Natura eta arteaz aritzeko astebeteko hiru egonaldi Ur maran

Tolosaldeko Ataria 2023ko mai. 3a, 07:57

Aste beteko egonaldietan parte hartzen dutenek, zientzia eta naturari lotutako prestakuntza artistikorako eta esperimentaziorako aukera dute

Udako egonaldi artistikoak aurkeztu ditu Ur mara museoak Sormenaren Kabia egitasmoaren barruan. Zientzia eta naturarekin lotutako egonaldiak dira, esperimentaziorako eta prestakuntza artistikorako bidea ematen dutenak. Artea, zientzia eta sormen prozesuak gustuko dituztenentzat pentsatuta daude eta astebeteko hiru egonaldi ezberdin proposatu dituzte: lehena uztailaren 10etik 16ra; bigarrena uztailaren 24tik 30era; eta hirugarrena abuztuaren 7tik 10era. Izen emateak ekainaren 15a baino lehen egin beharko dira Urmara.com webguneko formularioa beteta. Gehienez ere talde bakoitzean 12 pertsonak parte hartu ahal izango dute eta gutxienez 7 partaide beharko dira taldea osatzeko.

Koldobika Jauregi eta Elena Cajaravillek Alkizan duten tailerrean gauzatuko dira egonaldiak eta haiek gidatuko dituzte ikasleak. Asteko lehen egunean, parte hartzaileei saio teoriko-praktiko bat eskainiko diete hainbat arlotako adituk. Carmiña Dovale, Juan Kruz Igerabide, Nagore Legarreta, Eduardo Arreseigor, Oscar Alegria, Assumpció Vilaseca eta Juan Barberen bisita jasoko dute ikasleek, besteak beste. Eskolak tutoretzapean astelehenetik ostiralera eskainiko dituzte 09:00etatik 12:00etara eta gero bazkarietan bilduko dira parte hartzaileak. Hortik aurrera, ikasle bakoitzak nahi duen moduan antolatu ahal izango sormen lana.

Egonaldian parte hartzen dutenek lanerako material natural eta organikoa erabili ahal izango dute. Tailerrak baditu tresnak eskulturarako eta baita grabatuetarako. Beste material batzuekin ere lan egin ahal izango dute ikasleek, Ur marak 11 hektareako naturgune irekia baitu. Jauregi eta Cajaravillek euren hausnarketak eta egiteko moduak bateratuko dituzte ikasle bakoitzarekin, arte sorkuntzarako teknika ezberdinak partekatuz. Astebeteko egonaldiak larunbat eguerdietan amaituko dira ondorioak jasotzeko amaiera ekitaldi batekin.

IZEN EMATEAK ZABALIK

Ur mara egonaldietan parte hartu nahi dutenek ekainaren 15era arteko epea izango dute izena emateko Urmara.com webgunean. 275 euroko prezioa izango du matrikulak. Hala nahi duenak Alkizako barnetegian lotarako lekua izango du, gaueko 30 euro ordainduta. Lete turismo etxean apartamentua alokatzeko aukera ere eman dute antolatzaileek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!