Slow Art Day egingo dute larunbatean Ur maran

Ataria 2025eko apirilaren 3a

Larunbatetik aurrera, aurrez hitzartutako bisitak egin ahal izango dira Alkizako museora.

Slow Art Day eguna egingo dute Alkizako Ur mara museoan larunbatean 12:00etatik aurrera. Sarrera doakoa izango da, baina aforoa mugatua denez, parte hartu nahi dutenek aldez aurrez eman beharko dute izena urmara.alkiza@gmail.com helbidera idatzita.

Larunbateko saioan, Leire Ugalde Blanco, Ruth Anne Lopez, Amaia Conde Chiralt eta Ainhoa Apeztegia Extramiana arituko dira. Ondoren bazkari komunitarioa izango da Alkizako museoan. 

Larunbatetik aurrera zabalik izango da Ur mara, beti ere, aurrez bisitak hitzartuta. Taldeka egin daitezke bisitak, 10 lagunek gutxienez eta gehienez 20ek. Ikastetxeek ere badute aukera museoa ezagutzeko. Sarrerak bost euro balio ditu eta urmara.alkiza@gmail.com helbidera idatzita egin beharko dira izen emateak.

Museoan Koldobika Jauregi zenaren lanak daude basoan, pagoen, haritzen, lizarren, gaztainondoen eta urkien artean. Erakusketa iraunkorrean, aire zabalean, formatu handiko 30 eskultura daude, euskal marmoletan eginak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!