Alkizako jaiak 2024

Bi asteburutan egingo dituzte Alkizako festak

Ataria 2024ko ira. 4a, 15:00

Irailaren 6, 7, 8, 13 eta 14an egingo dituzte festak. Irailaren 6an, oiloaren jaitsierarekin abiatuko dituzte jaiak.

Ostiralean hasiko dituzte festak Alkizan, 19:30ean, oiloaren jaitsierarekin. Aurretik haur jolasak egingo dira eta ondoren herri afaria ostatuan. Ostiraleko gaua Arima Cool taldearen emanaldiarekin amaituko dute. Aurten, bi asteburutan ospatuko dituzte festak. 

Lehenengo asteburuari dagokionez, eta larunbateko egunari erreparatuta, herri kirolak izango dira protagonista. 17:00etan herriko gazteen artekoa egingo dute, eta gauean, 23:00etan, frontoian egingo dute saio nagusia. Mikel Larrañaga, Eneko Otaño eta Julen Alberdi Txikia IV ariko dira aizkoran, eta harri jasotzen, berriz, Izetaren eskolako Lierni Osa eta Ainitze Zumeta eta Ostolazaren eskolako Olaia Esnaola eta Estefania Etxebeste. Trikitilariak ariko dira herri kirol saioaren ostean.

Aurreneko asteburuarekin amaitzeko, igandean, umeen pilota partiden ondotik, 12:00etatik 14:30era artisautza azoka egingo dute plazan. Ondorengo sortzaile eta ekoizleek izango dute postua bertan: Agur Handmane, Amesgile, Balerdipeko erleak, Bouscha, Ingaia, Limoi Arroxak, Luixiren Pitxiak, Sualma eta Tanay Interiorismok.

Datorren asteko ostiral eta larunbatean jarraituko du festak Alkizan. Ostiralean bertso saioa eta larunbatean mozorro eguna izango dituzte festen barruan.

Egitaraua

  • Irailak 6, ostirala
    • 17:00. Haur jolasak.
    • 19:30. Txupinazoa, oiloaren jaitsiera eta buruhandiak.
    • 21:00. Herri afaria, Ostatu jatetxean.
    • (Izen emateak irailaren 1a baino lehen. Menuaren prezioa 38,50 euro. Sarrerakoak: urdaiazpikoa; errusiar entsaladilla; kalamarrak; otarrainxka plantxan. Bigarren platera: txekor kostial entsalada berde eta patatekin; Azkenburukoa eta kafea).
    • 23:30. Arima Cool taldearen dantzaldia.
  • Irailak 7, larunbata
    • 11:00. Puzgarriak eta apar festa.
    • 12:30. Toka txapelketa.
    • 14:00. Jubilatu bazkaria.
    • 17:00. Herri kirolak, herriko gazteen artean. Herrian falta direnen omenez.
    • Ondoren. Sagardo dastaketa.
    • 23:00. Herri kirol saioa.
    • Jarraian. Laja eta Narbaiza trikitilariak.
  • Irailak 8, igandea
    • 10:00. Meza.
    • 11:00. Herriko umeen pilota partiduak.
    • 12:00. Artisau azoka.
    • 18:00. Jon Ostolaza eta Andoni Larrañagaren eskutik trikiti saioa.
    • Arratsaldean zehar. Eko-Talo bertan izango da.
  • Irailak 13, ostirala
    • 17:00. Herriko beteranoen arteko pilota finalak.
    • 20:30. Ogitarteko jana sagardoarekin.
    • 22:00. Bertso saioa. Sebastian Lizaso, Jexux Mari Irazu, Maialen Lujanbio, Alaia Martin, Amets Arzallus eta Andoni Egaña. Gai jartzailea: Amaia Agirre.
    • Ondoren. Etxebarria aita-semeen eskutik erromeria.
  • Irailak 14, larunbata
    • Mozorro eguna
    • 12:00. Haurren txirrindulari lasterketa.
    • 14:00. Barrikote bazkaria.
    • 16:30. Bingoa.
    • 17:00. Mozorro play-back emanaldiak.
    • 19:00. Joselontxo txaranga.
    • 22:30. Kontzertuak: Dukkha eta La Txama.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!