Alkizarraren eta alkizarren festa, Beotibarren

Ataria 2023ko apirilaren 10a

Gorka Ugartemendiak gaur arratsaldean debutatu du Baiko enpresarekin. 20 urteko atzelariak 22-17 irabazi du profesionaletako lehen partida, Laso aurrean zuela, Peña II-Iztuetaren aurka.

Lehen tanto bikain baten ondoren, hiru kale egin ditu Gorka Ugartemendiak jarraian. Hala eta guztiz ere ez da kikildu, eta ondoren etorri dira debuteko tantorik politenak. Pilota ezker-eskuin indartsu astintzeko gai dela erakutsi du alkizarrak. 1,91 metro altuerarekin, kantxan aurrera eta atzera dotore ibili da, betiere Unai Lasoren laguntza izugarria kontuan hartuta.

Beotibarren elkartu diren zaletuek gogotik gozatu dute Ugartemendiaren lehen partidarekin. Alkizatik jende ugari joan da Tolosara, instrumentu eta guzti. Harmailetan etengabeko babesa izan du, beraz, Gorka Ugartemendiak lehen partida honetan.

Gorka Ugartemendiaren hitzak debuteko partida ondoren:

  • «Hasieran urduri sentitu naiz, hanketatik pixka bat makal. Unaik pilota asko kendu dizkit, eta gero, berotu naizenen, hanketatik ere oso ondo sentitu naiz. Azkenean irabazi egin dugu eta gustura».
  • «Debutaren aurretik buruari buelta asko eman dizkiot. Orain behin jokatu dudala, gozatzea tokatzen da».
  • «Eskuinarekin kosta egin zait, batez ere aurreko koadroetan. Ez naiz oso seguru sentitu. Atzetik ondo, eskuinarekin eta ezkerrarekin oso gustura ibili naiz. Orokorrean ondo esango nuke».
  • «Bai herritarrak eta bai lagunak ilusio handiarekin zeuden. Soinu faltarik ez da izan pilotalekuan, eta pankarta ere dotorea egon dute. Eskertzekoa».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!