ELKARRIZKETA

«Ezaguna eta ezezagunaren arteko topaketa landu nahi dut»

Jon Miranda Labaien 2024ko urr. 16a, 11:59

Sormenaren Kabia bekari esker egonaldia egiten ari da idazle iruindarra; behaketa koaderno bat sortuko du, XIX. mendeko naturalistek egiten zutenaren modukoa, Alkizan ikusten dituenetatik abiatuta.

Alkizako mendi baten izenari erreferentzia eginez, Beleburu izena jarri dio Uxue Juarez Gazteluk (Iruñea, 1981) Sormenaren Kabia bekako proiektuari. Ez daki oraindik sortuko duen behaketa koadernoan mendia agertuko ote den, edo fikzioan geratuko ote den. Abenduan, ikerketaren emaitza erakusterakoan argituko da.

Zein ibilbide egin duzu sortzaile bezala?

Betidanik idatzi izan dut. Txikitan ikaskideei ipuinak kontatzen nizkien eta istorioak asmatzearen kontu hori betikoa dudala esango nuke. Nerabea nintzenean poesia landu nuen, batik bat, desamodioari buruzkoak idatzi nituen, dena oso modu dramatikoan. Unibertsitatean nenbilela poesia lantzen zuen talde bat topatu nuen eta hor hasi nintzen benetan poesia lantzen. Madrilen sari bat irabazi eta 2010ean kaleratu nuen nire lehenengo lana, Cosas que crujen.

Poesia, nagusiki, gaztelaniaz idatzi duzu?

Bai. Garai horretan lotsa sentitzen nuen euskaraz idazteko, autoestimu linguistiko baxua bainuen. 18 urtera arte euskaraz ikasi nuen, baina, gero, handik aurrera, ikasketak gaztelaniaz egin nituen. Gomendatzen zizkiguten liburu gehienak ingelesezko edo gaztelaniazkoak ziren eta, zenbait urtetan, euskararekin kontaktua galdu nuen. Idazterakoan behar duzun hizkuntza jario hori falta zitzaidan euskaraz, ez nion nahi beste etekin ateratzen. Orain berriro ari naiz euskaraz idazten eta egonaldia ere baliatu nahi nuke horretan trebatzeko.

Badute umeek harridurarako eta galderak egiteko joera bat literaturarekin lotura zuzena duena

Azkeneko urteak haurrentzako literatura sortuz eman dituzu. Zer dela eta?

Ama izan naizelako eta sortzeko nahi bezainbeste denbora ez dudalako. Behar nuen zerbait laburragoa. Gainera, umeek berak ematen dizute sortzeko gaia, adi egon besterik ez duzu: behatu eta haien mundura jaisten zarenean ikusten duzu poesia gertatzen dela. Badute umeek harridurarako eta galderak egiteko joera bat literaturarekin lotura zuzena duena.

Nola izan zenuen Sormenaren Kabia bekaren berri?

Oihane Zuberoa Garmendia poetak bidali zidan informazioa eta aurkeztera animatu ninduen. Aurrez nire testu batzuk ezagutzen zituen eta horiek garatzeko egonaldia aproposa izan zitekeela pentsatu zuen. Aurkeztu eta beka eman zidaten, beraz, oso pozik nago. 

Zer eskaintzen diote sortzaileari gisa honetako egonaldiek?

Aukera ederra. Dena den, ez da erraza neurria hartzea. Egonaldiak irauten duen epe horretan zerbait produzitu behar duzu, baina, bestetik, horrelako ingurune natural eder batean egon eta egun osoa etxe barruan idazten pasatzea ere denbora galtzea iruditzen zaizu. Beraz, hor nabil, lehia txiki hori bizi dut: zenbateraino geratu idazten edo atera paseatzera. Uste dut baimena eman behar diodala nire buruari hemen inguruko natura hau guztia nire gorputzetik iragazteko; berdin bertako jendearekin. Eta ez dut uste hori egin daitekeenik paperaren aurrean eserita. Emakumeok izaten dugun iruzurgilearen sindromearen ondorioa ere izango da, beharbada; errekonozitu naute, baina gero nire burua estutzen dut benetan merezi dudala erakusteko.

Naturak zein parte du proiektu honetan?

Handia. Beleburu izenburua jarri diot proiektuari, hemengo mendi baten izena, alegia. Hona etorri aurretik Alkizako toponimia aztertu nuen eta Beleburu irakurrita, polita iruditu zitzaidan. Gainera, idazleoi askotan ilargian gaudela, ametsetan gabiltzala eta buruan txoriak dauzkagula esaten zaigunez ezin aproposagoa iruditu zitzaidan. Hiru zatitan banatu dut proiektua: Beleburura iritsi aurretik, bertan nagoela eta handik alde egin ondoren. Fikzioaren munduan nago, ispilatzearekin jolasten, eta oraindik ez dakit mendia hor geratuko den edo benetan kontakizunean txertatuko dudan. Erabaki literario bat izango da, eta oraingoz, atsegin dut bertara joan aurretik sortzen ari den mundua.

Zertan jartzen ari zara arreta egun hauetan?

Behaketa koaderno bat egitea da asmoa, XIX. mendean naturalistek egiten zituzten horien antzekoa. Baina nik, marrazkiak egin beharrean, argazkiak aterako ditut. Hori guztia, beti landu izan dudan gai bat jorratzeko: ezaguna eta ezezagunaren arteko topaketa. Hiritik askotan proiektatzen da naturaren idealizazio bat, baina basoan sartzen zarenean gauzak bestelakoak dira. Joaquin Araujoren aipu batek dio naturari begira ari gatzaizkiola, baina natura, aldi berean, guri begira dagoela. Elena Cajaravillek aipatu zidan aurrekoan eta arrazoi du. Hor sortzen den tentsioa interesatzen zait. Naturak bere arauak dauzka, nahiz eta askotan ahazten zaizkigun.

Hiritik proiektatzen da askotan naturaren idealizazio bat , baina gero, basoan, gauzak bestelakoak dira

Zer da ezezaguna zuretzat?

Pentsatzen jarrita ia dena zaigu ezezaguna. Har dezagun hemengo edozein arbola eta ez dakigu haren azpian zenbat izaki bizi den eta zenbat elementu dauden. Udan Alkizara lehen aldiz etorri nintzenean, espazio hutsen inguruan idatzi nuen, baina ezagutu ahala, espazio horiek betetzen joan zaizkit. Uste dut gorputzek espazioak bizi behar dituztela, bizipenak izan, gero horri buruz idazteko. 

Zertan gauzatuko da proiektuaren alde pedagogikoa?

Amatasuna egunerokotasunean bizi dudan gauza bat da eta nire semearen ahotsa ere integratuta dago proiektu honetan. Nirekin batera etorri da Alkizara eta bertako eskolan dabil egunotan. Horrekin batera, irakasle aritzen naiz bigarren hezkuntzan eta arlo hori interesatzen zaidanez hemengo eskolakoei ekintza bat proposatu diet. Basora joango gara aste honetan, ipuin bat kontatuko diet ikasleei, eta hurrengo egunean, irudimenezko baso bat sortuko dute. Bertan egon daitezkeen pertsonaiak, piztiak, animaliak edo naturako elementuak irudikatuko dituzte.

Eskolarekin eta zein beste eragilerekin izango zara Alkizan?

Bertako jendearekin egon nahi dut. Badakit haien intimitatean sartzea dela eta kontu handiarekin egin nahi nuke harremana. Leteko nagusiekin egon nahi dut, esate baterako; Inazio Urruzola txakolindegikoekin eta baita eskolakoekin eta udalekoekin ere.  Ur mara museoko Thoreau espazioa erabiltzen utzi dit Elenak han idatz dezadan. Topatuko banu emakume ehiztari batekin hitz nahi nuke, ez baitut mundu hori ezagutzen.

Zein izango da sormen prozesu guztiaren emaitza?

Proiektu batekin nentorren, baina bi atera zaizkit. Alde batetik, badut landa koaderno edo behaketa koaderno bat egiteko asmoa. Baina, aldi berean, eleberri bat egiteko kontua ere badabilkit buruan. Berez, gidoia osatuta daukat hemen bizitakoarekin. Aurretik idatzi izan ditut umeentzako eleberriak, baina hau helduentzako daukat pentsatuta. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!