Alkizako Udalak seigarren aldiz jarri du martxan Sormenaren Kabia ekimena, artista ezberdinek sortu, esperimentatu eta esperientziak parteka ditzaten. Aurten ere bi proiektu saritu ditu epaimahaiak: Miriam Loidiren Ehun-bizipenak proiektua eta Nomada Studioko Eli Garmendia eta Carlos Pericasen Alkizako Memoria.
Gaur goizean egin dute beka eskuratu duten artisten aurkezpena Alkizako plazan, baina Loidik ezin izan du bertaratu. Artista irundarrak Ehun-bizipenak izeneko lana hontzeko asmoa du, Inaki Irazabalbeitia Alkizako alkateak azaldu zuenez, «ehun baten gainean hainbat material erabilita sormen lana egin nahi du». Alkizan lehenago ere izan da Loidi, Koldobika Jauregik gidatutako Ur Marako egonaldietan hartu baitu parte. «Seguru handik ere ideiaren bat sortuko zitzaiola bekara aurkezteko», esan du alkateak.
Hiru asteko egonaldia egingo dute artistek eta Lete landetxean hartuko dute ostatu. Egonaldia egiten lehena Loidi izango da. Urriaren 22tik azaroaren 12ra egongo da bertan, eta Nomad Studiokoak azaroaren 6tik 26ra. Horrela, astebetez elkarrekin egoteko eta aritzeko aukera izango dute, «beraien arteko sinergia sortzea ere badelako helburua». Udalak artisten eskura jarriko ditu proiektuaren ezaugarrietara egokitzen diren herriko espazio ezberdinak.
Artistek eskolako haurrekin zein herritarrekin egingo dute lan. «Behin egonaldiak eginda, aurtengo edizioak emango dituen emaitzen zain jarriko gara; espero dugu emaitza onak lortuko dituztela artistek eta gu ere sortzen dutenarekin gustura sentitzea espero dugu», gehitu du Irazabalbeitiak.
Atzera begira
Argazkilariak eta sortzaileak dira Eli Garmendia tolosarra eta Carlos Pericas mallorkarra, Nomad Studioaren atzean daudenak. Argazki estudio ibiltariarekin hara eta hona ibili dira 2021az geroztik, erretratuak atera eta hamaika lagunen historiak eta istorioak ezagutzen. Alkizan abiatu zuten ibilbide hori, Erretratu Nomadak proiektuarekin, eta bi urte beranduago «pozik eta ilusioz» itzuliko dira Alkizara. «Guretzat leku garrantzitsua da Alkiza, Erretratu Nomada proiektua bertan abiatu genuen eta beste proiektu berri bati hasiera ematera hona itzultzeak ilusio berezia egiten digu», esan du Pericasek. Garmendiak gehitu du herriz herri ibilita esperientzia ere hartu dutela, eta proiektu berri bati ekiteko Sormenaren Kabia bekara aurkeztea aukera ona iruditu zitzaiela.
Itzulera honetan, duela bi urte hasitakoari jarraipena egitera datozela esan du Garmendiak: «Oraingoan, Alkizari proposatzen dioguna da aurreko proiektuaren jarraipena egitea; bere garaian, orainaldiaz aritu ginen herritarren erretratuak eginez, eta orain iraganaz hitz egingo dugu». Argazkiak, pertsonak eta herria izango dira Alkizako Memoria proiektuko protagonistak, baina iraganean jarri nahi izan dute begirada.
Deialdi bat egingo dute herritarren artean, argazki zaharrak eskatzeko. «Alkizarekin lotura duten argazkiak bildu eta digitalizatu nahi ditugu, arkitektura aldetik lotura dutenak, pertsonak ageri direnak, natura, jaiak... horrelakoak jaso nahi ditugu, gero guk aukeratzeko». Argazkia digitalizatzeaz gain, argazki horien atzean dauden istorioak ere jasoko dituzte, audio bidez. «Horrela, Alkizako euskara jasoko dugu eta Alkiza askotariko herria denez, beste herrietako pertsonen hizkerak ere jasotzeko aukera emango digu horrek». Behin material guztia bilduta, fanzine baten formatua eman nahi diote lanari, non garai desberdinetako Alkizako argazkiak eta haien istorioak elkarrekin ikusi eta entzun ahalko diren. «Alkiza zer izan den eta gaurdaino nola izan den biltzeko asmoarekin goaz egonaldira», esan du tolosarrak.
Argazkilari eta sortzaileak izan arren, ekintza komunitarioak izan daitezen laguntzaile lanak egiten dituztela maiz kontatu dute. «Herritarren inplikazioarekin, denen artean zerbait polita sortzeko ideia daukagu buruan eta horixe egin nahi dugu».
Bideo bidez jasota
Eskaini bakarrik ez, antolakuntzak saria eskuratu duten artistei eskatu die lana nola egingo duten erakustea ere, bai alkizarrei eta baita bertaratutako bisitariei ere. Horrez gain, Unai Sorarrain herritarrak ikus-entzunezko bana ekoiztuko du proposamenak ezagutzera emateko, eta bideo horiek jendaurrean aurkeztuko dituzte abenduaren 21ean. Artistak ere bertan izango dira.
Eragile ezberdinen arteko elkarlanari esker antolatu du seigarren urtez jarraian beka Alkizako Udalak. Gipuzkoako Foru Aldundiak, Fagus Alkiza interpretazio zentroak, Herri Ostatuak, Lete landetxeak, Inazio Urruzola txakolindegiak, Ekotalok eta Ur Mara museoak hartzen dute parte egitasmoan.