Alkizako jaiak 2024

Bizikletaren festatik, mozorroen festara

Ataria 2024ko irailaren 14a

Jaietako azken eguna ospatzen ari dira Alkizan: Mozorro eguna. Goizean, haurren bizikleta lasterketak egin dituzte; arratsaldean, berriz, mozorrotuta jarraituko dute festa giroan alkizarrek.

Alkizako jaietan tradizio handiko ekitaldia da txirrindulari lasterketa. 40 urte inguru izango dira lehen aldiz antolatu zutela. Lehen, erlojupeko proba egiten zuten herrian zehar. Beranduago, Asteasutik hasita igoera egiten hasi ziren, eta aldapa hori nahikoa ez zela eta, Anoetatik hasita hasi ziren egiten gero. Herriko txirrindulariez gain, inguruko herrietatik ere gerturatzen ziren zikloturistak; hori bai, federatuek ezin izaten zuten lehiatu.

Gaur egun, baina, helduak antolakuntzan aritzen dira, trafikoa moztu behar izaten dutelako, eta 2 eta 12 urte bitarteko haurrek parte hartzen dute, herriari itzuli bat emanez. Adinaren arabera banatzen dituzte haurrak eta 2 eta 4 urte artekoek herriko plazan egiten dute saioa. Aurten, 29 haurrek parte hartu dute lasterketetan, eta denek jaso dute sariren bat amaieran.

Behin txirrinndulari lasterketak amaituta, mozorroak janzteko garaia heldu zaie alkizarrei. Une honetan, barrikote bazkaria egiten ari dira, eta honakoa da arratsalderako prestatuta duten egitaraua:

  • 16:30. Bingoa.
  • 17:00. Mozorro play-back emanaldiak.
  • 19:00. Joselontxo txaranga.
  • 22:30. Kontzertuak: Dukkha eta La Txama.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!