Alkizako festen bigarren egunean, XXX. Herriko Beteranoen Arteko Pilota Txapelketako finala jokatu dute frontoian. Aurrez, hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partida jokatu dute. Estua eta gogorra izan da, eta azken tantoan erabaki da irabazlea. Azkenean, Urtzi Sorarrainek eta Manex Arrietak 18-17 irabazi diete Jon Altunari eta Igor Aranzaberi.
Bestetik, finalean, 22-11 irabazi dute Jokin Saralegik eta Urko Aranzabek, Igor eta Mattin Gorostidi lehengusuen aurkako lehian. Partida hau ere bazirudien estua eta parekatua izango zela, lehen tantoetan berdintasuna izan baita markagailuan. Hala ere, bigarren zatian irabazleek gehiago asmatu dute eta galtzaileen hutsei esker markagailuan ihes egitea lortu dute. Gainera, Saralegi izendatu dute
Finaleko azken tantoak jokatzen ari zirela, herritar gehiago gerturatu da frontoira, eta horietako batzuek jada jantzita zeramaten mozorroa; era guztietakoak ikusteko aukera izan da. Behin pilota partidak amaitutakoan, playback emanaldien txanda izan da.
21:00etan hasita, barrikote afaria egingo dute, eta ondoren, bingoaren eta mozorroen sari banaketa ekitaldiaren txanda izango da. Arima diskofestarekin emango diote amaiera jaietako bigarren egunari.
Honakoa izango da astebururako egitaraua:
- Irailak 9, larunbata.
- 10:30. Haurren txirrindulari lasterketa.
- 17:00. Herri kirolak, herriko gazteen artean, herrian falta diren gazteen omenez.
- Ondoren. Sagardo dastaketa.
- 23:00. Herri kirol saioa, frontoian. Aizkolariak: Eneko Otaño, Mikel Larrañaga, Iker Vicente, Mugerza, Bihurri eta Basozabal. Harri jasotzaileak: Paulo Azpiazu eta Izeta.
- Ondoren. Laiotz taldea.
- Irailak 10, igandea.
- 10:00. Meza.
- 11:00. Haurren pilota partidak.
- 11:00. Artisau azoka, plazan. Limoi arroxak (kosmetika naturala), Kimuri (Haori eta gyotaku), Balerdipeko (erlauntzatik ateratako produktuak), Felix Munduan (modako arropa), Sualma (egurrezko jostailuak), Hazi eta Hezi (eskuz egindako ehungintza-sorkuntza), Biak_Bat (bitxiak), Muri eta Paki (pintura abstraktua) eta Artesanias Bouchra (gozoki marokoarrak).
- 17:15. Bertso saioa: Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Oihana Iguaran, Sebastian Lizaso, Nerea Ibarzabal eta Andoni Egaña. Gai jartzailea: Amaia Agirre.
- Ondoren. Laja eta Narbaiza trikitilariak.
- Bitartean. Eko Talo egongo da, taloak saltzen.