ELKARRIZKETA

«‘Naturaren Doinuak’ ohitura bilakatzea nahiko genuke»

Leyre Carrasco 2023ko mai. 31a, 16:00

Musika eta natura uztartzen dituen 'Naturaren Doinuak' festa izango da ekainaren 11n Alkizako plazan; egitarau zabala prestatu dute aurtengoan.

Pandemian literatur testu motzak idazten hasi zen Shrabani Aranzabe (1999, Alkiza). Horiek naturarekin lotura zutela ohartu, eta oholtzara eramatea erabaki zuen. Horrela sortu zen Naturaren Doinuak emanaldia. Orain proiektua handitzeko pausoa eman du alkizarrak, eta euskaldunon mahai inguruko eta bazkalosteko ohiturak txertatu dizkio ekainaren 11n izango den festari.

Nola eta noiz sortu zen 'Naturaren Doinuak'?

Pandemia garaian sortu zen lehenengo proiektu txikia, Ur Mara museoan izan zena. Oso proiektu hunkigarria izan zen, basoan ospatu genuelako. Musika eta literaturaren arteko zerbait egin genuen, naturarekin harremanetan. Izan ere, Naturaren Doinuak Euskal Herriko tradizioarekin eta kulturarekin oso lotuta dago, eta Euskal Herria natura ere bada. Aurten, ordea, pauso handiagoa ematea erabaki dugu eta euskaldunon mahai inguruko ohitura eta tradizioa naturarekin lotu ditugu.

Zer txertatu diozue aurtengo ediziori?

Mahai inguruan jana eta edana ez dira inoiz falta, eta gastronomia ere txertatu dugu aurtengoan. Euskaldunok bazkalostean kantuan aritzeko ohitura izaten dugunez, abesti horiekin emanaldi handi bat egingo dugu, musikari oso onekin. Oso pozik nago hori lortu izanagatik. Gainera, egun horretan T3T mendi lasterketa izango da, eta Alkiza lasterketako azken tontorra denez, lehen korrikalariekin batera hasiko dugu festa.

Alkizako Ur Mara museoko basoan ospatu zenuten iazko edizioa. Aurten ere bertan izango al da?

Aurten T3T lasterketa izango denez, herriko plazan egitea pentsatu dugu, modu ireki batean, ahalik eta jende gehien etorri dadin. Izan ere, Ur Mara museoko basoak edukiera mugatua du, normala den bezala, natura kontserbatu eta ondo zaintzeko.

Pandemia garaian sortu zela ekimena esan duzu.

Pandemian denbora asko izan genuen denok, eta ni literatura zati txikiak idazten hasi nintzen. Testu gehienak naturarekin lotuta zeudela konturatu nintzen, eta horrela sortu nuen Naturaren Doinuak. Gainera, ni Alkizan bizi naiz eta hemen naturaz inguratuta nago. Horrek ere nolabaiteko eragina izan zuela konturatu nintzen. Horregatik, kantu bakoitza naturaren inguruko testu batekin lotuta doa.

Aurtengo edizioari gastronomia txertatu diozuela aipatu duzu. Zer antolatu duzue?

Goizean goiz hasiko da festa dultzaineroekin, eta gastronomia postuen irekiera ere orduan izango da. Bertan, EkoTalo izango da, Julen Azelaien eskutik, eta garagardo artisauak ere izango dira; Donostiako La Viajera eta Tolosako Iparra Beer. Ekitaldi nagusia arratsaldean izango da, eta hor uztartuko dira musika, dantza edota literatura, artista ugariren parte hartzearekin. Ondoren txaranga doinuak ere izango dira. Arratsaldean, gainera, jatekoa ere izango da, Goya harategikoak etorriko baitira, eta duela gutxi Tolosan ospatu den Haragi festako hanburgesa antzekoak ekarriko dituzte. Beraz, egun osoko festa izango da.

Eskaintza zabala izango duzue, beraz.

Bai. Osagai guzti hauekin jendeak ondo pasatzea nahi dugu, askotariko gauzak egongo baitira. Ez da kontzertu sinple eta serio bat izango, etxeko giro eta mahai inguruko giro bat sortu nahi dugu. Horrela, zerbait hartu edo mokadutxo bat jaten zauden bitartean, musika lasai entzuteko aukera izango duzu.

Zergatik dela berezia antolatu duzue ekimena esango zenuke?

Beti esaten da emanaldi bat ezin dela musikaririk edo dantzaririk gabe egin, eta hori guztia kontuan hartu dugu diziplinarteko emanaldi bat antolatuz. Horrela, musikariez eta dantzariez gain, literatura ere izango dugu. Gainera, aipatzekoa da oso pertsona bereziek osatuko dutela aurten antolatu dugun emanaldia. Garrantzitsua da aipatzea, hau guztiarekin gizartearengana iritsi nahi dugula, eta horretarako, Izan Inurri elkartekoak ere izango ditugu. Minbizia duten pertsonek prozesuan bidelagun izaten duten elkartea da, eta gurekin abestera gonbidatu ditugu.

'Naturaren Doinuak' pixkana lekua hartzen doa. Datorren urtean ere ekimenari jarraipena emateko asmoa al duzue?

Bai, proiektu txiki batekin hasi zen, pandemian izan nuen ideia baten harira. Aurten, ordea, apustua handitu dugu eta ekimena ohitura bilakatzea nahiko genuke, Naturaren Doinuak urtez urte egun berean mantenduz. Pil-pilean urte asko daramatzan gaia da aldaketa klimatikoarena, eta horrekiko kontzientziazioa eragiteko aitzakia ere izango da festa; ohiturak, kulturak, baita naturak dituen aldaketen ondorioak.

Nola hartu dute herritarrek ekimena?

Pozik hartuko dutela pentsatzen dut, eta ongi etorriak izango dira denak. Gainera, herritarren artean ere kolaboratzaile eta laguntzaile batzuk daude. Denek oso goxo hartu gaituzte, eta benetan beraien jarrera eskertzekoa izan da.

Nori zuzendutako emanaldia dela esango zenuke?

Etorri nahi duen edonorentzat. Horrelako saltsak gustatzen zaizkien herritar guztiak izango dira ongietorriak.

'NATURAREN DOINUAK' EGITARAUA

Ekainak 11, igandea

  • 11:30. Festaren hasiera eta gastronomia postuen irekiera: Ekotalo eta garagardo artisauak.
  • Arratsaldean. Goyako hanburgesak ere izango dira.
  • 12:00. Jeronimo dultzaina taldea.
  • 17:30. Naturaren doinuak emanaldia. Musika: Aitor Furundarena, TAG, Iñaki Letamendia, Xabier Valverde, Oihana Fernandez de Larrinoa, Laida Dominguez... Dantzariak: Noa ekitaldiak (Olatz eta Nahikari). Literatura: Xabier Artola eta Maxux Aranzabe . Izan Inurri elkartea.
  • Jarraian. Laskotxaranga.
  • 20:00. Festaren amaiera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!