kudeaketaren garrantziaz jabetzeko; eta Sormenaren Kabia bekari eskainitakoa, naturarekin harremanetan sortutako arte lanak erakusteko.

Lehengo bisita txorien kantuak identifikatzeko

Hilero bisita gidatu eta hitzaldi tematikoak antolatzeko asmoa dute interpretazio zentroan eta lehenengoa apirilaren 12an egingo dute. Mikel Olano basozainaren eskutik, txorien kantuak identifikatzen ikasteko saio teoriko-praktikoa izango da. Olanok 35 urte baino gehiagoko esperientzia du Gipuzkoako Foru Aldundiko basozain gisa, eta Aranzadi zientzia elkarteko Ornitologia saileko kidea da.

Honako formularioa beteta eman daiteke, dagoeneko izena, txorien kantuak identifikatzeko saioan. 10:00etatik 12:30era egingo dute. Euskaraz eskainiko du saioa Olanok eta prismatikoak eramatea gomendatzen dute. Alkizarrek eta 12 urtetik beherakoek doakoa izango dute parte hartzea eta gainerakoek, bost euro ordaindu beharko dituzte.

Aurtengo nobedade gisa dibulgazio jardunaldi bat egitea aurreikusten dute zentroko arduradunek, urrirako. Lehen aldiz, Fagus Alkizak formatu horretako ekitaldi bat antolatuko du, eta xehetasunak aurrerago emango ditu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!