Alkizako lurretan dagoen Itxurain tumulua 1984an aurkitu zuten arren, orain arte ez du inork induskatu. Aranzadi zientzia elkarteko Jexux Tapia arkeologoaren zuzendaritzapean boluntario talde bat egunotan hasi da monumentu megalitikoan lanean. Datorren astelehenetik aurrera egitura bistaratzeko lanekin jarraituko dute eta indusketan parte hartu nahi dutenek aurrez eman beharko dute izena, honako helbidean: jtapia@aranzadi.eus.
Alkizako Udala eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin ari dira Aranzadikoak bederatzi metroko diametroa duen tumulua induskatzen. «Erdian 2,5 metroko hutsune bat dauka, hileta-ganbara izango zena. Behin egitura garbituta, bertan jardun nahi genuke ikertzen eta ikusi zer geratzen den, ezer geratzen bada behintzat. Eremu horretako lurrak oso azidoak dira eta giza hezurren arrastoak topatzea zaila da. Agian hezurrik sendoenak, hortzaren bat edo, eta hildakoei laguntzeko apaingarriak edo eskaintzak topa ditzakegu».
Hilobia noizkoa den argitzea ere izango da indusketa arkeologikoaren helburua. Gisa honetako tumuluak, Neolitiko eta Brontze Aroa bitartean eraikitzen zituztela argitu du Tapiak. Proiektuaren helburua, honenbestez, monumentuaren egitura arkitektonikoa eta kronologia zehaztea da, eta hileta errituekin lotutako materialak berreskuratzea. «Zaila da arrastoak topatzea, mendeetan zehar hilobi hau behin baino gehiagotan sakeatua izan delako eta material gehiena zabalduta edota galduta egongo delako», esan du Aranzadiko kideak.
BOLUNTARIO BILA
Aurretik Olatzazpi koban egin bezala, aurten, Belako haitzean ere jardun nahi dute arkeologoek. Tapiaren esanetan, ordea, harkaitzetan ibiltzeko ohitura eta eskarmentua duen jendearekin jardungo dute eremu horietan.
Itxurainen, ordea, boluntarioen partaidetzarekin egin nahi dute lan. Datozen 10 bat egunetan egitura garbitu ondoren, uztail aldera lanekin jarraitzeko asmoa dute. Auzolandegi hauetan boluntario bezala parte hartu nahi dutenek Tapiarekin jarri beharko dute harremanetan. «Astegunetan egiten dugu lan. Donostiatik abiatu eta parte hartzaileak bidean jasotzen ditugu. Furgonetarekin igotzen gara Itxuraingo tumulura. 09:00 edo 10:00 alderako iristen gara, tumulua gora xamar dagoelako. Goiza lanean pasa, ogitarteko bat bazkaldu eta 16:00 aldera jaisten gara bueltan».
Orain arte eguraldi txarra izan dute boluntarioek. «Aire librean dago tumulua, toki altu xamarrean eta haizeak gogor jotzen du bertan. Lur bustiarekin lan egitea ez da erraza. Udan eguraldi lehorragoarekin indusketa arkeologiko honetan dezente aurreratzea espero dugu», esan du Aranzadi zientzia elkarteko arkeologoak. Doakoa da boluntarioentzako parte hartzea, eta eguneko bazkaria eta asegurua antolakuntzak jartzen ditu. Udako auzolandegi arkeologikoen inguruko informazio gehiago Aranzadi zientzia elkartearen web gunean izango dute interesatuek.