Ahaldun nagusia Alkizan izan da

Ataria 2024ko mai. 24a, 13:36

Eider Mendoza udal ordezkariekin bildu da aurrena eta herriko eragileekin ondoren. Alkizako hainbat proiektu ezagutu ditu lehen eskutik.

Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusia Alkizan izan da gaur goizean. Udalak gonbidatuta egin du bisita eta berekin batera izan dira Felix Urkola kabinete burua eta Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko diputatua. Udal ordezkariekin bildu dira lehenik eta herriko eragileekin ondoren.

Inaki Irazabalbeitia alkateak nabarmendu du Alkizako herri proiektua ezagutzera eman eta euren kezkak eta beharrak helarazteko gonbidatu dituztela Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak. «Gaurko bilerarekin diputazioarekin zein harreman mota izan nahi dugun zehaztu eta proiektu jakin batzuetan izan dezakegun lankidetzaz hitz egin nahi dugu», esan du Irazabalbeitiak. Mendozak, bere aldetik, nabarmendu du herrietara gerturatzeko ariketa hasia dutela diputaziotik, «aurretik dauden konfiantza espazioetan sakontzeko, proiektuak ezagutu eta elkarlanerako lanketak abiatzeko».

Ahaldun nagusiak eskertu du herri txikientzat baliabideak areagotzeko. bestea hainbat udalerritako alkaterekin batera, Irazabalbeitiak egin duen lana. Mendoza: «Oso denbora gutxian jarri genuen martxan prozesua eta Eudelekin adostasuna lortu genuen. Foru funtsaren bidez herri txikiek baliabide gehiago jaso ahal izango dituzte. Une honetan foru arauaren erreformari forma ematen ari zaio, urtarrilaren 1etik aurrera indarrean jarri dadin. Aldarrikapenak justuak direnean eta alde guztietatik borondatea jartzen denean badugu adostasunetara iristeko gaitasuna». 

Besteak beste, etxebizitzaren problematikaz eta ur hornidurarekin dituzten arazoez jardun du Mendozak udal ordezkariekin. «Ea gai garen arazo hauei soluziobide bat elkarrekin topatzeko. Entzun, ulertu eta kontuan hartu, horixe da guk egiten duguna», esan du ahaldun nagusiak eta eskertu du udal ordezkariek diputazioko ordezkaritzari harrera egiteko tarte bat hartu izana.

Ondoren, herriko eragileekin bildu da Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkaritza. Herritarrek euren ikuspegia emateko gonbidatu ditu udalak bilerara. 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!