Jon Umerez EHUko Ikerketa errektoreordea izango da

Ataria 2024ko azaroaren 27a

Joxerramon Bengoetxea EHUko errektore berriaren taldean ariko da Alkizan bizi den irakaslea.

Joxerramon Bengoetxeak irabazi ditu EHUko errektoretzarako hauteskundeak garaipen argia lortuta; sektore guztietan nagusitu eta gero, bera izango da unibertsitate publikoko errektorea datozen sei urteetan. Bengoetxearen hautagaitzan aurkeztu da Jon Umerez alkizarra eta honek beteko du Ikerketa errektoreorde postua.

Umerez HEFAko Filosofia Saileko Irakasle Osoa da, eta Biologiaren Filosofiaren esparruan ikertzen du. IAS-Research ikerketa-taldeko ikertzaile nagusia da, eta talde horretako kide da sortu zenetik.  Euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez irakatsi du etengabe, lizentziaturan, graduan, masterrean eta doktoregoan. Baita berezko tituluetan ere, hala nola Kultura Zientifikoko Masterrean.

CAF-ELHUYAR zientzia-dibulgazioko lehiaketan sari bat lortu zuen, eta euskarazko eta gaztelaniazko dibulgazio-lanetan parte hartzen du komunikabideetan (irratia eta prentsa idatzia) eta beste foro batzuetan (mintegiak, jardunaldiak, etab.).

Alkizako alkate izan zen bi agintalditan, 2011tik 2019ra, eta aurretik zinegotzi beste bitan, 2003tik 2011ra.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!