Uxue Juarez Gaztelu eta Ada Garrues Paularena artista iruindarrek Sormenaren Kabia bekarekin Alkizan egindako egonaldian egindako lanak ezagutzera emango dituzte ostiralean, urtarrilaren 24an, Fagus Alkiza zentroan, 19:00etan.
Bi artistak irailetik abendura hiru astez izan dira Alkizan eta ostiralean jendaurrean aurkeztuko dute egindako lana. Juarezek egonaldian idatzitako hainbat testu irakurriko ditu eta bere esperientzia zer nolakoa izan den azalduko die bertaratutakoei. Garruesek, berriz, bere bizipenak partekatzeaz gainera, Alkizan egindako lanekin erakusketa osatuko du. Mihiseak ikusgai izango dira otsailaren 7ra arte Fagus Alkiza zentroan.
Alkizako Udalak, herriko eragileekin elkarlanean, artistek hausnartu, sortu eta lan egiteko proiektu bat sortu zuen 2018an: Sormenaren Kabia beka. Antolakuntzak diziplina ezberdinetako profesionalez osatutako epaimahai bat osatzen du urtero. Koldobika Jauregik hutsune handia utzi izanagatik, udalak bekari eustea erabaki eta epaimahaia osatu zuen iaz; Idoia Zabaleta Azala sorkuntza espazioko zuzendari artistikoak, Miriam Loidi 2023ko beka irabazi zuen artistetako batek, Txiki Keixeta artistak eta Juan Kruz Igerabide idazleak osatua.
Proiektuaren kalitatea eta sormena, bideragarritasuna, berrikuntza eta originaltasuna eta Alkizako herriari egiten dion ekarpena kontuan hartu ondoren, epaimahaiak iaz erabaki zuen Uxue Juarez eta Ada Garrues saritzea. Biek egin zuten egonaldia bekarekin, iazko iraila eta abendua bitartean.
Artistek euren lanez eta Alkizako egonaldiaz hitz egingo dute eta, bestalde, Unai Sorarrain bideogile alkizarrak artisten lanak biltzen dituen ikus-entzunezkoak erakutsiko ditu. Ostiralean izango da, urtarrilaren 24an, 19:00etatik aurrera.