Aiztondo Pilota Topaketako finalak, larunbatean

Tolosaldeko Ataria 2024ko api. 25a, 11:00

Aiztondoko herrien artean antolatu duten 25. Aiztondo Pilota Topaketako finalak jokatuko dira Alkizan larunbat honetan, apirilak 27, 16:00etan hasita. Otsailaren 4ean ekin zioten topaketari eta bailarako herrietako pilota taldeetan dauden 120 pilotarik parte hartu dute aurtengo edizioan.

25. edizioa izanik, kamiseta berezi batekin jokatu dute pilotariek, bertan topaketa antolatzen duten Behar Zana Pilota Taldea, Txulobi, Ziotza, Atzapar, Alkizako eta Larraulgo pilota eskoletako irudiak eta Amasa-Villabonako, Adunako, Zizurkilgo, Asteasuko, Larraulgo eta Alkizako udaletako armarriak agertzen direlarik.

Finalean bost partida jokatuko dira. Lehena, aurrebenjamin mailan eskuz binaka, Adunako herria ordezkatuz Txulobiko lau pilotarik jokatuko dute: Carrillo-Aburuzak batetik eta Imaz-Garciak bestetik.

Bigarren partidan, eskuz binaka benjamin mailan, Behar Zanako lau pilotarik jokatuko dute Amasa-Villabonako herria ordezkatuz: Trore-Landak alde batetik eta Oñate-Urizarrek bestetik.

Hirugarren partidan, paletaz binaka infantilek jokatuko dute molle pelle pilotarekin. Partida honetan bi bikoteak Txulobi eta Behar Zanako pilotariek osatuko dituzte: Ortiz de Urbina eta Aburuzak, Zizurkil eta Aduna ordezkatuz, eta Zabala-Pachecok, Amasa-Villabona eta Aduna ordezkatuz.

Laugarren partida, eskuz binaka alebinek jokatuko dute: alde batetik, Amasa-Villabona ordezkatuz Behar Zanako Artola-Setien bikoteak, eta bestetik Alkizako pilota eskola ordezkatuz, Alkizako Aranzabe eta Urruzola.

Jaialdiko azken partida eskuz binaka infantilek jokatuko dute. Azken partida honetan ere Behar Zanako bikotea izango da lehena eta bigarrena Behar Zana eta Txulobikoek osatua. Alde batetik Iraola-Zufiria Asteasu eta Amasa-Villabona ordezkatuz eta Iparragirre-Navarro, azken hauek Aduna ordezkatuz.

Giro aparta izatea espero dute Alkizako pilotalekuan. Besteak beste, topaketan parte hartu duten pilotari asko eta asko bertan izatea espero dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!