Memoria, irudi eta ahots bidez

Jon Miranda Labaien 2023ko aza. 23a, 07:59

Sormenaren Kabia beka lortu dute Nomad Studioko kideek eta hamabost eguneko egonaldia egiten ari dira Alkizan. Argazkien bitartez identitate eta memoria ariketa bat egin nahi dute.

Identitatearen eta memoriaren inguruan hitz egiteko lan lerro berriak probatzen ari dira Nomad Studioko kideak. Alkizako Memoria proiektuarekin jendeak etxean dauzkan argazki zaharrak bildu, digitalizatu eta haien atzean dauden istorioak bildu nahi dituzte, alkizarren ahotsean. 

Argazkietako bakoitza jaurtitzaile bat da Eli Garmendiaren (Tolosa, 1984) iritzian: «Guregana argazki zaharrarekin gerturatzen direnean espero duguna da bertan agertzen den eszenaren inguruko kontakizuna, baina ikusten dugu irudietako bakoitzak norberari gauza asko iradokitzen dizkiola». Argazkien atzean dauden eta oharkabean pasatzen diren istorioak audioan jasotzen dituzte honenbestez. «Testuingurua ematen digu ahozko kontakizunak. Gertuko iragana kontatzen duten argazkiak dira eta barrutik mugiarazten gaituzte. Emozio horiek ere azaleratzen dira ahotsean», dio Garmendiak. 

Esateko moduak ere jaso nahi zituzten Nomad Studioko kideek, kontziente baitira esamoldeak aldatu egin direla urteak joan ahala. Berdina gertatzen da argazkiekiko loturarekin ere. Ehun argazkitik gora jaso dituzte Alkizan egiten ari diren egonaldian eta nabaritu dute zenbait herritarren kasuan transmisioa eten egin dela. Horrela uste du Carlos Pericasek (Palma, Herrialde Katalanak, 1983): «Argazki zaharrari begiratu eta askok ez dute jakiten zein den bertan agertzen den pertsona».

Garmendiak aipatu du Alkiza bezalako herri txikietan harremanak gurutzatu eta konexioak biderkatu egiten direla. Lotura horiek mantentzen lagundu nahi dute lantzen ari diren proiektuarekin. «Hemen gizarte ehundura indartsua da, baina beste leku askotan ez da berdina gertatzen; sare horiek gordetzea eta elikatzea herri txikien biziraupenerako garrantzitsua da».

Memoria osoa eta anitza

Jarraikortasunaren ideiari garrantzia eman dio Pericasek: «Ez ditugu argazki zahar zaharrak bakarrik bildu, jendeari esan diogu 80ko, 90eko eta 2000ko lehen hamarkadako argazkiak ere ekartzeko. Gaur guretzat oraina dena, etorkizunean iragana izango da ondorengoentzat». Memoria jarraitua, osoa eta anitza landu nahi dute proiektuarekin.

Retratonomada.com web gunean sortu duten memoria atalean bildu dituzte Alkizan jasotako argazkiak. Ataria diseinatzeaz arduratu den Pericasek aitortu du Alkizara iritsi aurretik lan handia egin dutela argazkiak modu ikusgarri eta garbian bistarazteko. «Urtearen, generoaren eta gertakizunaren arabera sailkatu ditugu bilaketak errazago egiteko eta argazki batzuen gainean klikatuz gero irudi horren inguruan herritarrek eman dituzten testigantzak entzun daitezke».

Hamar bat lagunek eman dute ahozko testigantza proiekturako, horien artean, Pepe Aranzabe zinegotziak, eta Nomad Studioko kideek nabarmendu dute, gauza jakingarri asko jaso dituztela bere ahotik. Aldi berean aipatu dute nabari dela Alkizan badutela argazki bidez gauzak dokumentatzeko ohitura. «Ondare handia dute. Duela urte batzuk ikuspegi etnografikotik lanbide tradizionalak berreskuratzeko lanketa argazkitan jasoa dute, eta zentzu berean, urtero kaleratzen duten Oilategitik aldizkaria altxor handia da guretzat».

Iragana eta orainaren arteko zubi hori eraikitzeko Erretratu Nomadak proiektuaren barruan Alkizan ateratako argazkietara ere jo dezakete erabiltzaileek modu errazean memoria atalera sartuz gero. «Gure asmoa, kalitate handian digitalizatutako argazki horiekin artxibo osatu bat eskaintzea da», esan du Pericasek. Hori izango da euren egonaldi artistikoaren emaitzetako bat, baina abenduko aurkezpenerako beste lan bat prestatuko dutela aurreratu du Garmendiak: «Sortzaileagoa izango da eta argazkiak, audioak eta testuak uztartuko dituen aldizkari digital moduko bat izango da. Hari narratibo batekin Alkizan egin dugun lana laburbilduko du».

Beste herrietara ere eramangarria den proiektua dela uste dute Pericasek eta Garmendiak eta Sormenaren Kabia esperimentatzeko laborategi bezala ikusten dute. «Ikasteko eta hobetzeko aukera ematen dute egonaldi hauek eta guretzako pribilegioa izan da hiru astez hemen egon ahal izatea», esan du Garmendiak. «Alkizako eredua beste herri askotara eraman beharko lukete, sortzaileontzat eremu berriak esploratzeko aukera paregabea baita», gehitu du Pericasek.

Alkizan eroso sentitu direla nabarmendu dute Nomad Studioko kideek eta eskerrak eman dizkiete parte hartzaileei: «Gurea proiektua komunitarioa da eta zentzurik ez luke izango herritarrekin egingo ez bagenu».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!