Miriam Loidik ehungintzaren inguruko proiektua gauzatuko du Alkizan

Ataria 2023ko irailaren 20a

'Ehun bizipenak' izeneko proiektua aurkeztu du artista irundarrak. Alkizan egonaldia egingo du urriaren 22tik azaroaren 12ra.

Alkizako Udalak herriko beste hainbat eragilerekin batera sustatzen duen Sormenaren Kabia beka eskuratu dute aurten bi proiektuk. Hiruna asteko egonaldiak egingo dituzte Alkizan, iraila eta azaroa bitartean, bakoitzak bere proiektua garatzeko. Artista horietako bat da Miriam Loidi eta urriaren 22tik azaroaren 12ra egingo du egonaldi artistikoa Alkizan. 

Ehun bizipenak du izena Loidik aurkeztu duen proiektuak, eta ehungintzaren esparruan kokatu du. Artilearekin lan egitea interesatzen zaio eta material hau erabiliz sorkuntza artistikoa gauzatu nahi du. Loidik dioenez, bere helburuetako bat Alkiza ezagutzea da eta horretarako ibilbide desberdinak egingo ditu bere egonaldiko lehen egunetan. Herritarren partaidetza ere bultzatuko du bere proiektuan, eta egonaldia hasi baina astebete lehenago deialdi bat luzatuko du, herritarrek haien etxeetan dituzten oihal zatiak berari emateko.Artilea izango da bere lanaren protagonista, eta naturan topatuko dituen beste elementu batzuk ere erabiliko ditu bere sorkuntza lanerako, hala nola, egurra eta buztina.

Duela urte pare bat hasi zen Loidi arte ehunaren mundua aztertzen, eta ohartu zen ehungintzaren industria dela kalte gehien eragiten duen industrietako bat. Horregatik, hainbat proiektu ezberdin egin ondoren, bere sorkuntza ehungintza jasangarrian oinarritzen du.

Herriko haur eta gazteekin ere tailerren bat egingo du, oraindik zehaztu gabe duen arren. Tailerra josketa edo feltroaren ingurukoa izango da, "haiek ikus dezaten ez direla sekulako material eta baliabideak behar sorkuntza munduan sartzeko, eta inguruan ditugun elementuekin lan handi eta politak egin daitezkeela".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!