Joan den ekainaren 16an zendu zen Koldobika Jauregi artista oroituko dute egunotan bere herrian. Bizitza efimeroa lelopean eskulturagilearen bizialdia ospatzeko egitaraua abiatu dute gaur. Urriaren 12an egingo dute ekitaldi nagusia, baina aurretik erakusketak, proiekzio eta hitzaldiak izango dira.
Herriarekin lotura zuen beste artista handi bat gogoratuz abiatu dute Jauregiren omenezko egitarauaren aurkezpena: duela gutxi zendu zen Juan Luis Goenaga pintorea; hark ere Alkizari lotuta egin zuen bere ibilbide profesionala eta pertsonala. «Herriak asko zor die bi artistei eta biei egingo zaie merezitako omenaldia», esan du Edurne Ayuso kultura teknikariak. Datozen hilabeteetan Goenagaren senideekin adostuko dute nola egin haren omenaldia, baina asteotan Jauregiren bizialdian jarriko dute arreta.
Inaki Irazabalbeitia alkateak aipatu du artista hil ondoren inguruko jende asko geratu zela artistari «agur» eta «eskerrik asko» esan nahian. Horregatik, familiaren oniritziarekin, batzorde bat sortu du udalak Jauregiren omenezko ekitaldiak antolatzeko. Udal ordezkariez gain, batzordean parte hartzen dute herriko eragileek eta Ur marak bere ibilbidean zehar osatu zuen sareko kideek.
Irazabalbeitiak Jauregiren konpromisoan egin du azpimarra: «Gizartearekin, Euskal Herriarekin eta herri honekin konprometituta zegoen. Bost agintalditan aritu zen zinegotzi. Ordaindu gabeko lana egin zuen eta herri honek estimu handitan eduki beharko luke. Udal taldeetan ibili garenok horrela daukagu behintzat». Ekarpen handia egin zion eskulturagileak herriari eta Fagus-Alkiza proiektua nabarmendu du alkateak.«Egitasmo hau ezingo genuke ulertu Koldobikaren filosofia gabe, natura, gizakia eta kultura lotzen dituen filosofia hori gabe».
Askotariko ekitaldiak
Bizitza efimeroa leloa aukeratu dute Jauregin bizialdia ospatzeko eta izenburu horrekin Fagus Alkiza interpretazio zentroan erakusketa zabaldu dute gaur. Urriaren 20ra arte egongo da zabalik eta bi zati izango ditu. Alde batetik, Xabier Artolaren Kameren aurrean dantzari: Dantza filmeko argazki sorta bat izeneko erakusketa egongo da ikusgai; eta bestetik, Uxue Lasa eta Angel Navasek koordinatuta, hainbat artistaren lanak biltzen dituen erakusketa. Besteak beste, Jose Ramon Anda, Isabel Azkarate, Detritus, Aitor Irulegi, Keixeta, Kimuri, Nagore Legarreta eta Jose Luis Zumetaren lanak ikusi ahal izango dira bertan. 27 artistaren lanak guztira. «Espazio mugatua da eta ezin izan dute nahi izan duten guztiak parte hartu», aipatu du Lasak.
Egitarauarekin jarraitzeko, Dantza filmaren proiekzioa eta hitzaldia eskainiko dute Telmo Esnalek eta Artolak berak, urriaren 10ean, 18:30ean Fagus Alkizan. Horrekin batera, Antoniok Casado filosofo eta irakasleak Jauregiren omenezko hitzaldi bat eskainiko du, urriaren 11n, 19:00etatik aurrera.
Fagus Alkizakoa ez da izango ikusgai izango den erakusketa bakarra. Urriaren 11tik 13ra, elizako arkupeetan, Ur mara egonaldietan eta Sormenaren Kabia bekan parte hartu duten artisten lanak izango dira ikusgai. Alkizako eskolako umeek ere egingo diote ekarpena erakusketari. Jauregiren hainbat lanetan oinarrituta euren interpretazioa eginez, arte tailerrean landu dituzten obrak eramango dituzte erakusketara.
Ekitaldi nagusia urriaren 12an egingo dute, Irazabalbeitiak esan duenez, Jauregirekin bizitakoak elkarrekin oroituko dituzte. Aurreratu duenez, 12:00etan hasiko da ekitaldia, baina ez du zehaztasun gehiagorik eman nahi izan, soilik aipatu du Ur mara museoko dozenaka lagun bilduko direla bertan eta musika, poesia eta artea uztartuko dituela ekitaldiak.
Jauregik ohitura zuen bezala, ospakizun hau ere mahaiaren bueltan amaituko dute, eta herri bazkari bat egingo dute frontoian. Artistaren emazte Elenari eta alaba Gereziri babesik beroena luzatuz amaitu nahi izan du aurkezpen ekitaldia Irazabalbeitiak. «Koldobika ez zen omenaldi zalea, ez zitzaion horrelako gauzak gustatzen. Baina dagoen tokian dagoela, ez dut uste haserre egongo denik, hainbeste lagun eta hainbeste kariño ikusita irribarrez egongo da».
ATARIAk, datorren urriaren 11ko alean, erreportaje zabala kaleratuko du Jauregik Alkizako herriari egin zion ekarpena laburbilduz eta haren gertukoen hitzak jasoz.