Koldobika Jauregi artista zendu da, 64 urte zituela. Batik bat eskulturaren arloan egindako lanagatik zen ezaguna, bai Euskal Herrian, bai nazioartean; baina landu zituen margogintza eta bideogintza ere. Haren gertukoek nabarmendu dute «konpromiso handia» zuela herriarekin, pertsona «oso jantzia» zela eta beti izaten zela prest edozeri buruz ikasteko, entzuteko eta hitz egiteko.
Hiru dimentsiotan irudiak egiten 1970eko hamarkadan hasi zen eta, batik bat, egurra eta harria erabiltzen zituen. 1990ean jaso zuen Eduardo Chillidaren Zabalaga beka, eta Düsselrdorfen (Alemania) egin zuen lan lau urtez, Hombroich Insel Museoan artista gonbidatu gisa. Geroago, Karl Henrich Muller mezenasak emandako beka bati esker beste egonaldi bat egin zuen hiri berean, 1996. eta 2000. urteen artean.
Jaso adina eman
Xabier Artola Alkizako herritarrak nabarmendu du Jauregik «etengabeko jakin-mina» sentitzen zuela artista berriekiko, eta hark «laguntza» jaso zuen moduan sentitzen zuela «betebeharra» hasiberriei laguntzeko. Artola bera ere lagundu omen zuen Ikiliko txondorra argazki liburua argitaratzen; eta ez zen, inola ere, elkarlanean aritu ziren txanda bakarra. Besteak beste, Dantza pelikulan ekoizpen arduradun aritu zen Jauregi eta Elena Cajaraville bikotekidea, berriz, zuzendari artistiko izan zen. Bada, Artolak gogora ekarri du filmaketetara argazkiak ateratzera gonbidatu zuela.
Alkizako alkatea eta Jauregi zenaren lagun mina da Inaki Irazabalbeitia eta, besteak beste, nabarmendu du Ur Mara museoa dela eskultoreak herrian egindako «ekarpen handienetako» bat. Artistei laguntzeko egonaldiak antolatzen dituzte bertan uztailean zein abuztuan, eta aurtengorako beteta dituzte leku guztiak. Bestalde, hari berari tiraka Sormenaren kabia beka sustatzen aritu zen Jauregi. Zazpigarren aldia du, aurten, bekaren deialdiak, eta proiektu horren bitartez artistek euren sormen lana garatzeko aukera izaten dute museoan bertan. Sortzaileak aukeratzeko epaimahaiko kide izaten zen Jauregi, eta behin aukeraketa ebatzita, lanen inguruko aholkuak ere ematen zizkien.
Hain zuzen, bertan izan zen Uxue Lasa Eskuahaldunak euskal eskultoreen elkarteko kidea, eta horrela hasi omen zen bien arteko adiskidetasuna. Laguna galtzearen saminez hitz egin du Lasak: «Pertsona zoragarria zen: oso eskuzabala, bihotz onekoa... Bai bera, bai Elena zein Ur Marako talde guztia. Zoragarriak dira».
Autodidakta izan zen, eta «prestakuntza handikoa» eta «oso pertsona jantzia» zela ekarri dute gogora bai Artolak, Lasak zein Irazabalbeitiak. Eta, hari berari tiraka, guztiek ala guztiek nabarmendu dute «pentsaera oso irekia» zuela, jakin-min «handia» sentitzen zuela artista berrien inguruan eta ez zuela «beldurrik izaten» zer pentsatzen zuen adierazteko.
Arteaz harago
Aipatutakoaz gain, herriarekin «konpromiso» handia zuela ere aipatu du herriko alkateak. Horren adierazle izan liteke Jauregi bost legealdiz izan zela Alkizako Udaleko zinegotzi. Zentzu berean, Irazabalbeitiak aipatu du Jauregik pentsatzen zuela herri txikietan kultura «egin daitekeela eta egin behar dela», eta hori lortzera begira jarri omen zituen martxan aurretik aipatutako proiektuak.
Obra ugari eta ezagunak utzi ditu Jauregik. Tolosaldean ere bere zenbait eskultura daude jarrita, besteren artean, Tolosako Zabalarreta parkean dagoen eta 2007ko urtarrilean inauguratu zuten Kantu Isila IX, eta Joxe Arregi eta gainerako torturatu guztiak gogoan hartzeko Zizurkilen 2014an jarri zuen Barne kanta. Jauregiri egindako enkarguz egindako lana da, harrizkoa eta bi metro pasako altuera du.