ELKARRIZKETA

«Alkizan bildutako materiala, denborarekin, agertuko da nire lanetan»

Jon Miranda Labaien 2024ko aza. 20a, 11:59

Oihal eta paper gaineko pintura lantzen du Ada Garrues artista iruindarrak eta Alkizan topatu duen ingurune naturala bere lanetan islatzen ari da; bekarekin lortutako egonaldiaren hirugarren eta azken astea du honakoa.

Azkeneko astea du Ada Garrues Paularenak (Iruñea, 1998) Alkizan. Erretore etxean utzi dioten gelan antolatu du tailerra eta goizean inguruko parajeak bisitatu ondoren sartzen da bertara ikusitakoak arte lanetan islatzera.

Zergatik eman duzu izena Sormenaren Kabia bekan?

Aukera ederra iruditu zait. Konturatu gabe egin nuen topo deialdiarekin. Instagramen museoak, arte-galeriak eta sortzaileak jarraitzen ditut eta han ikusi nuen Alkizan bazela aukera. Aukeratu ninduten eta pozik nago.

Gisa honetako egonaldiek zer eskaintzen dizuete artistoi?

Sortzeko aukera ematen digu, ingurune natural batean eta giro lasaian. Harrituta nago herri txikia izanik, gauza asko antolatzen dituztelako Alkizan. Ingurune naturala ere ikusgarria da.

Zer nolako ibilbide artistikoa egin duzu orain arte?

Betidanik interesatu izan zait artea eta txikitatik parte hartu dut pintura eta plastika tailerretan. Beranduago, batxilergo artistikoa ikasi nuen Iruñeko Arte Eskolan eta, handik, Leioara joan nintzen, EHUra, Arte gradua egitera. Pintura masterra ere egin nuen bertan, eta behin ikasketak amaituta, hainbat deialditan izena eman eta lanean jardun dut. Esate baterako, Ezporogi-Agezan astebeteko egonaldia egin nuen eta Bilboarten bekadun izan nintzen. Orain Huarte Zentroan egoitzan hartu naute, datorren otsailera arte.

Diziplinarteko artista zara?

Bai. Pintura arloko ikasketak egin ditut, gehienbat, eta hortaz, nahiz eta beste diziplina batzuetan aritu, nire abiapuntua hori dela sentitzen dut. Arte performatiboa ere landu izan dut, bideogintza adibidez, baina joera handiagoa dut materiarako. Fisikoagoak diren diziplinetan aritzen naiz, inoiz eskulturan eta, nagusiki, paper eta oihal gainean.

Zergatik oihal gaineko pintura?

Ez nuke jakingo esaten. Karreran nenbilela hasi nintzen tamaina handiko oihalekin lanean. Hasiera batean nik moztu eta nik ematen nien forma, baina azkenaldian paisaiak islatu nahi ditut oihal horietan. Zeruertzekin eta horrelakoekin tematuta nabil orain.

Alkizan nola gauzatuko duzu zure ikerketa artistikoa?

Aurreko egonaldietan pintura konkretua deitzen dudana egin izan dut eta, ia nahi gabe, ingurunearen eragina islatu dute artelanek. Hori, modu nahiko naturalean atera zait, eta besterik gabe, kalean margotu eta lurrazalaren arrastoa oihalean inprimatuta geratzerakoan lortu izan dut nahi nuena. Hemen ideia bertsuarekin nabil; oso leku politak ikusi ditut, baina zain nago ea toki jakinen batek erabat liluratzen nauen. Argazkiak ateratzen dizkiet paisaiei, baita baserri atariei ere, gero estudioan horiei begira inspiratu nadin. Egia da oihaletan, gero, paisaia ez dela hain modu literalean agertzen.

Zer nolako esku-hartzeak egiten dituzu oihaletan?

Probak egiten ari naiz. Olana nik ekarri dut Bilbotik. Ez zaizkit zuri-zuriak gustatzen, oinarrizko tonalitate bat behar izaten dute. Lehenengo aldiz, hemen, oihal guztia tindatu dut eta ikusi behar dut orain horrek zer dakarren. Oihala zimurtuta egoteak eragina ba ote duen ere jakin nahi dut. Aurrerantzean oihal berriak probatu nahi nituzke, esate baterako, argia igarotzen uzten duten horietakoak, uste dut beste aukera batzuk eskaini diezazkidaketela.

Zein tamainakoak dira oihalak?

Hona ekarri ditudanek hiru metroko zabalera dute. Baina bi metro pasatxokoak erabiltzen ditut, altuera igualtsua dutenak, nahikoa koadratuak geratzen zaizkit. Landu ditudan azkeneko hiruzpalau lanetan, berriz, oihal tutu guztia hartu dut eta pixkana joan naiz bertan margotzen. Guztira, hamaika metro inguru izaten dira eta horrek aukera ematen dit oihala altuera ezberdinetan erakusteko, sokekin eutsita.

Zein pintura mota erabiltzen duzu oihalerako?

Arropetarako tindua erabiltzen dut eta ile-apaindegietan erabiltzen dituzten difuminatzaile horietakoekin margotzen dut oihala. Teknika perfekzionatu beharra daukat: tindua finkatzeko beroa edo gatza erabiltzen da, eta difuminatzaileak buxatuta geratzen zaizkit gatza erabilita. Ez dakit orain arte egin ditudan lerroak hain difuminatuak edo zehatzagoak nahi ditudan, orain probak egingo ditut horrekin. Kotxerik ez daukat eta, beraz, ekarri dudan horrekin moldatu beharra daukat. Horrek bere alde onak dauzka, irudimenari gehiago eragin behar diodalako. Jeneralean, lardaskan ibiltzea gustatzen zait.

Marrazkietan zer islatu nahi izaten duzu?

Ez ditut gehiegi pentsatzen. Oihaletan ez bezala naturalago jotzen dut marrazketara eta motibo figuratiboagoak lantzen ditut diziplina horretan. Marrazkietan argiago ikusten dira paisaiaren mugak eta, hemen, Alkizan dudan estudioko leihotik ikusten ditudan iluntzeak islatu nahi ditut egonaldian. Horrekin batera, gustuko dut geruza ezberdinetan akoplatzen diren gorputzak marraztea, eta orain hasi naiz pertsonaiatxoak edo animaliak egiten. Egunotan topatu ditudan hostoak ere bildu ditut eta horiek marrazkietan modu batera edo bestera txertatzeko asmoa dut. Badakit zuzenean ez bada, Alkizan bildutako material hori guztia, denborarekin, agertuko dela nire lanetan.

Zein material erabiltzen duzu marrazkietarako?

Papera berezia da, tinduetarako erabiltzen den horietakoa, eta akriliko geruza bat ematen diot, beste tonalitate bat hartu eta zikin bezala ikus dadin. Gero koloretako arkatzak erabiltzen ditut, eta oso puntualki, boligrafoa eta margo pastelak.

Nola antolatu duzu hiru asteko egonaldia Alkizan?

Materiala biltzen ari naiz herriko bideetan eta pixkana ingurunea ezagutzen ari naiz. Herritarrekin tailer bat egiteko asmoa dut egunotan. Kalean oihal gaineko pintura egiteko aukera darabilt buruan, ikusi nahi nuke zer gertatzen den. Eskolan egon naiz, Ur mara ere ezagutu dut eta asmoa dut txakolindegira joateko. Lotarako lekua Lete apartamenduan daukat eta izugarri ongi tratatzen naute.

Zein izango da urtea amaitzerakoan aurkeztuko duzun emaitza?

Ez ditut, normalean, itxitako proiektuak egiten, prozesuetan arreta handiagoa jartzen dut. Horregatik, ez dakit zer gertatuko den datozen asteetan. Ikusiko dut urte amaierako horretan zer aurkeztu; tokiaren arabera izango da eta aurkezpena Uxue Juarezekin batera egingo dudanez, ondo legoke elkarrekin zerbait egitea.

Zeintzuk dira zure asmoak epe motzera?

Orain, abenduan, Nafarroan eman dituzten ekoizpenerako laguntzen erakusketa egingo dugu Baluarten. Eta, datorren urtean, Anti izeneko Bilboko liburu-dendan erakusketa bat jarriko dut. Espero dut Huarteko egonaldia luzatu ahal izatea, baina bestela estudiotxo bat lortu eta lanean jarraitu nahi nuke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!