Erretore etxeko sotoa eta lorategia erosi ditu udalak

Ataria 2023ko urriaren 19a

Haur parketa eta lorategia bateratu egingo dira herritarrek lorategiaz gozatu dezaten; eraikinean igogailua jartzeko lanak hasi dituzte aste honetan.

Alkizako Udalak Erretore etxeko sotoa eta lorategia erosi ditu, horrela eraikin osoaren jabetza lortuz. Sotoak 100 metro karratu erabilgarri ditu eta lorategiak 500 metro Inaki Irazabalbeitiak alkateak adierazi duenez, "Erretore-etxearen jabego osoa lortu izanak, beste dimentsio bat ematen dio udalak eraikin horretan lantzen ari den turismo azpiegiturari". Izan ere, bertan herriko ostatua kokatzea aurreikusten du udalak. "Lorategiak eta sotoak eskuratu izanak ostatuaren zerbitzu eskaintza nabarmenki hobetzeko aukera emango du", esan du alkateak. 

Lehen urrats gisa herriko haur parkea eta lorategia, ondoz ondo daudenak, bateratu egingo dira herritarren lorategiaz gozatzeko aukera izan dezaten. Bestalde, aste honetan hasi dira Erretore etxeko irisgarritasuna hobetzeko lanak. Tartean igogailua jarriko dute eta lanak lau hilabete irautea aurreikusten dute. Igogailua etxearen kanpo aldean kokatuko da Erretore etxe eta Mendiko etxe arteko orubean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!