Pedalak astinduz, festa egunari ongi etorria

Irati Saizar Artola 2023ko irailaren 9a

Haurren txirrindulari lasterketa egin dute gaur goizean, Alkizako jaietan; herriko gaztetxoenak indartsu daudela erakutsi dute, beste behin.

Festa betean murgilduta dabiltza alkizarrak. Goizean, bizikleta eta kaskoa fin asko hartuta iritsi dira herriko gaztetxoenak plazara. Batzuk gurasoen laguntzaz eta besteek bakarrik egin dute plazarako bidea, eta haurrentzako prestatu duten txirrindulari lasterketan hartu dute parte guztiek.

Adinka banatuta, hilerritik barrena buelta osatu behar izan dute txirrindulariek eta denborak hartzen aritu dira plazan antolatzaileak. Lehia gehiegirik gabe, festa izan da nagusi jaien hirugarren egunean. Eta badute oraindik zertaz gozatua. 17:00etan herri kirolak egingo dituzte herriko gazteek, herrian falta diren gazteen omenez, eta ondoren, sagardo dastaketa izango dute. 23:0etan, herri kirol saioaz gozatzeko aukera izango da eta horren ostean, Laiotz taldeak erromeria egingo du.

Egitaraua

  • Irailak 10, igandea.
    • 10:00. Meza.
    • 11:00. Haurren pilota partidak.
    • 11:00. Artisau azoka, plazan. Limoi arroxak (kosmetika naturala), Kimuri (Haori eta gyotaku), Balerdipeko (erlauntzatik ateratako produktuak), Felix Munduan (modako arropa), Sualma (egurrezko jostailuak), Hazi eta Hezi (eskuz egindako ehungintza-sorkuntza), Biak_Bat (bitxiak), Muri eta Paki (pintura abstraktua) eta Artesanias Bouchra (gozoki marokoarrak).
    • 17:15. Bertso saioa: Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Oihana Iguaran, Sebastian Lizaso, Nerea Ibarzabal eta Andoni Egaña. Gai jartzailea: Amaia Agirre.
    • Ondoren. Laja eta Narbaiza trikitilariak.
    • Bitartean. Eko Talo egongo da, taloak saltzen.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!