Koldobika Jauregiren bizialdia Alkizan

Jon Miranda Labaien 2024ko urr. 11a, 07:58

Nomas Studio Art-ek Koldobika Jauregiri ateratako erretratua Koldobikaren obraren kontra. J.M.

Bizitza efimeroa lelopean, joan den astetik, Koldobika Jauregi eskulturagilearen bizialdia ospatzeko ekitaldiak egiten ari dira Alkizan. Haren gertukoen ahotik osatu du Ataria-k duela lau hilabete zendu zen artistaren erretratua; egin zitezkeen mila erretratuetako bat, etxekoa, gertukoa.

Gaur beteko zituzkeen 65 urte Koldobika Jauregi eskultoreak (Alkiza, 1959-2024). Joan den ekainaren 16an zendu zen bihotzekoak jota eta egunotan haren omenezko ekitaldiak egiten ari dira bere jaioterri eta azken urteetako bizitoki izandako herrian. Nagusiki Alemanian egindako egonaldi luzearen ostean, 2000ko hamarkadan itzuli zen Alkizara eta bertan txertatu zuen bere ikuspegi artistikoa.

Detritusen 'Kolegak lanean' obra. J.M.

Honela nabarmendu du Juan Kruz Igerabidek (Aduna, 1956), Jauregiren lagun izandakoak: «Bere ibilbide artistikoari beti eman nahi izan dio dimentsio soziala, ez bakarrik gizarte arazoekin lotuta, bizi zen tokiari atxikita baizik; naturarekin, oro har, zuhaitzekin, harriekin bilatzen zuen lotura zabal bat, ia espirituala, humanoa». Idazleak aitortu du arteari buruz Jauregik zuen ikuspegitik oso gertu sentitzen dela bera, eta hori izan dela, 30 urte baino gehiagoan iraun duen bien arteko harremanaren muina.

Juan Kruz Igerabide, idazlea: «'Bizialdia ospatzeko ekitaldiak' azpititulua jarri diogu, bere bizialdi biologikoa amaitu den arren, bizialdi artistikoak luze iraungo duela adierazteko»

Alkizan Bizitza efimeroa leloa aukeratu dute egunotako ekitaldi sorta izendatzeko, Igerabidek berak proposatutako ideia batetik tiraka eta eskulturagileak azkenaldian egiten zituen instalazio efimeroak aintzat hartuta. «Bizialdia ospatzeko ekitaldiak azpititulua jarri diogu, bere bitaltasuna adierazteko. Bizialdi biologikoa amaitu zaion arren, bere bizialdi artistikoak luze iraungo duela adierazi nahi dugu esaera horrekin», aipatu du adunarrak. Gaur-biharretan egingo dituzte azkeneko ekitaldiak: gaur, 19:00etan, Antonio Casado irakasleak hitzaldia emango du; eta bihar, 12:00etatik aurrera, herriko plazan diziplinarteko ekitaldi bat egingo da, non hitza, musika, plastika eta mugimendua nahastuko diren. 

Ur mara egonaldietan askotariko diziplinetan aritzen diren sortzaileek hartu izan dute parte. UNAI SORARRAIN

Gaurtik igandera, Sormenaren Kabia bekan eta Ur mara egonaldietan parte hartu duten hainbat lagunek eliza-atarian erakusketa jarriko dute, eta eskaintza horrekin asetzen ez denak, artisten lanak biltzen dituen erakusketa izango du aukeran Fagus Alkiza interpretazio zentroan. Joan den ostiraletik zabalik da eta urriaren 20ra arte egongo da bisitatzeko aukera. Angel Navasekin batera erakusketa koordinatzen aritu den Uxue Lasak (Getaria, 1984) Jauregik egin zuen zubi-lana nabarmendu du: «Nagusiki burdinarekin lan egiten zuen aurreko belaunaldia ezagutu zuen, baina hortik atera, eta material berriak erabiltzeko apustua egin zuen. Europako ideia berriekin etorri zen eta ekialdeko eraginekin nahastu zuen oso ekarpen berezia eginez».

Uxue Lasa, artista: «Material berriak erabiltzeko apustua egin zuen. Europako ideia berriekin etorri zen eta ekialdeko eraginekin nahastu zuen, oso ekarpen berezia eginez»

Igerabidek ere azpimarratu du nola euskal tradizioa harremanetan jarri zuen ekialdeko zen filosofiarekin edota budismoarekin, «tradizio zaharretan sustraituta jarduten zuen, dimentsio antropologiko eta espiritual horrekin». Alemaniatik bueltan, behin Alkizan lekututa, Itxurain herri proiektuaren bultzatzaileetako bat izan zen Jauregi. Herriko ondare sozio-etnografikoa eta kulturala bildu eta etorkizunera proiektatzeko helburuarekin jardun zuen, hainbat lagunekin batera. 

Orduan estutu zuen harremana Lete etxeko nagusiarekin, Joxe Inazio Gorostidirekin (Alkiza, 1959) eta honek hitz onak baino ez ditu lagunarentzat: «Burua gu baino urte batzuk aurrerago zeukan. Mila saltsatan sartzen zen eta gauza guztietan bera izaten zen burua. Leku guztietatik onik ateratzen zen, nik ez dakit nola moldatzen zen». Gorostidik gogoan du Itxurain proiektuan nola aritu ziren buruz buru. 2008an txerri-boda, hurrengo urtean txondorra eta azkenekoan sagardogintzan jardun zuten. 

Joxe Inazio Gorostidi, laguna eta Leteko nagusia: «Hark burua gu baino urte batzuk aurreago zeukan. Mila saltsatan sartzen zen eta gauza guztietan burua zen. Leku guztietatik onik ateratzen zen»

Herri proiektuan topo egin eta lagunartea osatu zuten Gorostidik eta Jauregik. Ostegunero-ostegunero afaltzeko elkartzen ziren biak, kuadrillako kideekin batera. «Atorranteak izena jarri genion geure buruari eta klase guztietako jendea biltzen ginen, zein baino zein bitxiagoa. Oso talde heterogeneoa zen. Iñaki Epelde eta Jose Luis Longaron ere izan ziren talde hartako kide. Baten etxean ez bazen, besterenean biltzen ginen, eta denetan izaten zen Koldobika parrillero. Gutxi izango dira hark bezala arraina prestatzen dutenak».

Atorranteetako bat da Inaki Irazabalbeitia (Donostia, 1957), gaur egun Alkizako alkatea, eta hark ere baieztatu du arrain parillarekin Jauregik zuen artea. Herriko festetan haren eginkizuna zen sardinak erretzea eta baita jaien lehen egunean udaletxetik plazara oilaloka jaistea. Gerezi alabarekin batera diseinatu zuen goxokiz betetako panpina eta eskulturagilea bera izaten zen hura jaisteaz arduratzen zena, «urteren batean istriputxoren bat izan arren», aitortu du, barrez, Irazabalbeitiak. 

Herrigintzan konprometitua

Herriarekiko zuen konpromisoan egin du azpimarra alkateak. «2007an sartu zen zinegotzi eta bost agintaldi eman ditu. Oso leku gutxitan gertatzen da hori, normalean lehenago alde egiten du jendeak nazkatuta. Artista izango zen, baina ez zen deklaratiboa, lana gogotik egiten zuen, eta zentzu praktiko handia zuen. Udal taldean harena izaten zen beti ahots zentzuduna eta niretzako babes garrantzitsua izan zen zenbait erabaki hartzeko garaian».

Inaki Irazabalbeitia, laguna eta Alkizako alkatea: «Artista izango zen, baina ez deklaratibo hutsa, lana egiten zuen gogotik eta zentzu praktiko handia zuen. Udal taldean harena beti izaten zen ahots zentzuduna»

Umorez gogoratzen du Irazabalbetiak nola esaten zuen Jauregik bera izango zela munduan bere buruari bozka ematen ez zion zinegotzi bakarra. «Abstentzionista konbentzitua zen, eta ezaguna da, politikarekin baino, zeinen kritikoa zen politikariekin; hark, ordea, ez zuen bere burua politikaritzat hartzen. Herrigintzari egindako ekarpen bezala ulertzen zuen zinegotzi izatea».

Hain zuzen, zinegotzi zela, 2008-2010 urteen artean gauzatu zen Itxuraingo herri proiektuak arrastoa utzi zuen herrian. Gerora, Agenda 21 landu zutenean Alkizaren etorkizuna diseinatzen hasi ziren herritarrak, eta Hernio-Gazume Kontserbazio Bereziko Eremu izendatu ondoren, forma hartzen hasi zen natura, gizakia eta kultura ardatzetan oinarritutako egitasmoa, Fagus-Alkiza izenarekin ezagutzen dena. «Esango nuke, Koldobika izan zela herri proiektuaren ideologo nagusienetako bat. Herrian kezka bazen garai hartan, eskolan ia umerik ez zebilelako. Alkizak etorkizunik izango bazuen, bere tradizio eta sustraiekin lotuta, etorkizunera begiratuta, eta bere natura ingurunean txertatuta behar zuela argi ikusi zuen Koldobikak eta bete-betean asmatu zuen», adierazi du Irazabalbeitiak. 

Dozena bat urte beranduago beregaina den proiektu bat du Alkizako herriak. «Antzeko tamaina duten herriek ez duten kultur eskaintza du, gaur egun, eta hori ez da kasualitatea. Nekez entendituko genuke gaurko Alkiza Koldobika gabe. Beste modu batekoa izango litzateke, ez dut esaten hobea edo okerragoa, baina ezberdina bai behintzat», esan du alkateak.

Ur mara familia

Herri proiektuan txertatuta dago Ur mara museoa ere. 2010 urte inguruan sortu zuen Jauregik Elena Cajaraville emaztearekin batera, Alemaniako Insel Hombroich museoan ikusitako esperientzian oinarrituta. Artea herri txikietara hurbiltzeko beharrak bultzatuta sortu zuten askotariko espazioa eta askotariko jendea elkartu izan da bertan urte hauetan guztietan. Nagore Legarretak (Hernani, 1981) uste du kultura hirietatik eta «zentro elitistetatik» ateratzeko ideia pixkana zabaltzen ari dela gure inguruan eta Alkiza horretan erreferente izan dela. Ur mara egonaldietan egon zen Legarreta eta orduan ezagutu zituen Jauregi eta Cajaraville: «Proiektu handi eta anbiziotsuetan askotan ahaztu egiten da gertutasuna. Ni beti eroso sentitu naiz Alkizan, oso goxo».

Mirari Errondosoro, sortzailea eta kartelaren egilea: «Saretze lan izugarria egin zuen. Elkarren artean, printzipioz, zerikusirik ez zuen jendea elkartzen zuen eta hartu-eman horien ondorioz, oso gauza ederrak sortzen ziren»

Ur marako egonaldietan parte hartu eta bekadun izan zen Legarreta Sormenaren Kabia egitasmoan. Bide bera egin zuen Mirari Errondosorok (Amasa-Villabona, 1973) eta Jauregirekin izandako gertuko tratua azpimarratzearekin batera, arreta jarri du hainbat diziplinetako jendea espazio berean elkartzeko zuen gaitasunean: «Uste dut saretze lan izugarria egin zuela. Elkarren artean, printzipioz, zerikusirik ez zuen jendea elkartzen zuen eta hartu-eman horien ondorioz, oso gauza ederrak sortzen ziren».

Nagore Legarreta, artista: «Proiektu handi eta anbiziotsuetan askotan ahaztu egiten da gertutasuna. Ni beti eroso sentitu naiz Alkizan, oso goxo»

Museoaren bueltan sortutako lagun taldeko kide da Susana Cencillo (Andoain, 1973) soinu jotzailea. Jauregiren alabari eskolak ematen zizkiolako ezagutu zuten elkar Jauregik eta biak, eta 2014tik, SK Efimeroak proiektuan aritu dira elkarrekin. «Zer diren gauzak, performance horietan momentuan hasi eta bukatzen ziren obrak egiten zituen Koldobikak. Bizitza ziklo bat dela eta efimeroa dela errepikatzen zuen behin eta berriro. Sinbologia hori oso presente dago bere obran, gurpilak, zirkuluak edota ilargiaren zikloak ageri dira. Uste dut artista, eta pertsona bezala, oso koherentea zela».

Susana Cencillo, laguna eta akordeoi jotzailea: «Bizitza ziklo bat dela eta efimeroa zela errepikatzen zuen behin eta berriro. Sinbologia hori oso presente dago bere obran, [...]. Uste dut artista, eta pertsona bezala, oso koherentea zela»

Honela gogoratzen du Edurne Ayusok (Itsasondo, 1977), Alkizako Kultura teknikariak: «Jendea bere inguruan eroso sentiarazteko gai zen Koldobika, bere inguruan tentsioak nabarituz gero, giroa baretzeko esaldi egokia botako zuen beti». Bat dator Igerabide ere: «Kritika zorrotzak egiten bazekien. Jolastuz bezala gauzak ezbaian jartzen zituen etengabe. Oso modu egokia eta eraginkorra deritzot, jendeari beste gauza batzuk pentsarazteko. Horretan oso iaioa zen». 

 
Edurne Ayuso, Alkizako Kultura teknikaria: «Jendea bere inguruan eroso sentiarazteko gai zen Koldobika, bere inguruan tentsioak nabarituz gero, giroa baretzeko esaldi egokia botako zuen beti»

Irazabalbeitiak, lagun artean, zirikatzaile bezala gogoratzen du: «Polemista handia zen, bazekien zer esan behar zuen eztabaida pizteko. Bazuen sen kritikoa». Era berean, bere gogoeten maila aipatu du Igerabidek: «Ematen zuena baino teorizazio sakonagoak egiten zituen, baina nola umorez esaten zituen, balioa kenduz bezala, askotan oharkabean pasatzen ziren. Hala ere, arteari eta filosofiari buruz esaten zituenak oso gauza sakonak ziren». 

Balioen transmisioa

Belaunaldi berriekin egindako lotura da Igerabidek aipatu duen beste aldeetako bat. «Hari ez zitzaizkion gauza hauek asko axola, ez dut uste helburu horrekin aritzen zenik, baina uste dut dizipuluak utzi dituela. Eragin handia izan du Koldobikaren lanak belaunaldi berrietan». Lasak aitortu du sentitzen duela haren arrastoa bere lanean: «Hark erabiltzen zuen urdinak, adibidez, obsesionatuta nauka eta askotan erabiltzen dut». Euskal Eskultoreen Elkartean egin zuten bat Jauregik eta Lasak. «Ez zuen artista kontsakratuaren usterik, ume bat bezalakoa zen eta gauza guztiekiko interesa agertzen zuen. Bere modura autodidakta, baina, aldi berean, oso gizon formatua zen».

Fagus Alkiza interpretazio zentroan urriaren 20ra arte 27 artistaren lanak biltzen dituen erakusketa izango da; 'Dantza' pelikula filmatzean Xabier Artolak ateratako argazkiak ere jarrita daude. J.M.

Jauregiren ondoan egon ziren guzti-guztiek nabarmentzen dute haren eskuzabaltasuna. Esaterako, Errondosoro: «Etxean bezala sentiarazten zintuen bere tailerrean. Haren torkulua erabiltzeko batere eragozpenik ez zigun jartzen. Beti laguntzeko prest, bere eskura zegoen guztia eskaintzen zizun». Sortzaile billabonatarrak egin du egunotako ekitaldiak iragartzeko kartela eta lan horretan ere islatu ditu Jauregiren obraren zenbait aspektu: «Koldobikak hainbeste erabiltzen zuen urdina dago, eta badago hori bizia ere, bere lanei argitasuna ematen zien hori. Aipamena egin nahi izan diot Markinako marmolari, berak harria erabili baitzuen bere obretako askotan, eta urre koloreko arrastoak ere ageri dira, hori ere bere marka pertsonala baitzen». 

Eli Garmendia, argazkilaria: «Inguruarekin lotuta egon da Koldobikaren lana eta artearen munduan Alkiza mapan kokatu du, bai estatuan eta  baita nazioartean ere»

Errondosoro arduratu da gaurtik igandera bitartean Alkizako eliza-atarian ikusgai izango den erakusketa koordinatzeaz. Ur mara egonaldietan eta Sormenaren Kabia bekan parte hartu duten sortzaileen lanak bilduko dituzte bertan. Eli Garmendiak (Tolosa, 1984), Carlos Pericasekin batera, iaz hartu zuen parte bekan, eta erakusketarako Erretratu Nomadak egitasmoaren barruan Jauregiri egindako erretratua ekarri du. «Inguruarekin lotuta egon da beti Koldobikaren lana eta artearen munduan Alkiza mapan kokatu du, bai estatuan eta baita nazioartean ere», esan du Garmendiak. Gogoan du 2021ean erretratua atera ziotenean nola gerturatu zen Jauregi emazte eta alabarekin, eta nola biharamunean lore sorta bat ekarri zieten bueltan, euren furgoneta apaintzeko. 

Egonaldietan eta bekan parte hartu izan duten sortzaileekin batera sortzaile gazteagoen lanak ere ikusi ahal izango dira igandean elizako portikoan. Alkizako eskolako umeek egindako arte lanak egongo dira bertan jarrita. Gerezi alabak eskolan ikasten zuen bitartean ikas-komunitatearen parte izan zen Jauregi, guraso bezala. Ordutik, baina, modu batera edo bestera, mantendu du harremana eskolarekin, nagusiki, hark sustatutako Sormenaren Kabia bekaren bitartez. Urtero sortzaileek eskolara bisita bat egin eta saio bat egiten dute ikasleekin. Leire Zubeldia (Zizurkil, 1984) Alkizako eskolako zuzendariak aipatu duenez arrakasta handia izaten du ekimenak: «Urtero askotariko proposamenak etortzen zaizkigu sortzaileen eskutik eta ikasleekin eskola barruan lanketa egiteko baliatzen ditugu. Oso aberatsa da guretzat».

Leire Zubeldia, Alkizako eskolako zuzendaria: «Ikasleei proposatu diegun beste gauza bat izan da, arte tailerrean, Koldobikaren lan jakin batzuen interpretazioa egitea»

Jauregiren heriotzaren ondoren egunotan egiten ari diren omenaldi ekitaldiak ere baliatuko dituzte eskolan artistaren obraren transmisioa egiteko. «Hizkuntza tailerrean bere biografia landu dugu eta ikasleei proposatu diegun beste gauza bat izan da, arte tailerrean, Koldobikaren lan jakin batzuen interpretazioa egitea, bere obrak abiapuntu bezala hartuta jardun dute egun hauetan. Sortu dituzte lanak Arbolaren egia eskulturan inspiratuta, alde batetik, eta berak askotan erabiltzen zuen iruditeriaren oinarritutako konposizioak hartuta, bestetik. Zerbait xumea bada ere, umeen begiradatik hor egongo da gure ekarpena».

Inon baino ageriago geratuko da ikasleen arte lanetan, Koldobika Jauregiren bizialdi artistikoaren bigarren fase bat hasten dela orain. Igerabidek dio artistaren presentzia artistikoa eta espirituala hor dagoela eta iraungo duela; horrela nahiko luke, behintzat. Uste berekoa da Cencillo ere, eta aurrera begira, modu batera edo bestera, Jauregiren legatuak jarraituko duela aipatu du: «Ur mararen bueltan biltzen ginen lagunok utzi duen ondare hori guztia transmititzeko ardura sentitzen dugu. Koldobika pertsona konprometitua zen. Balio batzuen bueltan aritu zen lanean, naturarekiko errespetua, jasangarritasuna, bakea... Badakigu motorra zela, baina, norabide berean jarraitzeko prest gaude gu, beti ere, familiaren oniritziarekin. Bere bizialdia bukatu zen, baina berak nahiko zukeen guk honetan jarraitzea».

Ez du nolanahiko hutsunea utzi artistak ingurukoengan. Heriotzatik lau hilabetera jabetzen hasita dago Gorostidi: «Ekarpen handia egin zion herriari, gehienetan isileko lana zen, ikusten ez zena, eta orain, falta denean hasiko gara nabaritzen haren falta. Tristeena hori da: hura bukatu zen, eta ea nola ematen diogun segida honi guztiari. Atorranteok, Ur mararen inguruan bildutako familiak, guztiari segida emateko eginahalak egingo ditugu. Haren zuloa tapatzen, ordea, zaila izango da oso».

Bien bitartean, bihar egingo duten ekitaldian lagun gisa, artista handi bezala gogoratzea nahi luke Igerabidek, haren «umorea eta gertutasuna» oroitzea. 12:00etan abiatuko den ekitaldian haren bizialdia ospatuko dute elkarrekin eta Cencillok Jauregi langile bezala gogoratuko du, «apala, umila, eskuzabala eta dibertigarria». Utzi duen hutsunea betetzen hasteko aukera bezala ikusten dute antolatzaileek biharko eguna, eta Errondosororen ustez, hark utzitako hazia, sortu zuen familia zabal horrek zainduko du. Legarretaren esanetan, «hainbeste gauza konpartitu dituen pertsona batek bere presentzia uzten du toki askotan». Eternoa da Jauregi. Biziraungo du toki askotan, eta nagusiki, bere ingurune gertukoan, Alkizan. Herriaren etorkizunarekin betirako lotuta geratuko da Garmendia baserrian jaio, eta handik metro gutxira, Kapitan Tximistan, azken arnasa eman zuen artista. Distantzia efimero horretan, kabitu daitezke unibertso gehiago? 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!