ELKARRIZKETA

«Izarren itzalpean ibiltzen naiz gustura; argitik aparte, ahal dela»

Aitor Arroyo Askarai 2023ko api. 22a, 07:59
Martin Agirre ekoizlea, Alkizan. AITOR ARROYO

Txalo Produkzioak ekoiztetxeko ekoizlea da Martin Agirre. Ekainaren 2an Tolosako Leidor antzokira itzuliko dira 'Lehendakari gaia' antzezlanarekin.

«Kasualitatez», horrela iritsi omen zen Martin Agirre (Donostia, 1956) Txalo Produkzioak ekoiztetxeko ekoizle izatera. Anaia Ramonek deitu omen zion, ohiko txoferrak huts egin ziela eta lan hori berak egin ote zezakeen eskatuz. Txofer hasi, denetariko lanak egiten aritu, eta, gaur egun, ekoizlea eta zuzendari-laguntzailea da ekoiztetxeko hainbat obratan; ez hori bakarrik, antzezlanen batean ere igotzen da oholtza gainera. Sortzez donostiarra, gaur egun Alkizan bizi da eta bertan aritu da egindako ibilbideaz eta lanbidearen nondik norakoez; eta anekdotarik ere kontatu du.

Nola egiten duzue lan Txalo produkzioetan?

Arrakasta izan duten obrak hartzen ditugu, izan daitezke jatorriz gaztelerazkoak, eta batzuetan baita katalanak, frantsesak eta ingelesak ere. Sariak jaso izan dituzten obren eskubideak erosten ditugu, eta lehen muntaia, beti, euskaraz egiten ditugu. Azken hamar edo hamabost urteetan itzuli ere nik egiten ditut. Ordena honakoa da: Xabier Agirrek —Txaloko ekoizle nagusiak— eskubideak erosten ditu, eta gero hemengo produkzioa hasten da. Obraren egilearekin baldintzak adostu ondoren, aktoreak aukeratzen dira; horretan ni ez naiz sartzen, hori ekoizle nagusiaren lana da. Kontratuetan eta diru-kontuetan ere ez naiz sartzen, ez zait gustatu inoiz. Hortik aurrera, zuzendari bat izaten dugu, zeina, normalean, Begoña Bilbao Lejarzegi izaten den; zuzendari laguntzaile, berriz, ni ibiltzen naiz. Txofer hasi nintzen, baina denetik egiten dut [Barrez]. Behin aktoreak aukeratuta, entseguekin hasten gara. 30-35 entsegu egiten ditugu, Hernanin daukagun lokal batean.



Baina, lana ez da hor bukatzen, ezta?

Aipatutako horiez gain, eszenografo bat ere behar da, eta normalean Madrilgo batekin egiten dugu lan, Asier Sanchorekin. Gero teknikoen kontua ere badago: gureak diren tekniko pare bat ditugu, eta hori da etxeko taldea. Hori dena lotuta, obra banatzen hasten gara. Estreinaldia ia beti Donostiako Antzoki Zaharrean egiten dugu, eta gero hasten da Euskal Herrian zehar mugitzen. Alderdi komertziala lantzeko, berriz, arduradun bi dauzkagu. Bestalde, behin obra Txalotik ateratzen denean, barruko eta kanpoko bide horretan dagoen guztia koordinatzeaz ni arduratzen naiz. Teknikoen kontua koordinatzea ere nik egiten dut, demagun antzoki batera joaten direla, edozer gauza falta bada telefonoa martxan izan behar dut: bozgorailu bat falta bada, ordutegiak aldatzen badira, atrezzoan ezer ez dadila falta, armairu kontuak… Gauzak ondo joatea da nire egitekoa, edozertarako mutila izatea da ekoizle izatea.

 

«Gauzak ondo joatea da nire egitekoa, 'edozertarako mutila' izatea da ekoizle izatea»



Lan teknikoez gain, antzezlanetan ere izaten duzu zer esan.

Besteak beste, itzulpena egitea da nire lana. Ondoren lehen irakurketa bat egiten dugu eta horretarako elkartzen gara zuzendaria, aktoreak eta ni; eta jarraian entseguen egutegia adosten dugu, Txaloren lokalean. Biltegi bat ere badugu altzari zaharrekin eta, eszenografia irudikatzen dugu entseguetarako. Behin benetako eszenografia jasotzen dugunean, Saroben [Urnietako arte eszenikoen zentroa] muntatzen dugu; ez beti, baina gehienetan bai. Hor entsegu batzuk egiten ditugu eta, trukean, aurre-estreinaldia egiten dugu. Hori entsegu orokor moduko bat izaten da, baina, publiko aurrean. Pixka bat ikusteko ea funtzionatzen duen ala ez, publikoaren erreakzioak oso beharrezkoak dira. Hirugarren begiratua deitzen zaiona.

Nolakoa da aktoreekin lan egitea?

Beste arlo bat da aktoreena. Nire kasuan haiekin ere egin behar dut koordinazioa, adibidez, ordutegiak pasatzea; gero ez beti, baina askotan nirekin joaten dira emanaldien tokira ere. Ekoizpeneko lanik garrantzizkoena lantaldean giro ona sortzea da, eta horretan uste dut badudala nahikoa eskarmentu.

«Lanik garrantzizkoena lantaldean giro ona sortzea da»


Egia esan, nik zortea izan dut; ez zait pertsona ezatseginik tokatu. Baina, beti, jabetu behar zara funtzioa hasi baino hamar edo hamabost minutu lehenago, kamerinoa haien espazioa dela. Atea jo badaezpada ere, eta ez molestatu. Beraien munduan sartzen dira eta… Bueno, bakoitzak bere estiloa du. Batzuk 30 urtetan antzerkian arituta ere, saioaren aurretik urduri jartzen jarraitzen dute. Beste batzuk, berriz, bi minutu lehenago zurekin daude zigarro bat erretzen, eta antzezlanarekin zerikusirik ez duen zerbaiti buruz hitz egiten.

Nola iritsi zara ekoiztetxe bateko ekoizle izatera?

Nola iritsi nintzen? Ba kasualitatez. Kazetaritza munduan ibilitakoa naiz, gero lanik gabe ere egon nintzen, eta azkenean anaiaren bitartez. Orain dela hogei urte edo Artea funtzioarekin ari ziren bira egiten anaia Ramon [Agirre], Joseba Apaolaza eta Asier Hormaza. Ez dakit normalean ibiltzen zuten txoferrak huts egin zien edo zer, baina niri deitu zidaten eta hortxe hasi nintzen; eta hortik etorri da botere igoera [Barrez]. Hori egin ondoren, kamioia kargatzen eta deskargatzen aritu nintzen, hortik zuzendari laguntzaile ere hasi nintzen… Eta azkenean, ekoizle izatera iritsi arte.

Anekdotak ere izango dituzu. Baten bat kontatzerik bai?

Anekdotak mila daude… Gogoan dut bat Baginaren bakarrizketak antzezlanean, Ainhoa Garairekin eta Aitziber Garmendiarekin. Gasteizera joan ginen Emakumearen Egunaren harira, eta funtzio bikoitza genuen: goizean eta arratsaldean. Hara joan eta iritsitakoan konturatu ginen funtziorako arropa ahaztu zitzaidala. Lehen pasea kaleko arroparekin egin zuten. Baina bigarrenerako, kotxea hartu nuen, Gasteiztik Donostiara joan, arropa hartu eta itzuli nintzen. Arratsaldean zegokien arroparekin egin zuten. Behin pasa zait hori, baina, ondo ikasi nuen. Ordutik ez zait berriro gertatu.



Atzeko lana egiten du, beraz, ekoizleak. Noizbait sentitu al duzu oholtza gainera irteteko gogorik?

Ni izarren itzalpean ibiltzen naiz gustura; argitik aparte, ahal dela. Gero, egia da, eskertzen dela txaloak jasotzea; ez nukeen esango baina… Orain [Itziar] Ituñorekin eta Ramonekin [Agirre] Hobe isilik obran ateratzen naiz, txorakeria bat esaten dut eta jendeak barre egiten du. Neure buruari esaten diot: «Hi Martin, jendeak txalo egiten dik gainera!». Baina, bakoitzak bere lekua zein den jakitea komeni da.

Hortaz, fokuen atzean eta aurrean ere ibili zara. Egitekorik geratzen al zaizu?

Mila lekutan ibili naiz lanean: txofer hasi, bira kudeatzaile, zamaketari, zuzendari laguntzaile, itzultzaile… Orain lehen aipatutako obra horretan ere ateratzen naiz esaldi pare bat botatzera. Kristoren lotsarekin; hiru egun pasa nituen lorik egin gabe. Pentsatzen nuen: nire adinarekin zertarako sartzen ote naizen kontu hauetan. Erregistro guztiak ukitzeko falta zaidan gauza bakarra da Iker Galartzaren Gure Zirkuan zerbait egitea, trapezioan edo malabarismoren bat [Barrez].

Ekoizle izatetik zer da gutxien gustatzen zaizuna? Eta gehien?

Gutxien, azken bolada honetan, gauez bidaiatzea; zahartzen ari naiz. Lehen parranda egiteko ere arazorik ez genuen izaten. Aktoreak motoak bezala ateratzen dira bukatzen dutenean, adrenalinaz lepo, eta gustatzen zaie deskonexioa egitea edo, zerbeza bat hartzea, lasaitzea…

Eta gehien gustatzen zaidana, berriz, lana euskaraz egitea; euskal giroan mugitzen garela, eta hori sustatzen dugula. Baita ere, noski, jende oso interesgarriarekin harremanak sortzen direla. Adimen handiko pertsonak dira aktoreak, eta haiekin asko ikasi dut; euskara lantzeko ere balio izan dit. Gainera, ondo ateratzen denean kristoren poza hartzen duzu, zu ere horren parte izan zarelako. Eta, gainera, txalo egiten badu jendeak ba… Hazi egiten zara, harrotu [Barrez].

 

«Adimen handiko pertsonak dira aktoreak, eta haiekin asko ikasi dut; euskara lantzeko ere balio izan dit»



Antzezlan batetik bestera aldatzen al da lan egiteko modua?

Lan egiteko modua, estrukturak-eta antzekoak dira. Gehienbat komedia egiten dugu guk. Lehen esan bezala, lehenengo eskubideak lortu behar dira, euskaraz egiteko ere bai, egon izan baita haren lana euskaraz egitea nahi ez zuenik ere. Horren ondoren aktoreak lotu, eta ekipoa normalean mantendu egiten dugu: zuzendaria, ni tartean, teknikoak etxekoak dira, eta eszenografoa. Testua aldatzen da, noski, baina gainerakoan ez da asko aldatzen.

Zenbat denboraz mantentzen dituzue antzezlanak?

Arrakastaren arabera. Tarteka solteak badaude, zeinak arrakasta iraunkorra-eta izaten duten. Normalean urtero estreinaldi pare bat egiten ditugu, eta gero obra bakoitzak ematen duena.

Nola aldatu da antzerkiaren egoera pandemiatik hona?

Pandemia garaian, antzokiak itxita egon ziren erabat. Bueltan, lehen funtzioa egin genuenean jendea maskararekin, distantziarekin, hirunaka eserita… Estralurtarra izan zen erabat. Antzoki Zaharra guk ireki genuen berriro Gu primer antzezlanarekin. Ilargi itxurako antzeztokian «gu primer» izan ginen. Oso arraroa izan zen.

Baina antzerki formatua jendearen gustukoa da. Gorabeherak izan dira, eta arrankatzea kostatu zitzaigun, baina, jendeak gogoa ere bazuen eta mantendu egin da. Denok gehiago nahiko genuke baina… Hala ere, antzerkiak badu jarraitzaile finko bat. Eta gero asmatzea da kontua, bai gidoiarekin, bai aktoreekin eta abar.

Aurrera begira, zer daukazue esku artean?

Gure konpainian astebururo izan ohi da funtzio bat edo beste Euskal Herriko antzokiren batean. Inguruotan, ekainaren 2an Tolosara itzuliko gara Lehendakari gaia antzezlanarekin. Euskaraz zein erdaraz obra honekin bertan izanak gaude eta oso harrera ona izan zuen; lepo bete zen Leidor, 800 eserlekuko aretoa beteta. Bada zerbait!

«Gure konpainian astebururo izan ohi da funtzio bat edo beste Euskal Herriko antzokiren batean»



Eta emango diogu segida: laster ekoizpen berri bati ekingo diogu. Komedia bat izango da baita ere, Galduta izena izango du, eta Ramon Madaulak idatzi du Lehendakari gaia ere berak idatzitakoa da-. Iker Galartzak eta Zuhaitz Gurrutxagak egingo dute obra, eta dena ondo bidean, datorren urtarrilean estreinatuko dugu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!