Alkizatik Tourra pasatu den unea

Ataria 2023ko uzt. 2a, 17:54

Gaurko etapan txirrindulariek igo behar izan dituzten bost mendateetatik hirugarrena Alkizakoa izan da.

2023ko Frantziako Tourraren bigarren etapa Gasteiztik irten da goizean eta ia 210 kilometro egin eta bost mendate igo ondoren, Donostian amaitu da. Egin dituzten hainbat kilometro gure eskualdean izan dira, Larraitzen sartu eta Adunan atera baita, tartean, Abaltzisketa, Amezketa, Alegia, Altzo, Txarama, Tolosa, Anoeta, Alkiza, Asteasu, Zizurkil eta Aduna igaroz. Bigarren etapa honetan, txirrindulariek bost mendate igo behar izan dituzte eta horietatik hirugarrena, Alkizakoa izan da; 3. mailakoa eta helmugatik 68 kilometrora zegoena.

Une historikoa errepide ondotik bizitzera jende asko gerturatu da eta horren adibide izan da Alkizako gaina. Goizean goiz herritar ugari joan dira oinez edo bizikletaz bertara, eta karabana eta txirrindulariak pasa baino lehen, herritarrek prestatutako festan ere asko izan dira parte hartu dutenak. Behin momentua gerturatuta, ordea, plazatik errepide bazterrera joateko hautua egin dute eta horrela, errepide bazterrak eta batez ere Alkizako gaina markatzen zuen arkua jendez bete dira.

Alkizako gainera bi txirrindulari iritsi dira batera, Boasson Hagen (TotalEnergies) eta Neilson Powless (Education First), Alkiza igoeran ihesalditik atzera geratu baita Remi Cavagna (Quick Step). Helmugarako 68 kilometro falta zirenean, bi minutu eskaseko tartea izan dute iheslariek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!