Seigarren ediziora iritsi da Sormenaren Kabia beka

Jon Miranda Labaien 2023ko mai. 24a, 11:59

Bekadun izan nahi duten sortzaileek ekainaren 30era arteko epea dute euren proposamena aurkezteko; bi proiektu sarituko dituzte aurten ere

Alkizako Udalak eta herriko eragileek Sormenaren Kabia bekaren seigarren edizioa aurkeztu dute. Aurtengoan ere, bi proiektu sarituko dituzte eta milana euroko diru saria jasotzeaz gain, sortzaileek hausnartu, ikertu eta sortzeko aukera izango dute hiru astez Alkizan. Euren proiektua garatu nahi duten artistek, ekainaren 30era arteko epea izango dute proposamena aurkezteko. Alkizako Udalaren eta Fagus Alkiza interpretazio zentroaren webguneetan dagoeneko ikusgai dira bekaren oinarriak.

Alkizako alkate Inaki Irazabalbeitiak «harrotasunarekin» aurkeztu du ekimena Fagus Alkiza interpretazio zentroan: «Alkizak baditu harrotzeko motiboak. Seigarren ediziora iritsi gara eta ez da gutxi. Gainera, ikusi dugu azkeneko urteotan Euskal Herriko beste hainbat tokitan ere antzeko ekimenak sortu direla. Aitzindaritzat dugu geure burua, bide irekitzailetzat».

Euskal Herriko eta mundu osoko sortzaileek dute aukera beka honetan izena emateko. Parte hartu nahi dutenek naturarekin eta landa eremuarekin lotutako lan artistiko bat garatu beharko dute Alkizako herri proiektuaren hiru ardatzak kontuan hartuta: natura, gizakia eta kultura. «Sormenaren Kabia gure herriaren proiektu kuttunenetako bat da. Gurera datozen artistek bertatik bertara ikusi dezakete zenbaterainokoa den gizakiok paisaiaren eraikuntzan eta bioaniztasunean izan dugun garrantzia», esan du Irazabalbeitiak. Landa eremua eta herri txikiak sorgune moduan erreferente izan daitezen lanean ari dira, beraz, Alkizan.

Sormenaren Kabia adinez nagusia den edozein artistarentzako irekita dago. Deialdian parte hartu dezakete eskultoreek, arotzek, harginek, margolariek, ilustratzaileek, baina baita idazleek, gidoilariek, clownek, aktoreek edota abeslariek ere. Maider Aldazabal, Alkizako kultur teknikariak azaldu duenez, «sortzea eta natura maite duen orok izango du izena emateko aukera».

HIRU EPAIMAHAIKIDE

Antolakuntzak urtero epaimahai bat osatzen du berariaz aurkeztutako proposamen guztien artetik bi aukeratzeko. Aurten, Koldobika Jauregi eskultorearekin batera, Ione Larrañaga ilustratzaileak eta Laia Varela bitxigileak osatuko dute. Bi artista hauek, laugarren eta bosgarren edizioetako bekadunak izan ziren. Jauregik artisten artean sortzen den harremanean jarri du arreta: «Egonaldia bukatu ondoren hemen geratzen dira denbora luzez, askok luzatu egiten dute egonaldia gustukoa dutelako ingurune hau; eroso sentitzen dira. Familia bat bezala gara eta sei urteotan hemendik pasa den jendea oraindik ere gerturatzen da gugana».

Varelaren adibidea jarri du eskultore alkizarrak. Aurrena, Ur marako egonaldietan parte hartu zuen, hurrena Sormenaren Kabiako bekaduna izan zen eta Alkizan bizitzen bukatu du orain. Aurten epaimahaikideetako bat izango da donostiarra.

Sormenaren Kabian parte hartzen duten sortzaileek, Jauregiren beraren eta Elena Cajaraville artista bitxigilearen aholkularitza jasotzeko aukera izango dute. Bide batez, Unai Sorarrrain bideogile alkizarrak beka eskuratu duen proiektu bakoitzaren gaineko ikus-entzunezko bat egingo du. Alkizako alkateak herritar hauen parte hartzea eskertu du eta ekimenak erakundeetatik jasotako babesa azpimarratu. «Gipuzkoako Foru Aldundiak beti sinetsi du proiektu honetan eta Sormenaren Kabirako bezala beste hainbat ekimenetarako ere laguntza eman izan digu».

Bekadunen izenak uztailean jakinaraziko ditu Alkizako Udalak eta ondoren egonaldia azaroa eta abendua bitartean egin beharko dute artistek. Abenduaren 22an aurkeztuko dituzte sormen lanak Fagus Alkiza interpretazio zentroan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!