ELKARRIZKETA

«Musika izan dadila tresna bat eta ez helburu bat»

Leire Uranga 2024ko aza. 3a, 07:58

Shrabani Aranzabe-Pita musikaria eta ikerlaria, Tolosan. L. URANGA

Neurozientzia, musika eta hezkuntza uztartzen dituen doktorego-programan dabil lanean Shrabani Aranzabe-Pita. Egun, hiru master bukatzen ari da eta argi dauka, modu batera edo bestera, abesbatzak toki bat izango duela beti bere bizitzan.

Neurozientzia, musika eta hezkuntza batzen dituen doktorego-programan lanean ari den bitartean, Master in Music Business and Law, Dirección e investigación eta Investigación e innovación de la Pedagogía musical masterrak amaitzen ari da Shrabani Aranzabe-Pita (Alkiza, 1999). Euskal Herriko Gazte Abesbatzako partaide izan zen 2016tik 2022ra eta, besteak beste, Tolosaldeko Gazte Abesbatza eta Naturaren Doinuak jaialdiaren eta proiektuaren sortzailea eta zuzendaria da.

Nondik dator abesbatzarekiko duzun pasioa?

Txikitatik izan dut aukera abesbatza munduaren parte izateko. Hiru-lau urte nituela, egun guztia kantatzen, abesten igarotzen nuen, eta nire gurasoek koroan apuntatu ninduten. Koru txiki batean hasita, esperientzia izugarria bizitzeko aukera izan dut Euskal Herriko koru ezberdinetan: Villabonan, Tolosan, Donostian, Bilbon… Euskal Herriko Gazte Abesbatzara salto egin arte. Agian, hasierako ilusioa, kantatzea, lagunekin bertara joatea edo koruaren izateko modua gustatzen zaizulako soilik da. Baina, egun batean horrela hasten dena, bat-batean, zure bizitzeko modua bihurtzen da. Modu batera edo bestera mundu horren inguruan mugitzen saiatzen zara eta bertako jendea ezagutzen: beraiekin batera bidea egiteko eskua luzatuko dizuna. Kantatzen jakin eta hori gustatzea oso garrantzitsua da, baina, abesbatzak ere badu erakarri egiten zaituen alde sozial hori. Nik, musikarekiko zaletasuna txikitatik izan dut, baina, bi gauzak elkartzen direnean, betirako batera doan zerbait da.

Baduzu lehenengo egunetako oroitzapenik?

Ostiral arratsalde batean joan nintzen lehenengoz abesbatzara, lau urte nituen. Oroitzen dut oso taldekide gutxi ginela, lehenengo eguna zen berrientzat. Zuzendaria goxoa eta gertukoa zen. Lehenengo klasea amaitu eta etxera itzultzean, gurasoei esan nien, nik pertsona hori izan nahi nuela, zuzendaria izan nahi nuela. Ordutik beti amestu dudan zerbait izan da. Egun hartatik eman ditudan pauso guztiak amets hori betetzeko izan dira, eta polita da txikitatik amestu duzun zerbait poliki-poliki eta bere oztopo guztiekin, betetzen ari dela ikustea.

Nolako bilakaera izan du pasio honek zure bizitzako une desberdinetan?

Egia esan, beti eduki dut oso garbi, modu batera edo bestera, abesbatzak edo taldean kantatzeak nire bizitzan leku bat izango zuela. Baina, zorionez edo zoritxarrez, txikitatik nahiko ezberdina izan naiz. Ezberdin izateak baditu bere alde txarrak eta horien artean aurkitzen da eskoletan jasaten den bullying-a. Niretzako, musika eta abesbatza ondo egoteko eta nire zaletasunak garatzeko babeslekuak izan dira. Oso interes ezberdinak izan ditut eskolara joaten ziren beste haurrekin alderatuta. Musikara dedikatzen ginen haur eta gazteok ezin genuen klase ondoren lagunekin kalean gelditu, arratsaldean entseguak genituelako edo ikasi egin behar genuelako, eta horrek diferentzia handi bat markatzen zuen. Abesbatzak aukera eman dit nire lekua egiteko: abesbatza txutea, indarra eta energia izan da niretzako. Egun, Tolosaldeko Gazte Abesbatza zuzentzen dut. Bertan, ikusten dut gazteek kantatu egin nahi dutela, gauzak egin nahi dituztela eta horrek izugarrizko indarra ematen dit. Gaur egungo abesbatzen egoera ez da batere ona eta gutxiago, ume eta gazteen abesbatzena. Egoera nolakoa den jakinda, uste dut merezi duela goraipatzea honek guztiak eman dezakeena.

 

«Musika eta abesbatza ondo egoteko eta nire zaletasunak garatzeko babeslekuak izan dira»

 

Abesbatzarekin izandako esperientziak eragin al du zure nortasunaren bilakaeran? Nola?

Abesbatzak, alde soziala beste modu batera ematen dizu eta berarekin, beste moduetara garatu ezin diren gauzak garatzen dituzu. Abesbatza taldean, ekipo bat gara, leku berera iristeko denak batera joan behar dugu eta hori garrantzitsua dela uste dut, talde lanean aritzen ikasten duzulako. Ez zara besteak baino gehiago, ezta gutxiago ere. Kantatu behar duzunak ezin du egon besteena baino baxuago, ezta altuago ere. Denen artean eraiki behar den zerbait da, bestela ez du funtzionatuko, gizartearen isletako bat izan daitekeela ere uste dut. Abesbatza munduak eskaintzen dizuna, finean, diziplina bat da. Diziplina horrek bere arauak ditu, bere mugitzeko moduak. Horiek guztiak barneratzean, estrapolatu egin daitezke gizarteko egoera askotara. Adibidez, musika instrumentu bat ikasteko, egunean ordu jakin batzuk hartuta badituzu, beste gauza bat ikasten hastean, tendentzia hori izango duzu. Zure barnean betirako joango den gauza bat da, nahiz eta zure lagunak parkean jolasten egon, zuk badakizu hori egin behar duzula. Batzuetan kostatzen den arren, bere fruituak ematen ditu. Motibazioak, etxeko laguntzak… asko baldintzatuko du prozesuan: nik adibidez izugarrizko zortea izan dut, etxean beti egon dira nirekin. Uste dut garrantzitsuena familiak eta gertukoek ematen dizuten babesa eta laguntza dela, zu osorik garatzeko atzean daramazun ekipo guztia, finean.

Baduzu beste zaletasunik?

Etxekoak mendira askotan joan izan gara, korrika egitea ere asko gustatzen zait, bazkalosteko kafeetako eta mahai inguruetako solasaldi luzeak, maite duzunekin denbora pasatzea… Etxean beti sustatu da zaletasun bat baino gehiago izan behar dela. Gurasoek beti bultzatu naute, abesbatza nire bizitzako oinarrietako bat izan arren, gauza gehiago probatzera, jakiteko horretatik harago zer gustatzen zaidan eta zer ez. Egunen batean zerbaitek huts egiten badigu beste heldulekuren bat ere izateko, alegia.

Beste arte-diziplinaren batekin uztartu al duzu inoiz abesbatza?

Bai, Naturaren Doinuak proiektua horretan oinarritzen da: diziplina askoren arteko elkartrukean. Naturaren Doinuak, koru-musikaz harago, literatura, dantza, gizarte alorra eta euskal kulturako eragile askoren arteko elkartrukea ere bada. Uste dut garrantzitsua izan dela, kulturan nahiz musikan, gauza bakoitza bere kutxan sartzea, ondo katalogatu eta dena txukun-txukun antolatu ahal izateko. Baina, gizartea ez da horrelakoa, gizartean dena batera doa. Beraz, oso garrantzitsua da denak elkarrekin elkarbizitzen ikastea: nik hau eman diezazuket eta zuk beste hau emango didazu. Doktorego-programan lantzen ari naizen zerbitzu-ikaskuntza kontzeptua horretan oinarritzen da: zerbitzu bat ematen duzu eta aldi berean besteengandik ikasten duzu. Diziplinen arteko elkartrukeak mila aukera zabaltzen dizkizu, aniztasunak egiten gaituelako aberats.

 

«Diziplinen arteko elkartrukeak mila aukera zabaltzen dizkizu, aniztasunak egiten gaituelako aberats»

 

Emanaldietako estresa edo urduritasuna kudeatzeko gomendiorik?

Txikitatik oso urduria izan naiz, baina, zorionez, profesional asko izan ditut inguruan urduritasun eta estres puntu hori kudeatzen eta lantzen erakutsi didatenak. Garrantzitsua da honetara dedikatzen garenok, honen inguruko formakuntza izatea. Uste dut emanaldietako estresa eta urduritasuna lehenagotik lantzen hasi behar den gauza bat dela, ez da kontzertuan bertan arnasketa batzuk egitea eta kito; entseguetan landu beharreko zerbait da, formakuntzaren parte izan behar du. Zuzendari gisa hitz eginda, korura bertaratzen diren gazteen alor guztiak babesten saiatu behar garela uste dut: alde musikala zein pertsonala. Beti diot pertsonekin lanean ari garen heinean, eta bertan erabiltzen dugun tresna musika den momentutik, musikak pertsonaren alor guztiak ukitzen dituela, eta beraz, oso garrantzitsua dela alde horiei guztiei erantzun bat ematen jakitea. Agian gu ez gara beti gai izango, baina orduan, behar horri erantzun bat emango dion pertsona konpetente bat edo batzuk bilatu behar ditugu gure koru-kide, ikaskide eta ikasleei eskaintzeko. Gauzak lehen modu batera egiten ziren, baina uste dut aukera oso polita dela gauzak beste modu batera eraikitzen hasteko; bidean goaz. Beraz, urduritasuna bai, denok izango dugu momentu batean edo bestean, baina, urduritasun hau ondo kudeatuta, modu ez-toxiko batean kudeatuta, positiboa izan daiteke, motibatzailea izan daiteke.

Badator aurtengo Tolosako Abesbatza Lehiaketa. Nolakoa da ekimenarekin duzun harremana?

Ez naiz ekipoaren parte izan sekula, baina, egia da, beti oso gertutik jarraitu izan dudala. Urteko zita inportanteenetako bat da. Munduko koru onenak entzun eta jarraitzeko aukera ematen dizu ekimenak: lantzen dituzten errepertorioak, moduak eta musika-proposamenak ezagutzeko aukera. Harreman oso estua izan dut beti Tolosako Abesbatzen Lehiaketarekin. Behin, Euskal Herriko Gazte Abesbatzarekin Leidorrera igo ginen, eta lehiaketa irabazi genuen. Azken urteetan, gainera, Ataria-ren bidez ekimenaren jarraipen zuzenagoa egiteko aukera izan dut: gertatzen denaren inguruan hitz egin, zuzendari ezberdinak elkarrizketatu eta ikuspuntu ezberdinak partekatu eta ezagutarazi. Uste dut ekimenak egun daukan errekonozimendua oso merezita duela, lan handia egiten ari dira-eta koru-musikaren alde.

Zein dira Tolosako Abesbatza Lehiaketaren helburuak? Lortzen ditu?

Tolosako Abesbatza Lehiaketak beti sustatu nahi izan duena koru-musika, munduan eta euskal kulturan, eta kulturen arteko elkartrukea izan dira. Polifonia, musika sakroa eta folklorea lantzen dira lehiaketan. Herrialde bakoitzaren folklorea ekartzen dute Leidorrera eta, horrek publikoari nahiz munduari, erakusten dio folklore horien ohiturak zein tradizioak elkar bizi daitezkeela. Izugarria da Indonesiako abesbatza bat euskaraz entzutea, euskara munduan kokatzen dute. Modu batean edo bestean, uste dut Tolosako Abesbatza Lehiaketak jartzen dituen helburu guztiak betetzen dituela. Lantalde potentea dago proiektuaren atzean, benetan sinesten dute honekin badagoela zerbait gehiago egiterik eta mundua aldatzerik, eta lortzen dute.

Abesbatzen gizarte alorrari buruzko doktoregoa egiten ari zara. Zertan oinarritzen da ikerketa?

Naturaren Doinuak 2023. ATARIA

Doktorego-programan funtsezko hiru atal lantzen ditut, guztiak elkartuta: neurozientzia, musika eta hezkuntza batzen dituen proiektua da. Alde batetik, musikak eta soinu ezberdinek gorputzean eta, bereziki, garunean nola eragiten duten aztertzen ari naiz, eta ondoren, hauek nola aplikatu ahal ditugun gure diziplina anitzeko proiektuetan, gizartean eta, oro har, hezkuntzan. Bestetik, Naturaren Doinuak proiektua hartu dut ardatz, zerbitzu-ikaskuntza proiektuetan oinarrituz. Hasteko, ikerkuntza ezberdinak egin behar dira ikertu nahi den gaiaren inguruan, eta alde batetik, itxuraz gizarte-bazterketa jasateko arriskuan dagoen kolektibo batengana jo eta, bestetik, itxuraz gizarte-bazterketa jasateko arriskuan ez dagoen beste kolektibo batengana jo. Bien arteko elkartruke horretan oinarritzen dira zerbitzu-ikaskuntza proiektuak: ustez batzuk zerbitzu bat ematen dute eta beste batzuk zerbitzu horretatik ikasten dute, baina, orokorrean ez da horrela gertatzen. Bi aldeek ikasten dute, hartu-eman hori bidirekzionala izaten da-eta. Hirugarrenez, lantzen ari naizen gaiaren bueltan zientifikoki idatzita dagoen guztia biltzen ari naiz, katalogo moduko bat osatuz: koru-musikak, gehienbat haur eta nerabeetan, nola eragiten duen garapen kognitibo, emozional, fisiko eta psikologikoa aintzat hartuz.

Noiz hasi zinen ikerketarekin, eta zerk bultza zintuen hastera?

2022an, MusikHerrian Tolosan TAG-ekin. ATARIA

Ikerketarekin 2023an hasi nintzen. Nik beti sinistu izan dut musikaren perfekzionismo horretatik harago zerbait badagoela, beraz musika izan dadila tresna bat eta ez helburu bat. Gu ez gara medikuak, baina, musika ondo erabilita, gauza asko salba daitezke. Musikak pertsonen garapenean lagundu dezake, oso lan ona egiten dute musiko-terapeutek ospitaletan, baita koru integratzaileek ere. Naturaren Doinuak 2021ean jaio zen, minbizia nuen garaian. Garai hartan barruak klik egin zidan, eta, ordutik, argi izan dut ez nuela musika helburu gisa ulertuko, tresna gisa baizik, benetan inporta zaizkidan arloak garatzeko: musikaren bidez gizarte edo kolektibo ezberdinei laguntzeko, inklusioa lantzeko eta abar. Naturaren Doinuak proiektuarekin konturatu nintzen zenbat on egin zezakeen musikak modu on batean bideratzen bada.

 

«'Naturaren Doinuak' proiektuarekin konturatu nintzen zenbat on egin zezakeen musikak modu on batean bideratzen bada»

 

Zein dira orain arte ateratako ondorio nagusiak?

Oraindik oso gauza konkretuak ditugu, doktorego-programa oraintxe hasi dut, beraz, oso goiz da ikerkuntzaren oinarria zein den esateko. Baina esan dezaket musikak eta lengoaiak estruktura neuronalak konpartitzen dituztela: ofizialki musika ez da hizkuntza bat baina gure buruan horrela funtzionatzen du. Hizkuntza bakarra hitz egiten duenak estruktura batzuk ditu, eta, bi hizkuntza hitz egiten dituenak, lehenengoaren estruktura ezberdinak izango ditu, beste modu batera garatu behar izan duelako, esanahiak hizkuntza batetik bestera pasatzean, adibidez. Zer esanik ez hiru hizkuntza hitz egin eta, gainera, musika hizkuntza lantzen duenaren estrukturez. Autismoa duten eta ez duten pertsonen artean mundu paralelo bat dago: izatean, pentsatzeko moduan eta abar. Bi munduen artean, musika, lotura-puntua da. Ikusi da autismoa duten pertsonen munduan, musikak, area pila bat jartzen dituela martxan, ez dutenen munduan baino gehiago. Musika, bi munduen artean ematen den zubia da, eta horrela gertatzen da beste mila kolektiboren artean ere. Musika, alde artistikoaz harago doan tresna kognitibo gisa uler daiteke, haurraren memorian, arretan, emozioetan eta arrazoinamenduan eragina duena.

Teknologia berriek eragin al diote abesbatzari?

Bai, zalantzarik gabe. Baina, modu on batean erabilita, izugarrizko aukerak ematen dituzten tresnak daude gaur egun: base ezberdinak sortzeko erremintak, abesbatzek hauen gainetik kanta dezaten eta abar. Gaur egun partiturak ez dituzu zertan inprimatu, egun denok daukagu pantaila bat eta pantaila horretan partitura guztiak jar ditzakezu. Egia esan, nik musikarako aplikazio asko erabiltzen ditut, adibidez, tabletan, piano eta sintetizagailu bat dauzkat, eta honek bide berriak irekitzen dizkit. Iruditzen zait formakuntza saioak behar ditugula hauek egoki nola erabili jakin eta duten zuku guztia ateratzeko. Ez gara beldurtu behar, ez digute lana kenduko. Tresna gisa ulertu behar dira, egiten jarraitzeko eta musika munduari foku berriak eskaintzeko. Hau dagoeneko hemen dago, gurekin dago eta erabili behar ditugu: bai hezkuntzan, bai abesbatzetan eta baita musikan ere. Teknologia berriak, sua bezala dira, suak lagundu zaitzake neguko gau hotz batean eskuak berotzeko, baina, baso oso bat ere erre dezake.

Abesbatza Lehiaketan haurren abesbatzek bi urtetik behin hartzen dute parte, eta aurten tokatzen zaie. Zer ekarpen egiten dio abesbatzak haur bati? Abesbatzak haur baten garapenean eragin dezake?

Haur bat abesbatza batean sartzea, beste diziplina askotan gertatzen den bezala, oinarrizkoa iruditzen zait. Ume batek kirola egin behar duen bezala, uste dut abesbatza batean kantatu beharko lukeela, bertan, taldean lan egin eta elkarbizitzen ikasten delako, alegia. Kognitiboki ere gauza ezberdin asko garatzen lagunduko dio haurrari: ikasteko gaitasuna, enpatia, emozioen lanketa… Orkestra batean jotzea bezalakoa izango da abesbatza batean kantatzea, baina zu zeu zara zure instrumentua: instrumentua ondo zaindu eta besteekin partekatzean dago funtsa. Badago ikerketa bat non hainbat pertsona borobilean kantatzen jartzen diren eta, bat-batean, denen bihotz taupadak alienatzen diren. Uste dut abesbatza batean kantatzea garrantzitsua dela eta ez zaiola behar adina balorerik ematen.

 

«Gizartean, korua eta eliza oso lotuak egon dira, baina orain ez, eta pertzepzio hori aldatu beharra dago»

 

Behin baino gehiagotan azpimarratu dut zuzendarien formakuntza egokiaren beharra. Gizartea aldatzen ari da eta gu gizartearekin goaz, beraz, oso garrantzitsua da, bereziki, haur eta nerabeekin lan egiten dugunok, inoiz ikasteari ez uztea, bestela, ez dugu hauen beharrei erantzun bat ematen jakingo. Gaur egun abesbatzen arazo handienetako bat hori da: ez dakigula gizarteari nola erantzun. Modua aurkitzen ari gara eta bagoaz aurrera, baina, horretan jarraitu behar dugu, buru-belarri. Gizartean, korua eta eliza oso lotuak egon dira, lehen, koru-musika kasu askotan elizetan ematen zelako, baina, orain ez, eta pertzepzio hori aldatu beharra dago. Etxeetan ere badaude aurreiritzi moduko batzuk non kantatzea neskentzako den, orain gutxiago, baina, egia da, koruetara oso mutil gutxi iristen direla, nahiz eta normalean etortzen dena gelditzen den.

Eta haur batek abesbatzari?

Naturaren Doinuak entseguak 2024. ATARIA

Haur batek abesbatzari bizitza ematen dio, etorkizuna. Helduak garenean, askotan, ahaztu egiten zaigu egiten ditugun gauzak zergatik gustatzen zaizkigun, inertzia da askotan gauzak egitera eramaten gaituena. Umeak eta gazteak, aldiz, zerbait aurrera eramateko duten ilusioa ikaragarria da, indar handia ematen dute: beraien ilusio eta indarrarekin dena aurrera aterako denaren esperantza.

Baduzu proiekturik eskuartean?

2025ean, Naturaren Doinuak 2025 dator. Oraindik ezin ditut datu asko aurreratu baina abian da, eta berriro ekingo dio diziplina askoren elkartruke eta elkarbizitza lantzeari. Jaialdia ekaineko bigarren asteburuan izango da, baina guk urtarriletik ekainera bitarte, tailerrei eta oro har, proiektu sozialari ekingo diegu, elkarbizitza eta elkartruke saioak izango ditugu. Ekainean erakutsiko da ikasturtean zehar landuko den guztia, bidearen erakustaldia izango da emaitza. Doktorego-programarekin ere jarraituko dut, baita aterako diren proiektu berriekin ere.

Nola irudikatzen duzu abesbatzaren etorkizuna? Eta zurea?

Xumela +65eko korua eta TAG tailerra, 2024. ATARIA

Aurreko guztia laburbilduz, aipatutako tresna eta aukera guztiak modu egoki batean lantzen baditugu uste dut oso positiboa izan daitekeela datorrena. Nire etorkizunean, ametsak poliki-poliki betetzen jarraitzeko egingo dugu lan, ingurukoekin elkarlanean eta maite ditugunak alboan. Beste guztia pixkanaka etorriko da.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!