ELKARRIZKETA

«Proiektuaren izateko arrazoia da gizartean inpaktu bat sortzea»

Aitor Arroyo Askarai 2024ko eka. 7a, 07:58

Sharabani Aranzabe musikaria. A.A.A.

Naturaren doinuak ekimena 2021ean jarri zuen martxan Shrabani Aranzabe (Alkiza, 1999) musikariak. Aurreko edizioetan egun bakarreko egitaraua antolatu dute; aurten, berriz, asteburu osorako prestatu dute programazioa.

Beste berrikuntza bat ere badute: irekiera ekitaldian desioen zuhaitz bat landatuko dute, eta urtez urte mantendu nahi dute ohitura. Proiektuaren xehetasunak izan ditu hizpide Aranzabe antolakuntzako kideak.

Jaialdiak bere lekua egin duela esan liteke, ezta?

Proiektua 2021ean sortu zen, pandemia garaian, eta urtez urte bere lekua irabazten joan da poliki-poliki. Aurreko edizioak ekaineko bigarren astean egin genituen, eta aurten ere hala izatea nahi genuen, horrela, leku hori egutegian ere lortzen duelako.

Aurten, gainera, berrikuntza handi batekin dator. Orain arte beti egun bakarra egin dugu –ekaineko bigarren igandea–, baina aurtengoa antolatzen hasi ginenean pentsatu genuen: «Zergatik ez dugu asteburu oso bat antolatzen?». Eta, azkenean, hiru eguneko jaialdia izango da. Apustu oso handia da, eta, alde berean, oso pozik gaude, horrek ere eragiten duelako bere lekua irabazi ahal izatea.

Zertan aldatuko da?

Orain arte oso programazio polita izan dugu, baina egun bakarrekoa izateak bere mugak ditu. Aurtengorako programazio oso zabala daukagu, askotariko publiko batentzat. Ez da bakarrik gazteentzat, edo helduentzat edo familientzat. Denentzako dago. Horrez gain, aurten bada beste berezitasun bat ere: irekiera ekitaldian desioen zuhaitz bat osatuko dugu. Aduna Garden babesleak haritz txiki bat eman digu; bada, zuhaitz horri desioak zintzilikatuko dizkiogu xingolen bidez eta, gero, landatu egingo dugu. Helburua litzateke urtez urte zuhaitz bat landatzea eta, pixkanaka, Naturaren doinuak basoa osatzea.

 

«Oso programazio polita daukagu, baina, gehien bat, igandekoa oso berezia izango da»

 

Nondik nora sortu da jaialdi izatera zabaltzeko asmo hori?

Jaialdiaren ideia hasiera-hasieratik dator, baina poliki-poliki ari gara pausoak ematen eta neurria hartzen. Ikasten ari gara, hanka sartuko dugu eta sartzen jarraituko dugu, baina hobetzen eta konpontzen ere saiatzen gara etengabe. Proiektuak urte batzuk egin dituenez, eta pixka bat egonkortu denez, gehiago egiteko gogoa sartu zaigu. Oraindik ez da guri gustatuko litzaigukeen horretara iristen, gauzatzeko ideia eta proiektu asko baitaude. Baina aurtengo edizioaz oso harro gaude, programazio oso bat egitea lortu dugulako eta, egia esan, oso zaila izan delako.

Bagoaz poliki-poliki eta oso polita izaten ari da, guztiok ari garelako aurrera egiten. Aurten, gainera, oso talde indartsua daukagu eta laguntzaile asko ere baditugu. Are gehiago, logo horien atzean daudenak benetan lagundu nahi gaituzte, ez da dirua edo materiala ematea bakarrik. Ni, behintzat, aurten oso-oso eskertuta nago haiekin.

Diziplina asko uztartu dituzue. Zergatik hautu hori?

Galdera bat da abiapuntua: Zer da kultura? Ez naiz sartuko kontu filosofikoetan, baina kultura osatzen du denak. Azkenaldian iruditzen zait jaialdiak egin direla arlo bakoitzarentzat: musika, dantza... Gauza bakoitza kaxa bereizi batean sartzeko joera dagoela esango nuke, baina gizartea ez da horrelakoa. Gizartean guztiak inguruarekiko elkarbizitza bat dauka, eta politena da horien guztien artean zubiak eraikitzea. Bada, jaialdi honen helburua da musika, dantza, literatura, gastronomia... Euskal Herriko kultura osatzen duten diziplina guztiak biltzea. Seguru baten bat utzi dugula bidean, baina hurrengo urterako sartuko dugu; urtez urte hobetzen joango garen proiektu bat da.

 

«Gauza bakoitza kaxa bereizi batean sartzeko joera dago, baina gizartea ez da horrelakoa»

 

Ahalegina egiten duzue gazteei ere lekua aitortzeko.

Ez du balio esatea gazteak etorkizuna direla, gazteak oraina ere badira. Eta gazteak dira –gara– hau guztia aurrera aterako dutenak. Eta zein ederra den eurak dagokien lekua edukitzea eta hori ondo baino hobeto defendatzea? Asteburuan izango ditugu Tolosaldeko Ahots Gazteak (TAG) korua, Aspanogi elkarteko gazteak, ikastetxeetakoak, Klaap dantza taldeko gazteak... Gazte mugimendu dezente dago.

Kulturaren arloak kaxetan sailkatzearen joera bera dago gizartean ere: banatu egiten ditugu haurrak, gazteak, familiak, adinekoak... Eta hemen lortu nahi genuena izan da denek leku bera elkarbanatzea. Hori oso polita dela iruditzen zait.

Elkarte edo eragile bat hartzen duzue ardatz, urtero. Aurten Aspanogi Gipuzkoako Haur Minbizidunen Familien Elkartea izango da. Nondik sortu da elkarlana?

Lehenago ere kontatu izan dut nik minbizia izan nuela; eta hein batean, agian, horregatik jaio zen Naturaren doinuak 2021ean. Iaz gurekin izan ziren Izan Inurri kolektibokoak, zeinak lotuta dauden minbiziarekin. Aurtengorako ideia asko nituen, baina, bestalde, pentsatzen nuen agian minbiziaren gaiari erantzun behar diola Naturaren doinuak dinamikak; agian, horrekin geratzeko etorri dela.

Erabaki finkorik eduki gabe jarri nintzen harremanetan Aspanogi elkartearekin, eta lehen unetik, eraiki genuen oso zubi polita. Tailerrak ere egin ditugu, hau guztia aurretik baitator. Asteburu honetakoa jaialdia da, baina Natuaren doinuak proiektu luzeagoa da. Normalean urtarrilean hasten da eta ekaina bitarte tailerrak egiten ditugu musikan, dantzan... Onura batzuk eskaintzen dizkie talde zein kolektibo ezberdinei.

Eta elkarlana hitzartu zenuten.

Aspanogitik berehala esan ziguten baietz, eta familiek ere segituen eman zuten izena. Gipuzkoako Dantzagunean egin ditugu saio guztiak, ikaragarri ondo pasa dugu eta oso momentu politak bizitzeko aukera izan dugu.

Guztira, kolektibo ezberdinek hartzen dute parte: kulturaren arloan, lehen aipatu ditugu batzuk; eta belaunaldi arteko abesbatzak ere izango ditugu. Gonbidatu bereziak izango ditugu eta Villabonako Zubimusu ikastolako ikasle batzuk ere hartuko dute parte. Gonbidapena askoz ere zabalagoa izatea gustatuko litzaiguke, Naturaren doinuak izan beharko lukeelako denentzako leku bat. Poliki-poliki goaz gure helburuak lortzen eta pozik gaude. Aurten, gainera, Aspanogi erdigunean jarrita oso polita izaten ari da.

Aurreko urteetan bezala, hainbat artistekin elkarlanean egingo dituzue emanaldiak, eta bada sorpresarik ere, ezta?

Aurten oholtza gainean jende asko edukiko dugu, eta sorpresak sorpresa izan daitezen utziko dugu [barrez]. Lehen aipatu ditugu TAG abesbatza eta Klaap dantza taldea. Bada, horiez gain, Noa ekitaldiak elkarteko Nahikari eta Olatz ere izango ditugu, eta musikari bezala –ea denak ondo esaten ditudan–: Aitor Furundarena akordeoian, Jabi Luengo baxuan, Iñigo Asensio gitarran eta pianoan, gonbidatu berezi bat ere badugu hortik, perkusioan Mikel Urretagoiena, biolinean Martin Kortaberria, eta pianoan bakarlari Oihana Fernandez de Larrinoa. Horrez gain, literaturaren aldetik egongo lirateke Xabier Artola eta Maxux Aranzabe. Ikastolako umeak ere izango ditugu, eta dena ezin dugu esan; bestela, honi txinparta kenduko baitiogu.

Zein da proiektuaren izateko arrazoia?

Proiektuaren izateko arrazoia da musikan, kulturan eta, oro har, gizartean inpaktu bat sortzea; kultura tresnatzat hartuta eragin bat sortzea eta gizartea batzeko modu bat izatea. Aniztasunak egiten gaitu aberats, eta horrek gure indargunea izan behar du. Gure proiektuak norbaiti zertxobait laguntzen badio, guretzat erabateko arrakasta da. Aukera izaten ari gara, adibidez, Aspanogiko familiekin-eta lan eginda, behin tailerrak bukatu eta gerturatzen zaizkizunean eskerrak emanez edo... Oso momentu bereziak dira; minbizia, minbizia baita.

Honen helburua da ahalik eta kolektibo gehienetara iristea eta tresna bat ematea pixka bat hobeto sentiarazteko. Hortik aurrera jaialdia egin daiteke edo ez, baina Naturaren doinuen helburua, izatez, hori da: gizartean inpaktu positibo bat sortzea eta zerbait inklusiboa egitea. Ez dakit lortzen ari garen, joango gara baloratzen; baina horixe da.

Zer esango zenioke jaialdira joan edo ez zalantzan dagoenari?

Etor dadila, bera izango delako falta den bakarra eta ikaragarri ondo pasako dugulako. Oso programazio polita daukagu, baina, gehien bat, igandekoa oso berezia izango da; eta denentzako lekua egongo da. Ea eguraldiak laguntzen digun, espero dut baietz [barrez]. Baina etor daitezela disfrutatzera, horretarako dago-eta hau.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!