Alkizako Udalak herriko beste hainbat eragilerekin batera sustatzen duen Sormenaren Kabia beka eskuratu dute Uxue Juarez Gaztelu eta Ada Garrues Paularena artista iruindarrek.
Alkizako Udalak , herriko eragileekin elkarlanean, artistek hausnartu, sortu eta lan egiteko proiektu bat sortu zuen 2018an: Sormenaren Kabia beka. Egitasmo horrekin lortu nahi dute Alkiza landa eremuko sorgune moduan erreferente izatea eta arte - sorkuntza hirietatik deszentralizatzea.
Aurreko ekitaldien moduan, bi beka eman dira. Mila euroko diru saria jasoko du hautako proiektu bakoitzak eta, iraila eta azaroa bitartean, hiru astez Alkizan euren proiektuak garatzeko aukera izango dute Lete Apartamentuetan.
Antolakuntzak diziplina ezberdinetako profesionalez osatutako epaimahai bat osatzen du urtero. Orain arte Koldobika Jauregi eskultore alkizarra epaimahaikideetako bat eta bekaren zutabeetako bat izan da. Tamalez, ordea, Jauregi ustekabean hil da eta bere heriotzarekin airean geratu dira Alkizako hainbat eta hainbat ekimen eta proiektu. Eskultoreak hala nahiko zuelakoan, eta galera handia aitoruta, udalak erabaki du bekarekin aurrera egitea. Honenbestez, antolakuntza egokitu behar izan dute eta Idoia Zabaleta, Miriam Loidi, Txiki Keixeta eta Juan Kruz Igerabidek osatu dute epaimahaia.
Proiektuaren kalitatea eta sormena; bideragarritasuna eta udal azpiegituren lan espazioetara egokitzea; berrikuntza eta originaltasuna; Alkizako herriari egiten dion ekarpena; jasangarritasuna bermatzea; eta hautagaiak proiektuan parte hartzeko azaldu duen interesa. Irizpide horiek hartu dituzte kontutan proposamenak aztertzerakoan.
Uxue Juarez Gaztelu
Filologia Hispanikoko lizentziaduna da eta Hizkuntza eta Literaturako irakasle gisa lan egiten du Iruñean. Poesia, testu hibridoak eta haurrentzako ipuinak idazten ditu. Egonaldia Beleburu idazten jarraitzeko baliatu nahi du. Bi ildo izango ditu proiektuak: artistikoa eta pedagogikoa. Alkizako parajeak, Beleburu mendia, Hernio-Gazumeko naturagunea eta bertakoen ahotsak eta lexikoa baliatuko ditu akuilu gisa egonaldian.
Ada Garrues Paularena
Margolaritzan espezializatutako diziplina anitzeko artista da. Egonaldian zehar paisaiaren eta fisikotasunaren ideian zentratutako ekoizpen piktorikoaren ikerketarekin jarraitu nahi du. Euskarri gisa inprimatu gabeko oihala erabiltzen du, irudiaren horizontaltasuna materialtasunetik birpentsatuz. Geruzekin eta gardenkiekin lan egiteko aukera ematen dioten materialak erabiltzen ditu, sakontasuna eta giroa sortzeko, beste espazio batzuetarako leihoak sortuz.