Aurtengoa baino %9 handiagoa izango da datorren urteko aurrekontua

Ataria 2024ko abenduaren 30a

Foru funtsaren ekarpenaren igoera herritarrei ematen zaien zerbitzua hobetzeko erabiliko dutela jakinarazi dute udal ordezkariek; udal langileen taldea indartu eta sendotu nahi dute.

Alkizako Udalak 829.824 euroko aurrekontua izango du 2025ean. Aurten baino 204.000 euro gehiago dira eta, beraz, %9 handituko da aurrekontua. Igoera Gipuzkoako Foru Aldundiaren erabakiak eragin du, datorren urtetik aurrera 1.100 biztanletik beherako udalentzako foru funtsaren ekarpena %40 inguru handitzea erabaki baitu. Honenbestez, gehikuntza hori herritarrei ematen zaien zerbitzua hobetzeko erabiliko dutela jakinarazi dute Alkizako udal ordezkariek. Udal langileen taldea indartu nahi dute bereziki.

Gaur egungo langileen lan jardunak luzatuko ditzute eta lanpostu berriak sortu. Herri langilearen laguntzailearen eta udal arkitekto teknikoaren lanpostuak sortzea aurreikusi du udalak, eta, ondorioz, 92.000 euro gehiago inbertituko ditu haien sarietan.

Heriko hainbat ekintza eta jarduerek ere izango dute aurrekontu igoera: Nerabeen aisia-beharrei begira Gure Plaza Txo! programa garatzeko laguntza %54 igoko da; herriko festetako aurrekontua %28 handituko da; genero-berdintasuna lantzeko Berdinbidean programaren aurrekontua bikoiztu; eta kultur-jarduerak egiteko eta sustatzeko aurrekontuak zortzi bider egingo du gora.

Aurtengo aurrekontuarekin alderatuta, inbertsioek %25eko jaitsiera izango dute. «Arrazoi nagusia da udalak Erretore etxeko inbertsioekin jarraitzeko diru kopuru txikiagoa gorde duela beste inbertsio batzuen mesedetan», azaldu dute udal ordezkariek. Datorren urtekoen artean honakoak aipatu dituzte: lursailak erostea; udal bulegoetan hobekuntzak egitea; herri-bideak konpontzea; eta Hernio-Gazume KBEan hainbat interbentzio egitea.

Aurrekontuaren inguruko xehetasunak azaltzeko herri batzarra egingo dute Alkizan datorren urtarrilaren 17an.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!