Filma emanaldia eta solasaldia Fagus Alkizan

Ataria 2024ko aza. 15a, 10:47

Azaroaren 22an, 19:00etan, 'Mediha' filma proiektatuko da eta ondoren Donostiako Amnesty International elkarteko kide batek solasaldia eskainiko du.

Donostiako Giza Eskubideen 21. Zinemaldian, filma onenaren Amnesty International saria, Mediha pelikulari eman zion. Aurtengo saria, Koldobika Jauregi zenaren eskultura bat izan da: Protestarako eskubidea. Artista alkizarrak elkartearekin kolaboratu du urte luzez eta filmaren proiektatzea eskultoreak egindako ekarpena eskertzeko modu bat izango dela aipatu dute antolatzaileek.

Proiekzioaren ondoren, Donostiako Amnesty International elkarteko kide batek filmaren inguruko solasaldia eskainiko du. Azaroaren 22an, 19:00etan botako dute pelikula eta segidan izango da solasaldia.

Filmaren sinopsia

Estatu Islamikoak bahitu eta esklabo gisa atxiki ondoren bizirik atera dira Mediha eta bere neba gazteak, Ghazwan eta Adnan. Orain bizitza berreraiki beharko dute, aita, ama eta neba txikia non dauden ez dakitelarik. Genozidioa gertatu zenetik zortzi urte igaro badira ere, erreskate- eta erantzukizun-ahaleginetan eragina duten tokiko eta nazioarteko zailtasunei aurre egin beharko diete neba-arrebek. Hori dela eta, erreskatatzaile yazidien sare baten laguntza bilatuko dute, desagertutako senideak aurkitzeko.

Historia hiru urtez garatzen da, Iraken, Turkian eta Sirian. Azpimarratzekoa da Estatu Islamikoaren ankerkerien eragin iraunkor eta etengabea. Medihak berekin eramango gaitu justiziaren bila egiten duen bidaian, bere traumari eta minari aurre egingo die egunkari-formatuko bideo pertsonaleen bidez eta bere ahotsa entzunaraziko du gaizkileei buruzko ikerketak has daitezen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!