Kutxazain berria jarri dute Alkizan

Ataria 2023ko abenduaren 15a

Funtzionalitate eta segurtasun handiagoko makina berria jarri dute. Kutxabankeko ordezkariek adierazi dute eskualdean berritu duten lehenengoa izango dela eta gainerako herrietakoak etorriko direla segidan.

Kutxazain berria jarri dute Alkizan. Aste honetan Inaki Irazabalbeitia alkateak eta Xeber Irastorzak Kutxabankeko ordezkariak, kutxazain berriaren funtzionamendua aztertu dute.

Irazabalbeitiak akordura ekarri du duela hiruzpalau urte herriko kutxazain bakarra kentzeko asmoa zutela eta herritarren artean horrek kezka handia sortu zuela. Udalak Kutxabankeko arduradunekin hitz egin zuen garai horretan, kutxazain zerbitzuak alkizarren egunerokotasunean "mesede handia" egiten zuela adierazteko. "Udalak eskertu egiten du, zinez Kutxabankek herritarren eta udalaren eskaera aintzat hartu eta iritziz kanbiatu izana. Herritarrak oso gustura daude orain kutxazainaren zerbitzu hobetuarekin", gaineratu du alkateak.

Bere aldetik Irastorzak adierazi du, aurreko makina zaharkitua aldatu izana eta bere ordez funtzionalitate eta segurtasun handiagoko makina berria jarri izanak adierazten duela Kutxabankek landa herrietako herritarrekin eta udalekin duen konpromisoa, finantza zerbitzu egokia emateko. "Alkizakoa Tolosaldeko herri txikien kutxazainak berritzen aurrena izan da eta gainerako herrietakoa etorriko da segidan", aurreratu du Kutxabankeko ordezkariak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!