Sormenaren Kabia bekaren zazpigarren edizioa martxan da

Ataria 2024ko eka. 3a, 11:58

Miriam Loidi iazko irabazleetako bat eta aurtengo epaimahaikide izango dena

Ekainaren 1etik uztailaren 1era proiektuak aurkeztuko aukera izango dute sortzaileek eta oinarriak eskura daude Fagus-alkiza.eus eta Alkiza.eus atarietan.

Alkizako Udalak herriko eragileekin elkarlanean, artistek hausnartu, sortu eta lan egiteko proiektua sortu zuten 2018an: Sormenaren Kabia beka. Egitasmo horrekin Alkiza landa eremuko sorgune moduan erreferente izatea eta arte sorkuntza hirietatik deszentralizatzea lortu nahi zuten. Ekimenak jarraitu du urteotan eta zazpigarren edizioa martxan da. Parte hartu nahi dutenek proiektua aurkezteko aukera izango dute uztailaren 1era arte.

Edozein diziplinetako artistek har dezakete parte deialdian: arte plastiko eta bisual, arte eszeniko, dantza, arkitektura, musika, literatura eta zinema arlokoek. Sormenaren Kabia beka adinez nagusia den edozein sortzaileentzako irekita dago.

Aurreko ekitaldietan bezala bi beka emango dira. Hautatutako proiektu bakoitzak 1.000 euroko diru saria jaso eta hiru astez Alkizan hausnartu eta sortzeko aukera izango du, egonaldia Lete apartamentuetan eginez. Beka lortzen duten artistek, bestalde, Ur mara museoko Elena Cajaraville artista bitxigilearen eta Koldobika Jauregi eskultorearen bide laguntza izango dute. Gainera, Unai Sorarrain bideogile alkizarrak beka eskuratzen duten proiektuekin ikus-entzunezko bana egingo du.

Antolakuntzak urtero epaimahai bat osatzen du beren-beregi beka emateko. Aurten, Koldobika Jauregirekin batera, Azala sorkuntza espazioko zuzendari artistiko den Idoia Zabaleta, eta 2023ko Sormenaren Kabia bekaren irabazleetako bat den Miriam Loidi izango dira epamaihaikide. Antolakuntzak epaimahaiaren erabakiaren berri uztaila amaitu aurretik emango du eta aurtengo ekitaldiaren emaitzak jendaurrean abenduan aurkeztuko ditu. «Sormena eta natura maite duten artista guztientzat irekita dago deialdia, eskarmentu handiko artistek zein hasiberriek, denek dute tokia», esan dute Sormenaren Kabia bekaren antolatzaileek

Uztailaren 1a baino lehen proposamena aurkeztu nahi duten artistentzat aurtengo beka deialdirako oinarriak argitaratu ditu Alkizako Udalak. Fagus-alkiza.eus eta Alkiza.eus atarietan ere topatu daitezke oinarriak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!