«Egitura administratibo sendoagoak behar ditugu herri txikietan»

Jon Miranda Labaien 2023ko ira. 28a, 07:57

Inaki Irazabalbeitia alkateak natura, gizakia eta kulturan ardaztutako proiektua indartzen jarraitu nahi du, horretarako Erretore etxean azpiegitura prestatuta.

Bigarren agintaldia du Inaki Irazabalbeitia Fernandezek (Donostia, 1957) Alkizan, eta azkena izango duela dio. Bost legealdi eman ditu herrigintzan eta testigua pasa nahi lieke beste batzuei. Udal taldean ikusten ditu bere lekukoa hartu dezaketen pertsona egokiak, beste ikuspegi bat eskaini diezaioketenak udalgintzari.

 

Nola baloratzen dituzu udal hauteskundeen emaitzak?

 

Balorazio ona egiten dugu. Azkeneko urteetan ikusi dugu herritar multzo adierazgarri bat bazegoela, 30 pertsona ingurukoa, udal hauteskundeetan boto zuria ematen zuena, seguruena herri hautagaitzaren antolakuntzarekin ados ez zegoena. Maiatzeko hauteskundeetan aldaketa sumatu genuen multzo horretan, boto zuriak erdia izatera pasa direlako. Seinale da aurreko lau urteetan zerbait ondo egin dugula.

 

Zein erronka dituzue datozen lau urteetarako?

 

Eustatek iaz ateratako datuen arabera Alkiza da Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herririk gazteena. Populazioaren %30a 20 urtetik beherakoa da. Gazte horien etorkizuna bermatu nahi dugu herrian. Gaur egun indarrean dugun Hiri Antolamendurako Plan Orokorra 1997koa da. Berritu egin beharra dago, une honetan ez baitago etxebizitza berririk egiterik Alkizan. Gure asmoa da agintaldi honetan amaiera ematea planari. Lizitazioa atera genuen eta planaren erredakzioa egingo duen arkitekto eta teknikari taldea definituta dago. Lau urteotan plana onartuta gelditzen bada, datorren agintaldian hasiko ginateke etxebizitza berriak eraikitzen.

 

Zehaztuta daukazue zein gune urbanizatu herrian?

 

Oso zehaztuta dago. Orain Santiago bidean eraikita dauden txaleten jarraipenean egingo lirateke etxebizitza berriak, bi mailetan banatuta. Gure planteamenduaren arabera 26 etxebizitza aurreikusten ditugu. Sei salmenta librekoak izango lirateke eta gainerakoak babestuak. Gure abiapuntua hori da, eta hurrengo bi-hiru urteetan definituko dugu guztia plan orokorrean, baina garapen urbanistikoa ardatz horretan egin nahi genuke.

 

Udalak aurreko agintaldian erosi zuen Erretore etxea. Zer egin asmo duzue eraikin horrekin?

 

Eraikin horretarako dugun proiektua agintaldi honetan bukatu nahi genuke. Datorren hilean erosteko falta zaigun zatia erosiko du udalak, jardina eta horri atxikita dagoen lokala. Igogailuaren eraikuntza ere aurki abiatuko dugu. Esana dugun bezala, hainbat azpiegitura kokatuko dugu eraikin horretan: ostatua, Fagus Alkiza interpretazio zentroa eta ostatatze azpiegitura bat. Bereziki talde ostatatzeari begirako proiektua da, garai bateko barnetegiaren moduko zerbait. Gaur egun Erretore etxean dagoen liburutegia udaletxeko eraikinera aldatuko dugu gerora.

 

Baliabide nahikoa ba al du Alkizak horrelako proiektu bati ekiteko?

 

Inbertsio handia eskatuko du horrek guztiak, milioi bat eurotik gorakoa. Badaude diru laguntzak eta moduak hori guztia finantzatzeko, baino baliabide materialez harago, proiektuari aurre egiteko ezina gehiago lotzen da landa eremuko udal txikiok dauzkagun ajeekin. Nagusiki kudeaketa arazoak dira. Gure diru iturri nagusia Gipuzkoako Foru Aldundiko foru funtsa da eta urteroko aurrekontuaren %60 inguru suposatzen du. Gainerakoa udal tasetatik jasotakoarekin osatzen dugu. Kopuru horrek gutxieneko udal zerbitzuak eskaintzeko modua baino ez digu ematen. Egitura administratiboa ahula da herri txikietan. Besteak beste, jasotzen ditugun diru laguntzak kudeatu egin behar dira eta horretarako pertsonak behar dira. Idazkaria eta administrariak jardun erdiz aritzen dira gure udalean eta xentimorik ez dugu jasotzen herritarron ordezkariok. Erretiratuta gauden zinegotzion borondatezko dedikazioarekin moldatu behar izaten dugu eta gure mugak dauzkagu. Egunekotasunari eutsi ahal izaten diogu modu horretara eta makinaria asko behartu behar dugu egunerokotasunetik kanpoko proiektuak aurrera ateratzeko.

 

Zein eskakizun egiten diezu erakundeei?

 

Erakunde publikoek serio aztertu behar dute gurea bezalako udal txikiek daukaten pertsonal egitura nahikoa den. Egitura sendoagoa beharrezkoa dugu, ez bakarrik obrak kudeatzeko, herritarrei zerbitzu egokia emateko baizik. Tolosaldeko sei alkatek egina dugu eskakizun bat, funts foralaren banaketa irizpideak aldatu ditzaten, banaketa hori ez dadila biztanle kopuruaren araberakoa izan soilik, har ditzatela beste faktore batzuk ere. Azpiegitura administratibo sendoagoak eta iraunkorragoak behar ditugu. Kontuan hartu behar da udaloi egiten zaizkigun eskaerak ikuspegi legal eta administratibotik, duela 15-20 urte egiten ziren eskakizunetik oso gora daude.

 

Gizakia, natura eta kulturan ardaztutako herri proiektuari eusten diozu?

 

Bai. Herrian eragile asko dago, ekarpen izugarria egiten dutenak. Ostatua, Lete agroturismoa, Inazio Urruzola txakolindegia, Ekotalo, Ur mara museoa... hori da gure ekonomia. Gure asmoa da turismo jasangarriaren eta natur turismoaren inguruan Alkizako proiektua indartzea, oso kontziente izanik bizi garen ingurunean bizi garelako muga batzuk dauzkagula. Ez ditugu hemen egunero turisten autobusak nahi. Ez da gure helburua. 

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!