Txikitatik duen ametsa beteko du Gorka Ugartemendiak

Imanol Garcia Landa 2023ko api. 5a, 16:00

Pilotari alkizarrak debuta egingo du datorren astelehenean, Tolosako Beotibar pilotalekuan. Laso izango du aurrelari, eta Peña II.a eta Iztueta aurkari.

Gorka Ugartemendia pilotari alkizarrak profesional mailan debuta egingo du Baiko Pilota enpresarekin datorren astelehenean, apirilak 10, Tolosako Beotibar pilotalekuan. 17:00etan hasiko da jaialdia eta bere debuteko partida lehenengoa izango da. Laso izango du aurrelari eta aurkari bi tolosar: Peña II.a eta Iztueta. «Txikitatik izan dudan ametsa da profesionaletan lehiatzea. Azken urteetan entrenamendu eta lan handia egin dugu, eta orain disfrutatzea tokatzen da», esan du atzelari alkizarrak.

Jaialdiaren bigarren partidan Buruz Buruko Txapelketaren partida bat izango da jokoan, final-zortzirenetako kanporaketa, eta hirugarren partidan promozio mailako atariko partida bat, Exposito eta Eskuzaren artean.

Hogei urte bete berritan hasiko du profesionaletan bere ibilbidea alkizarrak. Zizurkilgo Ziotza elkartean hasi zen pilotan eta gero Tolosa Aurrera klubean egon da azken bost bat urteetan. «Debutatuko nuela esan zidatenetik askotan egin dut amets egunarekin, eta iristeko gogoz nago», esan du. «Oraindik urduritasunak ez dira hasi, baina ea egunean bertan zer gertatzen den». Partida «polita» jarri diotela dio: «Peñak eta Iztuetak etxean jokatzen dute, baina badakit Lasok lagunduko didala. Ea nik ere zertan lagundu dezakedan, baina partida gogorra izango da, azkenaldian Martxel [Iztueta] oso ondo dabil eta».

Orain dela bi urte sinatu zuen aurrekontratua Baikorekin, baina horrek ez du ziurtatzen profesionaletara salto egitea. «Beraiekin entrenatzen duzu eta jarraipena egiten dizute, baina zuk ez baduzu zure maila ematen, ez dizute aukera emango», esan du Ugartemendiak. Aukera izango zuela pentsatu zuen alkizarrak. «Maila ona ematen ari nintzen, eta Uriondok utzi egingo zuela zabaltzen hasi zenean, beste norbait profesionaletara pasatuko zutela pentsatu nuen», esan du Ugartemendiak.

Iztuetak orain gutxi egin du debuta profesionaletan eta elkarren artean hitz egin dute, Ugartemendiak azaldu duenez: «Esan dit hasieran kostatu zitzaiola eta salto handia dagoela. Partidak gogorragoak direla ere azaldu dit, eta eskuetan hori nabaritzen dela. prestatzen joateko aholkatu dit». Debutaren ondorengo egutegirik ez du alkizarrak. «Partidak jokatzen joango naiz, eta ahal dudan gehien hobetzen».

«ESKUINAREKIN KOLPEA»

Pilotari bezala bere burua definitzerakoan, besteengandik entzuten duena esan du Ugartemendiak: «Eskuinarekin kolpea dudala diote, eta uste dut kantxa ondo kubritzen dudala». Zertan hobetu dezakeen ere garbi du: «Partida gogortzen doanean, tarteka huts batzuk ere egiten ditut, eta gehiago eutsi nahiko nioke. Ezkerra ere pixka bat hobetu nahiko nuke». Erreferente moduan Albisu izan du: «Txikitatik gustatu izan zait. Kantxa nola kubritzen duen asko begiratu izan dut».

Debuta jokatu aurretik, afizionatu mailan azken partida gaur izango du, Zumarragako Goñi Oroimenezkoa txapelketaren finala, hain justu. 18:30ean hasiko da jaialdia eta alkizarrak hirugarren partida jokatuko du. Murua arrasatearra izango du aurrelari eta aurkari Elola bidaniarra eta Lizeaga astigartarra. «Partida zaila izango dugu, Lizeaga azkenaldian oso maila ona ematen ari da eta», esan du Ugartemendiak. «Eta Elolarekin beti kontuz ibili behar da, eguna baldin badu edonor irabazteko gai da. Ea partida ona egiten dugun eta konfiantzarekin iristen garen astelehenera».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!