Inaki Irazabalbeitia izango da Alkizako Abertzale Ezkertiarrak zerrendako buru

Ataria 2023ko apirilaren 3a

Maiatzaren 28ko udal hauteskundeetan Alkizako Abertzale Ezkertiarrak hautagaitzak aurkeztuko duen zerrenda eman dute ezagutzera.

Maiatzaren 28ko udal hauteskundeetan aurkeztuko den Alkizako Abertzale Ezkertiarrak zerrendaren aurkezpena egin dute Alkizan. Egungo alkatea, Inaki Irazabalbeitia, izango da zerrendaburua. Gainerako hautagaiak hauek dira: Ana Agesta, Jose Mari Aranzabe, Nagore Arizeta, Koldobika Jauregi, Gillermo Otegi eta Unai Sorarrain. Ordezko gisa Shrabani Aranzabe, Ainhoa Jauregi eta Ina Soria egongo dira. 

Aurkezpenean azaldu dutenez, hurrengo lau urteetarako lan ildo nagusia legealdi honetan abian jarri diren proiektuak amaitzea izango da, bereziki plan orokorra eta Erretore-etxearen proiektua. Bestalde, esparru hauetan ere egingo da lan: herritarrei ematen zaizkien zerbitzuak indartzean, Fagus-Alkiza proiektuan eta eskualde mailako egituren zuzendaritza organoetan parte hartzea.

Halaber, Inaki Irazabalbeitiak esplikatu duenez Alkizak dituen asmoak aurrera eramateko beharrezkoa da Gipuzkoako Foru Aldunditik foro funtsaren bidez Alkizak jasotzen dituen baliabide ekonomikoak emendatzea eta aintzat hartzea landa herri txikien egoera. "Giza baliabide askirik gabe ezin diegu herritarrei zerbitzu egokia eman eta proiektuak tramitatzea eta egikaritzea gehiegi luzatzen da. Orain duela 3 edo 4 hamarkada genituen giza baliabide berdinak dauzkagu, betebehar askoz ere gehiagori erantzuna emateko. Baliabideak behar ditugu. Bada garaia foru funtsaren banaketa-irizpideen meloia irekitzekoa".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!