Brontze Aroko aztarnak

Tolosaldeko Ataria 2024ko ots. 25a, 10:00

Alkizako Abendu Kulturalak aste honetan izan du jarraipena, izan ere, Jesus Tapia arkeologoak hitzaldia eskaini zuen ostiralean Fagus Alkiza Interpretazio Zentroan, 'Alkiza eta bere ingurua historiaurrean' izenburupean; Alkizako Olatzazpiko koban iazko udan egindako indusketen emaitzen berri eman zuen.

Prehistoria aztertzeko leku garrantzitsuenetakoak kobazuloak izaten direla dio Jesus Tapia Aranzadi Zientzia Elkarteko kideak, «gizakiarentzat leku egokiak izan zirelako bere garaian eta guretzako ere errazagoa delako haien aztarnak bertan aurkitzea aire librean baino». Tapia Filosofia eta Letretako lizentziaduna da eta Aranzadirekin hainbat indusketatan eta arkeologia-lanetan parte hartu izan du. Horren adibidea da iazko udan Alkizako Olatzazpiko kobetan egindako indusketa, hain zuzen.

Ia mende bat atzera eginda, 1920. urtean, giza hezur batzuk eta eskuz egindako zeramikazko ontzi bat aurkitu zituen Ixaka Lopez Mendizabal tolosarrak Alkizako Olatzazpiko kobazuloan. Handik denbora tarte batera, Telesforo Aranzadi, Jose Migel Barandiaran eta Enrike Eguren arkeologoak kontaktuan jarri ziren Lopezekin, eta hark materiala erakustean bigarren esplorazio bat egin zutela azaldu du Tapiak, baina gauza gehiagorik ez omen zuten topatu. «Orduz geroztik inork ez dio eskua sartu aurkikuntza horri, baina gu orain sartu gara, Alkizako Udalak eskatuta», gehitu du.

Aurretik aitzindariak egindako lanaren eta datuen gainean hipotesi berriak eraikitzen joan direla azaldu du Aranzadiko arkeologoak, «metodo berriak erabiliz, haiek esandakoa zehazteko eta informazioa gehitzeko asmoz». Horregatik, ostiralean, proiektu honen emaitzen inguruan aritu zen Fagus Alkiza Interpretazio Zentroan eskaini zuen hitzaldian.

Ondorioak

Alkiza toki polita dela dio Tapiak, «kobazulo asko dituelako eta, zoritxarrez, ez dira gehiegi aztertu, baina gure ustez aukera handiak daude historiaurreko gai batzuk bertan aztertzeko». Izan ere, historiaurreko fase batean, aldi berean, hildakoak gordetzeko bi joera desberdin ematen direla azaldu du: «Alde batetik, hildakoak trikuharrietan sartzen zituzten, hau da, gainazalean eraikitzen ziren eta ikusgarriak ziren egitura batzuetan, baina bestetik, gorpuak kobazuloetan ezkutatzen zituzten». Tapiaren ustez bi portaera horiek oso zehaztuta ez egon arren, «garaikideak dira eta horren bila goaz, alegia, ea oraingoan informazio nahikoa lortzen dugun portaera bikoitz horri erantzun bat emateko».

Olatzazpiko kobaren kasuan, hezur asko aurkitu dituztela kontatu du Aranzadiko arkeologoak, «baina hezurrak nahastuta daude eta gorpuak ez daude jatorrizko egoeran, hau da, eskeletoak ez daude lotura anatomikoarekin, hezurrak zabalduta eta pilatuta daude». Gainera, hezur multzo hori arrastaka eraman dutela ikusi dute arrastoetan, sarrerako galeriatik barruko galeriaraino.

«Ondorioak ateratzeko garaian, oso garrantzitsua da informazio ondo aztertzea eta ondo bereiztea zein nolako kalitatea duen ikusteko», eta arkeologoak esan du orain arte ezin izan dela arrazoitu ondo ea ontzi zeramiko horrek hildakoekin lotura zuen edo ez. Aranzadi Zientzi Elkarteak jaso dituen datuen arabera, bi joerak guztiz desberdinak dira eta bi garai desberdinekoak, «hildakoen multzoa askoz zaharragoa baita, 2.000 urte zaharragoa».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!