ELKARRIZKETA

«Interesatzen zaizkidan gauza askoren elkargunea da artilea»

Jon Miranda Labaien 2023ko urr. 31a, 07:59

Sormenaren Kabia beka eskuratu ondoren, ‘Ehun bizipenak’ izeneko proiektua gauzatzeko egonaldia egiten ari da Alkizan; artilea hartuko du ardatz eta abenduan aurkeztuko du sortze prozesuaren emaitza.

Jasangarritasuna, materialen berrerabilpena eta ehungintzarekiko jakin-nahiak gurutzatzen dute Miriam Loidi Zulet (Irun, 1996). Ehun bizipenak proiektua gauzatzen dabil, hanka bat Fagus Alkiza interpretazio zentroan duela eta bestea Ur mara museoan.

Zergatik erabaki zenuen izena ematea Sormenaren Kabia bekan?

Iaz izan nuen bekaren berri. Ur marako egonaldietan ezagutu nituen Mirari Errondosoro eta Laia Varela, iazko bekadunak. Mirarirekin harremana mantendu dut urte honetan, berak biomaterialekin duen diskurtsoak eta nireak puntu askotan bat egiten dutelako. Hain zuzen, Mirarik berak bultzatuta eman nuen izena bekarako eta oso pozik nago aukera eman didatelako. Sormenaren Kabia bekari esker gauza asko eskaintzen zaizkigu artistoi eta ikusgaitasun handia ematen zaie gure lanei. Beharrezkoak dira horrelakoak, ez bakarrik arte plastikoetan gabiltzanontzat, baita beste diziplinetako artistentzat ere.

Zein ibilbide egin duzu hona iritsi aurretik?

Arte Ederrak ikasi nituen Bilbon eta eskulturan eta grabatuan sakondu nahi nuenez Galizian egin nuen espezializazioa. Gero ikerketa eta sorkuntza masterra egiten hasi nintzen, nire burua hezkuntza mundura bideratzeko asmoarekin, baina hori momentuz alde batera utzi, eta ikerketa talde batean hasi nintzen unibertsitatean. Jasangarritasuna eta artea, eta artea eta ekologiaren arteko harremanetan sakontzen dugu ikerketa taldean. Gure lan prozesuetan kontzientziazio puntu bat sartzen saiatzen gara tailer eta formazio saioen bitartez.

Zeure lanetan ere jasangarritasunaren ikuspegia txertatu duzu?

Bai. Nigan ere sumatu dut aldaketa, orain ikuspegi kritiko hori daukat, eta nahiko nuke, nire artelanen bitartez, jendeak ere birplantatzea bere egunerokotasunean dauzkan praktikak. Saiatzen naiz nire lanak nire ispilua izaten edo ni haiena. Grabatua, adibidez, asko gustatu izan zait, teknikoki oso lasaia eta geldoa delako, baina jabetzen naiz asko kutsatzen duela; azido asko eta paper asko erabiltzen da. Horregatik, gaur egun garai batean grabatuak egiteko erabiltzen nuen papera birziklatzen ari naiz beste proiektu batzuetan erabiltzeko. Ez litzateke koherentea kontsumo arduratsu bat aldarrikatzea, eta aldi berean, tailerrean niretzat eta naturarentzat toxikoak diren produktuak erabiltzea.

Grabatua alde batera utzita, orduan hasi zinen ehungintzan?

Garaitsu horretan pandemia etorri zen eta etxeko garbiketa egiten ari nintzela jabetu nintzen arropa mordoa nuela. Aldi berean, itxialdian josteko makinarekin hasteko gogoa sortu eta probatzen hasi nintzen Youtubeko tutorial batzuk jarraituz. Asko gustatu zitzaidan eta patchwork teknika erabiliz lan batzuk egin nituen. Master amaierako lanaren harira ere sakondu nuen gai honetan eta beste egitasmo bat gauzatu nuen,  gero, Ur Maran Slow day art egunean erakutsi nuena. Pieza bat zen, norberak etxetik ekarritako oihal zatiak josiz osatutakoa eta 60 bat pertsonek parte hartu zuten. Nire egitasmoek badute gogo hori, jendeari ikusarazi nahi diot badaudela alternatiba batzuk beste kontsumo mota bat edukitzeko. Artea erabiltzen dut mezu hori helarazteko.

Uste duzu ehungintza ez dela sektore jasangarria?

Gaur egungo industria bai kutsakorra da eta beste herrialdetan oso lan baldintza kaskarretan aritzen dira langileak daramatzagun jantziak egiteko. Horregatik etorri zitzaidan gertukoagoak eta jasangarriagoak diren moduak bilatzeko interesa. Aitortzen dut, niri arbuio pixka bat eragiten zidala joskintzak, emakumeok derrigor egin beharreko lan bat balitz bezala ulertzen nuelako gaztetan. Baina ikasketen harira, ekofeminismo eta zaintzaren inguruan irakurtzen hasi eta ikusi nuen leku askotan emakumeak elkarrekin josteko biltzen direla. Emakumeak saretzeko eta elkar babesteko espazio bat izan daiteke joskintza eta hori oso interesgarria da. Taldean lan egitearena galdu dugun gauza bat dela iruditzen zait, eta baita eskuz lan egitearena ere, horrek dakarren mantsotasun, patxada eta denborarekin. Naturalak diren gauzak dira baina, gaur egun, galbidean daudenak.

Eta nola iritsi zinen artilera?

Artilea bere garaian asko erabiltzen zen jantziak egiteko, baina gaur egun ia galduta dago. Iruditzen zait nire interesgune asko gurutzatzen direla artilean. Gaur egun hondakin bezala tratatzen da eta irabazi bat izan beharrean ia kostua da artzainentzat. Aldi berean, lurraldea egituratzen duen material bat da. Ardiak paisaia eratzen dute eta gure ekosistemak zaintzen dituzte. Artilea niretzat da interesatzen zaizkidan gauza askoren elkargunea. Agian beste lekuren batean ez nuke artilearekin loturiko proiektu bat planteatuko, baina Alkiza egokia ikusten nuen horretarako.

Egonaldi artistikoa zertarako baliatuko duzu?

Ehun bizipenak, proiektu parte hartzailea izango da. Gustatuko litzaidake baserritarrei eta herriko jendeari protagonismoa ematea eta haiek ere kontatzea nola bizi duten hau guztia. Herriko baserritarrekin denbora pasa nahi nuke mendian, haien egunerokoa nolakoa den eta animaliekin nola lan egiten duten ikusten. Ikasteko asmoarekin nator. 

Koldobika Jauregiren eta Elena Cajaravilleren aholkularitza jaso duzu?

Bai. Bertako lehengaiekin lan egin nahi dut proiektuan. Lastoa eta artoarekin papera egiten ari naiz Ur maran. Lurraldean dauzkagun material naturalak erabili nahi ditut sortze prozesuan. Elenak berak ere ehunarekin lan asko egin du eta niretzat erreferente bat da. Beraregandik ikasi nahi dut ahalik eta gehien.

Tailerrik egiteko asmorik baduzu herritarrekin?

Bai. Ostegunean egingo dut tailer bat artilea ezagutarazteko. Feltro tailerra izango da eta 17:30etik 19:30era bitarte egingo dugu. Parte hartze prozesu horren emaitza izango den artelana herrian geratzea gustatuko litzaidake.

Zure egitasmoa zertan gauzatuko den badakizu?

Bizpahiru ideia dauzkat, baina proiektuak berak erakutsiko dit. Ikerketa prozesua niretzat beharrezkoa da: menditik ibili, baserritarrekin hitz egin, jendearekin elkarrizketak egin, idatzi... Hori gabe gero aurkezpen egunean erakutsiko ditudan pieza horiek ez lukete zentzurik. Emaitza hori zehatz nolakoa izango den esaten ez dakit. Joango naiz begiratzen zein material topatzen ditudan bidean. Gauza txikiak esperimentatzea eta probatzea gustatzen zait, jendeari galdetzea, eta gero proiektua zehaztea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!