Azken doinuak Alkizan

Leyre Carrasco 2024ko ekainaren 9a

Naturaren Doinuak ekimeneko azken eguna ari dira ospatzen Alkizan, eta egun osoko festa prestatu dute gaurko; goizean azoka eta kontzertua egin dituzte, eta arratsaldean, berriz, abeslariak eta dantzariak izango dira oholtza gainean.

Naturak eta musikak bat egin dute, beste urte batez, Alkizan. Izan ere, ostiralean abiatu zuten Naturaren Doinuak izeneko ekimena eta gaur emango diote amaiera egitasmoari. 2021ean abiatu zen eta aurreko edizioetan egun bakarreko egitaraua antolatzen bazuten ere, aurten asteburu osoko programazioa prestatu dute. Urtero, elkarte edo eragile bat hartzen dute ardatz, eta aurten Aspanogi Gipuzkoako Haur Minbizidunen Familien Elkartea izan da protagonista.

Goizean artisau azoka egin dute pilotalekuan. Bertan, askotariko produktuak ikusi eta erosteko aukera izan dute bertaratu diren herritarrek. Horrez gain, mokadutxo batez gozatzeko aukera ere izan dute, eliza atarian gastronomia postu ugari baitzeuden. Ondoren, 12:30ean hasita, Postal Kolekzionistak musika taldearen doinuek girotu dute Alkiza eta paraje paregabeak izan dituzte ikusleek emanaldiarekin batera gozatzeko.

Festak arratsaldean izango du jarraipena, eta 17:30ean, Naturaren Doinuak emanaldia egingo dute pilotalekuan. Horren ostean, dantzaldia izango da Muxutruk erromeria taldearen eskutik.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!