Etxebizitzaren inguruko erronkak aztertu dituzte Alkizan

Ataria 2025ko ots. 20a, 14:42

Denis Itxaso, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburua eta Pablo Garcia, Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitektura zuzendaria Alkizan bildu dira bertako udal ordezkariekin.

Alkizak etxebizitzaren arloan dituen erronkak bertatik bertara ezagutzeko eta horiei irtenbideak emateko lankidetza-esparrua esploratzeko bilera egin dute bertako udal ordezkariek Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Hiri Agendarako sailburuarekin eta Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitekturako zuzendariarekin. Udalaren gonbidapenari erantzunez bertaratu dira Alkizara Denis Itxaso eta Pablo Garcia. 

Alkizako Udalak iaz onartu zuen behin-behinean udalerriko Hirigintza Antolamenduaren Plan Orokorra, zein herriko etxebizitza-arazoari konponbide emateko oinarria den. Plan horren helburuen artean herriko gazteei Alkizan bizitzen geratzeko aukera ematea dago, eta udalak adierazi duenez, «horretarako etxebizitza eskuragarri izatea ezinbestekoa da». Alkizako biztanleen % 37k 30 urte baino gutxiago dituela gogorarazi du udalak, eta argi du belaunaldi horrek herrian etorkizuna izan dezan politikak garatzea funtsezkoa dela.

Udal ordezkariek hainbat gairi buruzko azalpenak eman eta asmoak azaldu dizkiete Eusko Jaurlaritzako eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariei, hala nola, erakundeen arteko lankidetza ezinbestekoa dela Alkizak dituen etxebizitza-beharrak asetzeko. Era berean, etorkizunean bide horretan aurrera egiteko aukerak aztertu dituzte.

Itxasok adierazi du konpromisoa hartzen dutela Alkizako Udalarekin elkarlanean aritzeko bideak aztertzeko. Bestalde, Inaki Irazabalbeitia alkateak eskertu du sailburuaren bisita eta «positibotzat» jo du bilerak emandakoa. Horrekin batera, halako ekimenek herri txikiek dituzten erronkak mahai gainean jartzeko eta irtenbide eraginkorrak bilatzeko aukera ematen dutela azpimarratu du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!