Inguruan ditugun kulturen eta gurearen arteko harremanak aztertzeko, aurten kulturaren bideak izango dira Gipuzkoako Ondarearen Europako Jardunaldien gai nagusia. Kulturaren bideak. Donde conecta la cultura programa landu du Gipuzkoako Foru Aldundiak 47 eragile baino gehiagorekin. Urriaren 2tik aurrera 109 ekitaldi egingo dira Gipuzkoako 31 udalerritan, tartean Alkizan eta Tolosan.
Urriaren 26an, Sendabelarrak eta aitzinako jakintzak tailerra antolatu dute Alkizan. Inguruan aurki daitezkeen neguko sendabelarrak eta horiek dituzten erabilera ezberdinak ikasiko dituzte.
«Alkizarrak lurrari lotuta bizi izan dira mendeetan zehar, naturak berak emandakoari etekina atereaz, ingurumena errespetatuz eta zainduz. Gizakia eta natura harmonian egon dira, euren bideak etengabe txirikordatuz», esan dute Alkizako Udaletik. Harreman estu horrek naturaren ezagutza ekarri duela adierazi dute eta Fagus Alkiza interpretazio zentroak aintzat hartzen duela ezagutza hori, ikusgarritasuna eman eta belaunaldi berriei transmitituz.
Ibilbide komentatu bat eta tailerra eskainiko dituzte Alkizan urriaren 26an. 10:00etan plazatik abiatuta, ibilbide motz bat egingo dute sendabelarrak ezagutzeko eta haien erabilerak ikasteko. Bakarrik, familiarekin edo lagunartean egin daiteke ibilbidea eta bidean bildutako sendabelarrekin, liburuxka bat osatuko dute. Amaitzeko ikasitakoa praktikan jarriz, produktu naturalekin egindako erremedio bat prestatuko dute Fagus Alkiza interpretazio zentroan.
Ekitaldi honetan parte hartzeko, 688 604 466 telefono zenbakira hots egin daiteke edota mezu bat idatzi kultura@alkiza.eus helbidera.
Aniztasunaren aldarria
Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, Aniztasunaren Gala egingo dute urriaren 12an, 19:00etan, Topic-en. Aniztasunetik musika, dantza eta antzerkiaren ospakizuna izango dela nabarmendu dute antolatzaileek. «Emanaldiek erakutsiko dute arteak ez duela mugarik eta museoak etorkizun ekitatibo, bidezko eta jasangarri bat eraikitzeko balio dutela. Komunitatearen eta artisten garapenerako topagune izateko konpromisoa agertuko dute museoek gala honetan».
Chillida Leku eta Oiasso museoekin elkarlanean antolatu du Topic-ek Aniztasunaren Gala. Plaza mugatuak dira eta 5 euro ordaindu beharko dira parte hartzeko. 943 65 04 14 telefonoan edota cit@cittolosa.com helbidean eman daiteke izena.